Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Europar funtsen proiektuak Madrilen elkarrekin defendatzea proposatu dio EH Bilduk EAJri

Europako funtsak lantzeko Lakuak proposatutako Next Euskadi programa eta EH Bilduk aurkeztutakoak «kointzidentzia asko eta nabarmenak» ditu koalizioaren iritziz. Hortik hasita, eskaintza politiko bat egin die Gasteizko Legebiltzarreko alderdi guztiei: Madrilera adostutako proposamenarekin joatea.

Maddalen Iriarte eta Mikel Otero, aurreko irudi batean. (Juanan RUIZ/FOKU)
Maddalen Iriarte eta Mikel Otero, aurreko irudi batean. (Juanan RUIZ/FOKU)

EH Bilduk Europako funtsen inguruko dokumentu berri bat aurkeztu du. Maddalen Iriartek eta Mikel Oterok aurkeztu dute eta, azaldu dutenez, Gasteizko Legebiltzarreko indar politikoen artean «oinarrizko adostasun bat» bilatzea du jomuga. Izan ere, «herri honen etorkizuna markatuko duen gaia» da hau.

Oterok nabarmendu duenez, funts hauek «une estrategiko batean» iritsi dira eta «etorkizuneko erronkei begira aldaketa sakonak» beharrezkoak dira. Gogora ekarri du koalizioak abenduan egin zuen proposamena, baina Lakua «entzungor» aritu dela gaitzetsi du, «soilik bere buruarekin eta eragile ekonomiko gutxi eta oso zehtaz batzuekin» lan eginez.

EH Bilduren ustetan, Iñigo Urkulluk aurkeztutako Next Euskadi programak «gabezia nabarmenak» ditu, baina «kointzindetzia asko» era badirela gehitu dute. «Madrilen aurkeztutakoa hobetzeko garaiz gaude», adierazi du Oterok.

Hiru helburu zerrendatu ditu legebiltzarkideak: sektore publikoak jokatu beharreko «funtsezko papera»; erresilientzia ekonomikoa, transizio digitala eta ekologikoa bultzatze; eta Euskadi Next-en azterketa kritikoa egin haien dokumentuarekin alderatu eta sintesi proposamen bat egitea. «Zerrenda horrek elkarlanean aritzea ahalbidetzen du».

Zehatzago, Lakuak egindako zortzi ardatzetako sailkapena ontzat emanda, 16 helburu estrategiko ezarri ditu EH Bilduk eta 38 proiektu bereizi, albisteari atxikita doan dokumentuan azaltzen direnak.

Alderdien konpromisoa

«Beharrezkoa da herri ikuspuntutik lantzea Europako funtsak», gehitu du Iriartek. «Posiblea da gure proposamenaren eta Lakuarenaren artean kointzidentzia elementu ugari daudela ikusita». Honela, «gehiengo politiko handi bat» osatzea eskatu du. Izan ere, ez da «proiektu koiunturala» eta hurrengo hamarkadetarako «oinarrizkoa» dela iritzi du.

Iriartek gogora ekarri du EAJ eta EH Bildu «erabakigarriak» direla Madrilgo Kongresuan. «Egoera hori baliatu egin behar dugu, aldez aurretik gure artean adostu ditugun proeiktuak batera defendatuz. Euskal Herriann bizi eta lan egiten duten herritarrak izango lirateke onuradunak».

Eta horretarako «oinarrizko adostasun bat» eskatu die Legebiltzarreko alderdiei eta gaia Lakua eta espainiar Gobernuaren arteko negoziazioetan «lehentasunezkoa» izatea. Hurrengo astean bilera batera deitu ditu Urkullu lehendakariak eta bertan helaraziko dio proposamen Iriartek.