NAIZ

Amaiurko gazteluaren setioa komikira eramango dute

Euskal Herriko Ikastolen I. Komiki Lehiaketa antolatu berri dute. 14 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta Amaiurko gazteluaren setioa izango dute gaitzat. Lanak aurkezteko epea apirilaren 30a artekoa da.

Lan irabazlea ‘Xabiroi’ aldizkarian argitaratuko da. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Lan irabazlea ‘Xabiroi’ aldizkarian argitaratuko da. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gure herriaren historiaren momentu zehatz batean gertatutakoa komiki-kontakizun bilakatzeko helburuarekin ekin diote ikastolen jaiek Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketa antolatzeari. Sariketa 14 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta apirilaren 30era arte izango dute lanak aurkezteko epea.

Lehen edizio honetarako gaia ere finkatu dute: Amaiurko gazteluaren setioa. Sariketara aurkezten diren komikiek 1522ko uztailaren 15etik 19ra bitartean jazotakoa jaso beharko dute: Gaztela eta Aragoiko armadek Amaiurko gazteluaren setiatu zuten eta harekin amaitu zen Henrike II.a Nafarroakoaren aldekoek egindako hirugarren saiakera, Erresuma berreskuratzeko 1512ko konkista eta gero.

Ohar bidez azaldu dutenez, lehiaketa irekia da adin tarte horretako gazte guztientzat (ez da derrigorrezkoa ikastola bateko ikasle izatea) eta teknika ere librea izango da, lanak PDF formatuan aurkeztu beharko diren arren. Lanak euskaraz idatziko dira eta bost orrialdetako luzera izango dute gehienez (komikiaren azala barne). Lanak ehikomikilehiaketa@ikastola.eus helbidera bidali behar dira.

Jasotako komiki lan guztien artetik onena zein den ebatziko du epaimahaiak, eta sari gisa ‘Xabiroi’ komiki aldizkariaren 2021ko urriko zenbakian argitaratua izango da.

Lehiaketa baino, dena den, parte-hartzea sustatu nahi da. Horregatik, parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozketatuko dira: 3 tablet, ‘Xabiroi’ aldizkariaren urteko 10 harpidetza eta ‘Xabiroi’ bildumak (3 bildumako 5 sorta).