Euskalduna Jauregian egingo duen ekitaldi batekin ospatuko du EAJk Aberri Eguna

Apirilaren 4an Euskalduna Jauregian egingo duten Ohiko Aberri Batzarraren baitan ospatuko dute jeltzaleek Aberri Eguna, ekitaldi politiko batekin.

EAJren Aberri Eguneko ospakizuna, 2019an. (Aritz LOIOLA/FOKU)
EAJren Aberri Eguneko ospakizuna, 2019an. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Alderdi jeltzaleak ohar bidez gogoratu duenez, iaz pandemiari aurre egiteko ezarri zen itxialdi orokorraren ondorioz Aberri Eguna telematikoki eta sare sozialen bitartez ospatu behar izan zen. Parentesi horren ondotik aurtengoan era presentzialean ospatuko dute berriro jeltzaleek Aberri Eguna, baina «hamarkadatan ohitura bihurtu den ospakizunean ez bezala, ezingo du alderdikide eta alderdizaleekin ospatu, indarrean dauden osasun gomendioek ez baitute halako ospakizunik gomendatzen».

Nolanahi ere, apirilaren 4an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo duen Ohiko Aberri Batzarraren baitan ospatuko dute Aberri Eguneko ekitaldi politikoa. Goizeko 9.30ean jarri dute hitzordua jeltzaleek.

«Aberri Batzar hau da EAJ-PNVren organo gorena, eta bere batzarkideak dira alderdikide jeltzale guztien ordezkari legitimoak; beraz, alderdikide guztiak ordezkatuko dituzte apirilaren 4an egingo den ekitaldian», nabarmendu dute eta, gainera, beren webgunearen eta sare sozialen bitartez jarraitzeko aukera emango dutela azaldu dute.

Aberri Egunean etxeko balkoietan ikurrina jartzeko deia ere egin du EAJk.

EAJk iragarri duen ekitaldi honez gain, bada beste planteamendurik: Euskal Herria Batera ekimenak ere proposamen bat prestatu baitu Aberri Egunerako, internet bitartez jarraitu ahal izango dena eta ikus-entzunezko bat oinarri izango duena. Ekimenak 12.30etik aurrera euskal herritarrok «une bat elkarrekin partekatzea» du helburu.