NAIZ

Jarduera ekonomikoa gutxitu da, ez ordea lan istripu eta eritasunak

Covidak jarduera ekonomikoa murriztu arren, 2020an 70 pertsona hil ziren lan istripuz Hego Euskal Herrian. Hala jaso du gehiengo sindikalak azken txostenean, eta premiazko neurriak eskatu dizkie Lakuako eta Nafarroako gobernuei, segurtasun eta osasunerako baliabide publikoak «ez baitira nahikoa».

Euskal gehiengo sindikalak txostena aurkeztu du. (LAB)
Euskal gehiengo sindikalak txostena aurkeztu du. (LAB)

Datu ofizialek ez bezala, euskal gehiengo sindikalak azken txostenean bildutako datuek azaltzen dute jende gehiago hil dela lan istripuz pandemiaren urtean 2019an baino. 70 langilek galdu dute bizia lanean 2020an Hego Euskal Herrian eta horietako batek, Joaquin Beltranek, desagertuta jarraitzen du. Horren aitzinean, hainbat neurri zehatz proposatu dituzte LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek.

«Laneko istripu eta gaixotasunei buruzko datuek, hobera egin beharrean, okerrera egin dute, covid egoera kontuan hartuta sinestezina dirudien arren», adierazi dute astelehen honetan.

Agertu dutenez, administrazio publikoek emandako azken datu ofizialen arabera,  2019ko datuekin alderatuta, %19,1 jaitsi da lan istripuen tasa EAEn eta %20,6 Nafarroan (irailera arte). Aurreko urtearekin alderatuta, 2020an areagotu diren istripu bakarrak Bizkaiko istripu hilgarriak (bi gehiago) eta `in-itinere´ gertatutako istripu hilgarriak izan dira (%50 areagotu dira).

Baina euskal gehiengo sindikalak erregistratutako datuek beste zerbait diote: 2019arekin alderatuta, lan istripuek hildako gehiago eragin dituzte 2020an. 70 lan istripu hilgarri zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, horietako 59 EAEn eta 11 Nafarroan. Ez dute ahazten Joaquin Beltran langileak desagertuta jarraitzen duela 2020ko otsailaren 6tik Zaldibarko zabortegian, urtebetea pasata.

Istripu horietatik 24 Bizkaian gertatu dira, 17 Gipuzkoan, 18 Araban eta 11 Nafarroan. 2019ko datuekin alderatuta, EAEko lurralde guztietan igo da hildakoen kopurua, bereziki Araban, 12 hildako gehiagorekin. Nafarroak lau hildako gutxiago zenbatu ditu.

Gaixotasun profesionalei dagokienez, gutxienez 28 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako patologiarekin, baina, sindikatuek azpimarratu dutenez, oraindik ez dira laneko jatorria duten gaixotasunak behar adina aitortzen. Halaber, ez dakite zenbat langile hil diren koronabirusa bere lanpostuan hartzegatik.

Eskaerak

Egoeraren larritasuna ikusita, urtarrilaren 15ean EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatu zizkieten neurriak eskatu dizkiete berriro. Honakoak dira: enpresen gaineko kontrol handiagoa, osasun eta prebentzio neurrien jarraipen egokia egiteko; mutuak eta prebentzio-zerbitzuak publiko egitea; altueran erortzeko arriskua duten enpresen eta material arriskutsuekin lan egiten dutenen kontrol eta jarraipen ekintza gehiago egitea; eta prebentzio-arloan zigorren bat jaso duten enpresak kontratatzeko debekua ezartzea.

Euskal Herriko enpresa guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko eskatzen dute, pandemiak langileen baldintza psikosozialak are gehiago larriagotu dituela kontuan hartuta. Eta prebentzio ordezkariekin batera kontingentzia plan bat egitea exijitzen dute.