Andoni URBISTONDO
Elkarrizketa
Xabier Añua
Abokatua eta saskibaloi entrenatzailea izandakoa

«Lau hizkuntza dakizkit, euskara ez; euskara jakiteagatik aldatuko nituzke beste laurak»

86 urte betetzetik gertu, egunak motz geratzen zaizkio Xabier Añuari; ikur bilakatu da Twitter sare sozialean, bere iraganeko istorioak kontatuz.

Jaizki FONTANEDA | FOKU
Jaizki FONTANEDA | FOKU

Entziklopedia batek adina oroitzapen ditu Xabier Añua abokatu eta saskibaloi entrenatzaile izandakoak (Gasteiz, 85 urte). Interakzio franko sortzen dituzten pasadizo harrigarriak kontatzen ditu Twitterren, dela jazza, dela saskibaloia, bere bidaiak edo eguneroko kontuak. Solasaldi honetan Martin Luther King, Dizzy Gillespie, Xabier Lete, Gorka Knorr, Jose Angel Iribar, Telesforo Monzon, Xanti Brouard, Jose Luis Elkoro, Pablo Laso, Josean Gaska eta beste izan ditu hizpide, bi ordu pasako elkarrizketan. Hiru infartu eta aneurisma bat jasan ditu, eta bizikletan eta sare sozialean bilatu du aktibo irauteko botika, gorputzari eta buruari lan pixka bat emateko.

Nor da Xabier Añua?

85 urteko aitona gasteiztar bat. Zuzenbidea ikasi nuen gaztetan, abokatu izan naiz urte askotan, eta saskibaloi entrenatzaile ere bai. Aspaldi erretiratu nintzen, eta egunerokoaz gozatzen saiatzen naiz. Hiru bihotzeko jasan ditut, aneurisma bat ere bai, baina zortea izan dut, Osakidetzako mediku eta langileek arreta bikaina eman didatelako. Sekulako osasungintza daukagu, ezagutu dudan onenetakoa. Frantziakoa ezagutzen dut, adibidez, eta gurea hobea da.

Zaindu egiten zara, asko.

Medikuak aginduta. Oso gizen egon izan naiz, 100 edo 105 kilo, eta orain 75 bat kilotan nago. Sano elikatzen naiz, barazki asko, eta betekada handirik egin gabe. Euskal Herrian oso zaleak gara, babarrunak sakramentu guztiekin jatera. Nik babarrunak brokoliarekin jaten ditut aspaldi, orekatzeko.

Eta gero, kirola. Diziplina zalea naiz, akaso entrenatzaile jardunak emandakoa, eta egunero egiten dut zerbait, egin behar dut zerbait. Badut halako erloju bat, zer egin behar dudan dakiena, eta egiten ez badut, abisatu egiten didana. Bizikleta dut oso gustuko. Eguraldi txarra dagoenean estatikoan aritzen naiz, eta eguraldia ona bada, Maeztu aldera joaten naiz autoan, eta han Antoñana, Kanpezu aldera, Nafarroako mugara arte, orain. 25 bat kilometro, ahal badut. Ez daukat bizikleta elektrikorik, jarri hori (barrez). Lapuebla de Labarca-ra ere joaten naiz sarri, Arabako Errioxara, eta handik Eltziegora, bizikletan. Eremu erdaldun hartan gazteak euskaraz entzuteak poz handia ematen didalako joaten naiz. Denek hitz egiten dute, gainera, baita alderdi abertzaletakoak ez diren herritarren seme-alabek ere.

Ez zara euskaraduna, baina ez duzu ezkutatzen. Garbi erakusten duzu beti hori dela ziurrenik zure bizitzako handicap nagusia.

Hala sentitzen baitut. Gure garaian ‘Cara al Sol’ ezaguna kantatzen genuen eskolan, eta euskaraz mintzatzen zen orok, zekienak egur galanta jasotzen zuen. Gaztelaniaz hitz egiteko komeriak zituzten ikaskide asko izan nituen, euskaraz bizi zirelako baserrian. Horiei azentua sobera nabaritzen zitzaien, eta erdaraz eginda ere, egurra jasotzen zuten. Jose Luis Elkoro bergararrarekin oroitzen naiz, ikaskide izan nuen gazte garaian, eta hiru hamarkada geroago politikak gure bideak elkartu zituen.

Gaztelania, frantsesa, katalana eta ingelesa erabil ditzaket arazorik gabe. Frantsesa Batxilergoko hiru urteetako udak Pauen eman nituelako (Bearno), ingelesa saskibaloi entrenatzailea izan naizelako, eta katalana lau urte Katalunian eman nituelako entrenatzaile jardunean. Baina ez daukat hizkuntzak ikasteko gaitasun berezirik. Urte asko eman ditut Gasteiztik urrun, eta hemen bizi izan naizenetan ere egunean 12 ordu aritzen nintzen abokatu jardunean. Lana bukatu eta borondaterik ez, sobera, euskara ikasteko. Saiatu naiz sarri, baina ezin, eta horren damu naiz. Dakizkidan beste hizkuntzak ez jakitea aldatuko nuke, euskara jakiteagatik.

Euskara gabe, baina euskaldun giroan ibili izan zara sarri.

Bai, asko. Pasa den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan kantaldiz kantaldi ibili nintzen Gorka Knorr, Benito Lertxundi, Mikel Laboa edo Xabier Leterekin. Knorri nortasun agiria eta pasaportea kendu zizkioten, eta txofer lanak egiten nituen haientzat, hemendik hara, eta handik hona. Haiek euskaraz abesten zuten. Nirekin hitz egiteko erdaraz aritzen ziren, zoritxarrez.

Pasadizoren bat izango duzu, garai hartakoa.

Xabier Leterekin oroitzen naiz, batez ere. Nola esan, oso umore berezikoa zen, grazia handia zeukan. Kontzertuetan-eta biltzen ziren sosak banatzeko ardura berea zen. Dirua banatzen zuen judu bankaria zirudien, eta han aritzen zen, bildutako txanpon apurrak partekatzen, taldearen erregai gastuak ordaindu eta ogitarteko batzuk erosteko.

Politikoki ere agerikoa izan da gaztetatik zein zen zure pentsamendua.

Bai. Herri Batasuna zenaren lehen Mahai Nazionaleko kidea izan nintzen, 80ko hamarkada hasieran, baina bertan jende ezagun asko zegoen. Jose Angel Iribar atezain ezaguna, Telesforo Monzon, Ortzi Letamendia, Jon Idigoras… Mundua aldatu egiten da, alderdi politikoak eta jendea ere bai, baina lagunak izan nituen garai hartan, eta harro nago hala izan zelako, hori ezin da aldatu.

Familia abertzaleko semea zara.

Bai, nire gurasoak EAJkoak ziren, oso abertzaleak. Nire aitak Gasteizko lehen Txistulari Banda sortu zuen, 1932an, pentsa. Semeak abertzaleak izatea normala, ezta?

Zuzenbidea ikasi, abokatu jarduna, baina kirolaren tentazioa beti gertu.

Kirolari kaskarra nintzen. Gogoan dut gaztetan Alaves etorri zitzaigula euren taldera batu gintezela eskatuz, baina amak ez zidan utzi. ‘Zu ikastera!’, bota zidan, eta joan egin behar. Halako batean, baina, ikasten genuen tokian saski bat jarri zuten. Ideia bat egiteko, saski hartan baloia sartzea ezinezkoa zen, eta bi orduko partidak lau eta bi, edo antzeko emaitzekin bukatzen ziren. Baina ni zaletu egin nintzen. Club Natacion eta Vitoria taldeetan hasi nintzen. Garaiko mutikoak bezala, ni ere potokoa eta txikia nintzen, eta azkar onartu nuen ez nuela luze iraungo jokalari moduan.

Baina ez zenuen baloi laranja alboratu.

Ez, ez. Entrenatzea gustuko nuen, eta ikasten hasi nintzen. AEBetako entrenatzaile bat ekarri nuen Euskal Herrira, Spalding izenekoa, egungo baloiak bezalakoa. Garai bertsuan, prozesu bera eman zen Gipuzkoan Josean Gaskarekin. Lagun minak ginen, eta harekin eztabaida handiak izan nituen. Ez pentsa joko sistemei buruz aritzen ginenik, baloia egoki nola pasa behar zen aztertzen genuen. Gaska mito bat izan zen, iraultzaile bat, egungo ACBko sortzaileetako bat, bere garairako aurreratua oso. Ramon Trecet zen Donostiako taldearen delegatua, urtetan Espainiako Telebistako aurkezle izandakoa. Subijana sukaldaria ere handik zebilela esango nuke. Solasaldi luzeak izaten ziren gureak. Eta gero, partidetan, lagunak izanda ere, a ze egurra…

Noiz hasi zinen entrenatzaile jardunean?

Ba 26 urte izango nituen. Ordurako urte batzuk baneramatzan abokatu jardunean. Natacion Vitoria eta Club Deportivo Vitoria izan ziren nire lehen taldeak. 1963an Espainiako Junior mailako selekzioko entrenatzaile laguntzailea izan nintzen, Pepe Lasok eskatuta. Selekzio hartan Aito Garcia Reneses zegoen, egun Alba Berlineko entrenatzailea dena. Musu truk aritzen nintzen, noski.

Gero KAS taldea etorri zen, Luis Knorr buru zela. Bigarren mailan zegoen, baina taldea oso ona zen ordurako. 1966a edo 1967a zen. Bi estatubatuar fitxatu nituen, Williams eta Johnny Mathis. 200 dolar ordaintzen genizkien hileko, pentsa. Orduan 5.000 pezetako soldata jasotzen hasi nintzen, baina huskeria zen. Lehen Mailan aritu ginen lehen urtean laugarren sailkatu ginen, eta Kopako txapeldunorde izan. Real Madrili finala irabazi genion ia-ia, finala, eta hori, orduan, Franco agintean zela, pentsaezina zen.

Eta orduan KAS eta Baskoniaren anekdota ezaguna etorri zen.

Bai. Dalmacio Langarika zen KASeko zuzendaria orduan, eta nik baino lan hobea egin zezakeen entrenatzaile bat zegoela saldu zioten, Bilbo aldean. Ni kargutik kendu ninduten, eta Gasteizen erreakzio latza izan zen. Radio Vitoriako esatari batek sekulakoak bota zituen antenan, erabaki horren aurka, eta Gasteizko tabernetan KAS produktuei boikota egiteko eskatu zuen. Hala egin zuten, nonbait, gasteiztar askok, eta KAS Bilbora joan zen. Orduan sortu zen Baskonia, Jose Luis Sanchez Erauskin Santxonen eskutik. Hark aldatu zion izena taldeari, Vasconiatik, Baskoniara, eta kamisetei ikurrinaren hiru koloreak jarri. Santxon, Manu Moreno… A ze oroitzapenak! Egunero hartzen dugu kafea elkarrekin, hirurok, oraindik.

Zuk beste bide bat hartu zenuen, eta Euskal Herritik urrun, gainera.

Bai, hausnarketa bat egin nuen, eta entrenatzaile izan nahi banuen atzerrira joan behar nuela erabaki nuen. New Yorkera joan nintzen, AEBetara, ikastera, New York Knicks taldearekin. Ez neukan apenas dirurik eta ostatu merkeena hartu nuen Brooklynen. Halako batean Johnny Mathis-ekin topatu nintzen, Gasteizera ekarri nuen estatubatuarra, eta bere bitartez Knicks taldearen hotelean eman nuen urtea, New Yorker hotelean, Madison Square Garden-en kantxa mitikoaren parean. Han bai ondo, dena ordainduta ia-ia. Entrenamenduak jarraitzen hasi nintzen, erraztasun ikaragarriak eman zizkidaten. Harmailetako lehen ilaran eseri, apunteak hartu eta galderak egin, ikasteko.

Ez zen, bada, jende asko ausartuko, garai hartan, New Yorkera urtebetez joaten.

Ez. Han, gainera, garai haiek beroak izan ziren. Egun batean, hainbat jokalarik eurekin bazkaltzeko gonbita egin zidaten, Harlem auzoan. Halako batean sekulako eztandak eta suteak sumatu eta ikusi genituen. Martin Luther King erail zuten, eta ni Harlemen nengoen. Zuri potoko bat bi metroko beltzez inguratua. Autoan gordeta eraman ninduten hotelera, arazoak saiheste aldera. Drama handia izan zen, kolpe ikaragarria AEBetako beltzentzat.

Pasadizo politagoak ere izan nituen, ez pentsa. Columbia University ezagunean halako herri bazkaria egin zuten, han zen Dave Cowens Boston Celtics-eko jokalari mitikoa. Esan zidaten tronpeta jotzaile ezagun batek piezaren bat joko zuela, eta ondoan neukan jokalari beltz batek zera esan zidan: ‘Zuk ez duzu ezagutuko, Javi, lasai. Gu agurtzera etortzen denean, gure atzean ezkutatu eta kito’, esan zidaten. Etorri zen, nire parera iritsi, eta ‘Kaixo, Javi, ondo zaude?’, galdetu zidan musikari hark. Nirekin zeuden guztiak aho bete hortz geratu ziren, noski. Dizzy Gillespie zen, eta Gasteizko Jazzaldian bere gidari izan nintzelako ezagutu ninduen.

Bueltatzerako, behin betiko jauzia, entrenatzaile lanean.

Bai, hegazkinetik jaisterako zain neukan Fernando Font Bartzelona taldeko gerentea. Han zer ikasi nuen azaldu nion, taldeen gestioa, lan egiteko modua eta beste. Talde zaharkitua zutela esan zidan, eta behar nindutela, taldea zulotik ateratzeko. 1969a izango zen. Taldea bost urtetan modernizatzeko ardura eman zidaten, eta noski, abokatu lana utzi behar izan nuen. Albie Grant estatubatuarra fitxatu genuen, CIAko espioia ote zen susmoa genuen. Segun Azpiazu ere fitxatu nuen. Ez ahazteko moduko pasadizoa izan zen 2.11 neurtzen zuen morrosko donostiar hark 600 auto famatua atzeko eserlekuan eserita nola eramaten zuen. Aurrean eserita ezinezkoa zen, noski, ez zen kabitzen. Palau kantxa eraiki berritik heroi bat bezala atera ninduten, bizkarrean, Real Madrili irabazi genionean. Lau urte egin nituen Bartzelonan.

Ez zinen Gasteizera itzuli.

Ez. Bilboko Aguilas zuzendu nuen denboraldi batean, baina maila galdu eta ondoren Antibes-era joan ginen, Frantziako Kosta Urdinean, 1974an. Bartzelonan Maite, egungo emaztea ezagutu nuen. Ezkondu ginen, eta Antibes taldera. Ederra hiria, baina saskibaloia zaharkitua zegoen nire gusturako. Hiru urte pasa eta Gasteizera bueltatu ginen. Diktadura bukatu berria zen.

Garai gogorrak, haiek, ezta?

Bai, kalea gori-gorian zegoen. Borroka garaia zen. Ez dut neure burua EAJren kontrariotzat, baina beti jarrera ezkertiarragoa izan dut, progresistagoa. Preso politikoen abokatu bilakatu nintzen, eta garaiko ezker abertzalean sartu nintzen pixkanaka, Amnistiaren Aldeko Batzordeen (Gestoras Pro Amnistia zena) ordezkari. Lege kontuak eramaten hasi nintzen Gasteizen. Familiei laguntzen nien, bitartekari lana egin eta beste.

Telesforo Monzon Langraizko espetxean sartu zutela gogoan dut, 1979an. Santi Brouard ere berarekin zegoen. Bisita batean, Monzoni espetxean tratu ona jasotzen ote zuten galdetu nion, eta berak baietz, bazkarietan ematen zizkioten txitxirioak oso onak zeudela. Brouardi galdetu, eta zera esan zuen: ‘Zorura bota eta potoa ematen zuten-eta, Telesforo, mesedez’. Horrelako gauzak bizi izan nituen. Telesforo herriaren mesedean jardun behar zuen aristokrata bat zen. Heriotzatik gertu zela, espetxetik irten zen, eta anbulantziako ohatila gainean maindirea jarri zuten. Besarkatu ondoren maindirea ken zezatela eskatu zidan: ‘Ez dut pribilegiorik nahi’, esan zidan, eta gutxira hil egin zen. Funtzionarioek mito bat bailitzan agurtu zuten, bostekoa emanez denek.

Zuk zeuk jazarpenik jasan al zenuen?

Bai. Gauza batzuk pasa ziren iraganean, bai. Abokatu lana egiten nuen bulegoan sartu ziren, eta zelatatzen nindutela agerikoa zen, baina garai haiei buruz gehiegi ez hitz egitea, onena.

Politikoki non sentitzen zara egun?

Nire ideia politikoak ez dira aldatu. Ez naiz ezker abertzaleko militantea, baina EH Bildu alderdiko gertukoa sentitzen naiz, noski. Gasteizen egin duten mitinen batean lehen aulki lerroan eseriko ote nintzen galdetu zidaten, ez aspaldi. Baiezkoa eman nien, eta beraiek argazkian aterako nintzela. Esan nien horrek dagoeneko ez zidala axola. Baskoniaren partida bateko argazkian Gorka Urtaran Gasteizko alkatea neukan albo batean, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia bestean. Ez ninduen arduratu, aspaldiko lagunak baititut, eta Ramiro bera lankide ere bai. Esan dut lehen ere, EAJko jendearen aurka, boto emaileen aurka ez daukat kontrako ezer. Nire aita EAJkoa zen, eta nik heziketa abertzalea jaso dut.

Entrenatzaile lanera ez zinen bueltatu gehiago, abokatu izatearekin nahiko.

Ez, Baskoniako zuzendari nagusia izan nintzen Josean Kerejeta zuzendaritzara iritsi aurretik. Pablo Lasoren debuta bideratu nuen, zazpi zenbakiarekin, nik beti eraman dudan zenbakia. Urtebete bakarrik egin nuen, eta Federazio Kopa famatua irabazi genuen. Han hasi zen Baskoniaren Europako bidea, eta ondoren Kerejetarena.

Twitter sarean zeresana ematen duzu egunero, ia 6.000 jarraitzaile dituzu.

Bueno, gorputza fisikoki astintzeko bizikletan hasi nintzen, eta medikuari galdetu nion: ‘Aizu, eta burua astintzeko zer egin dezaket?’. Hortik etorri zen Twitter.

Hasieran halako saskibaloi foro bat sortu genuen, ACBren webgunean ere, baina oso gasteiztarra zen, Euskal Herriko eta Kataluniako kontuak, soilik. Eta Twitter deskubritu nuen. Gauzak kontatzen, partekatzen hasi nintzen, eta beti modu baikorrean, iskanbilarik gabe. Erratzen banaiz, barkamena eskatu, eta aurrera. Modu pausatuan, aberasgarrian jardutea da asmoa, itsuskeriatan sartu gabe.

Kritiko zara zenbaitetan sare sozialetan.

Bai, ernegatu egiten bainaiz arduradun politiko batzuk entzuten ditudanean, askori postua gaitasunik eduki gabe ematen baitzaie, nahierara. Osasun Saileko arduraduna entzun nuen, txantxetan, hilabete atzera, bakuna jartzeko Euskadin bizi ziren 100 urtetik gorako hainbat pertsona ez zituztela bilatzen esanez, ez zeudela Euskadin. Zaharrak garenok errespetua eta duintasuna merezi dugula esango nuke, orain gazteek daukazuen ongizatean lagundu dugulako, sikiera. Blokeatzen ere ikasi dut, baina ez dut asko erabiltzen. Azkenaldian emakume gazte jarraitzaile jarioa izan dut, fisikoki erakargarriak, eta ez zait gehiegi gustatzen.

Hariak egiten zaletu naiz, Gasteizko Jazzaldikoak, bizikletan ibiltzen naizenekoak, bidaietakoak, saskibaloi oroitzapenak… Istorioak partekatzeko gogoa daukan jendearekin aritzea dut gustuko, denbora oharkabean joaten da. Twitter baliabide atsegina izatea nahi nuke, eta niri dagokidanez, lortzen ari naizelakoan nago. Azken haria Birgarako torraden inguruan egin nuen, eta arrakasta izan zuen.

Hurrengo haria buruan izango duzu dagoeneko.

Bai, Maite emaztea non eta nola ezagutu nuen, eta lehen zitan zer gertatu zen kontatu nahiko nuke. Ea tartea bilatzen dudan…