NAIZ

LAB: «Osakidetzaren kontratazio proposamena atzerakada larria da euskararentzat»

Egiturazkoak ez diren behin-behineko kontratu «gehienetan», Osakidetzak egin duen kontratazio akordioaren proposamen berriak ez du euskararen ezagutza eskatzen, LABek jakinarazi duenez. «Aurreratutakoari bizkarra eman eta euskara ahanztera kondenatuko luke».

Donostiako Ospitalean egindako aurreko protesta baten irudia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Donostiako Ospitalean egindako aurreko protesta baten irudia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Osakidetzako zuzendaritzak Osasuneko Mahai Sektorialean dauden sindikatuei helarazi dien kontratazio akordioaren zirriborroa «erakunde publikoan euskararen erabileraren normalizazioan atzera pauso larria» izanen litzatekeela uste du LAB sindikatuak.

Egiturazkoak ez diren behinbehineko kontratu «gehienetan», proposamenak ez du euskararen ezagutza eskatzen, sindikatuak jakinarazi duenez. Ezagutza hori «1. lehentasuneko lanpostuetarako kontratuetan baino ez litzateke eskatuko», hau da, pediatrian eta informazio guneekin lotutako lanpostu batzuetan soilik, edo herritarren %70a baino gehiago euskalduna den herrietan.

Sindikatuak eskainitako datuen arabera, era honetako 60.000 kontratu inguru egiten ditu urtero Osakidetzak. «Erraz uler daiteke horrek Osakidetzan euskararen normalizazioari eragiten dion kalte larria, Osakidetza arreta euskaraz ez emateagatik kexa gehien jasotzen dituen euskal zerbitzu publikoetako bat izanik».

Osakidetzak hainbat urtez erabili izan ditu aldi baterako kontratu horiek egiturazko beharrak estaltzeko, euskararen ezagutzarik eskatu gabe, baita euskara-eskakizuna esleituta zuten lanpostuetan ere.

LABek Osakidetzaren jarrera «ez duela ulertzen» adierazi du. Izan ere, azken urteetan, euskararen ezagutza eskatzea lortzeko hainbat aurrera pauso emanak zituzten. «Aurreratutakoari bizkarra eman eta euskara ahanztera kondenatuko lukeen kontratazio kordio berri bat planteatzen dute».

Lakuari eta Osakidetzako zuzendaritzari euskal hizkuntzaren inguruan «diskurtso bikoitza» izatea leporatu diete. «Irudi kanpainak eta hitz onak, baina praktikan, mespretxua eta ahanztura euskararentzat». Eta azken proposamen honek «herritarren, Arartekoaren eta Eusko Legebiltzarraren eskariei bizkarra» ematen diela gaineratu du.

Honen aurrean, «astakeria honetan» atzera egin dezatela eta kontratazio akordio berria balia dezatela eskatu diete Lakua eta Osakidetzari, «euskararen erabileraren normalizazioan aurrera egiteko, euskal jendarteak eskatzen duen moduan».