Migranteekiko «orain arte ikusi gabeko» legez kontrako jokamoldeak salatu dituzte Baionan

Pertsona migranteak laguntzen lan egiten duten Diakite, Etorkinekin eta Cimade elkarteek eta abokatuek Gobernu frantsesak daraman politika salatu dute. Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoako mugan indar armatuen aldetik legez kanpoko jokabideak ugaritzen ari direla nabarmendu dute.

Pertsona migranteen alde ari diren elkarte eta abokatuak prentsaren aitzinean agertu dira Baionan. (ANAIZ AGUIRRE OLHAGARAY)
Pertsona migranteen alde ari diren elkarte eta abokatuak prentsaren aitzinean agertu dira Baionan. (ANAIZ AGUIRRE OLHAGARAY)

«Orain arte Euskal Herrian ikusi gabeko jokabideak badira, Italian izan ziren horrelakoak, baina hemen ez» baieztapen irmoarekin egoeraren larritasuna irudikatu du Diakite elkarteko Lucie Bortayrouk. Berarekin Cimade eta Etorkinekin elkarteko ordezkariek agerraldia egin dute Baionan, migranteen eskubideak defendatzen dituzten abokatuekin batera. Migranteen etorrera azkartzen ari den momentu honetan tentsioa handitzen ari dela baieztatu dute. Aspaldiko partez Baionan harrera egiten dien Pausa zentroan toki eskasia izan da.

Gipuzkoako mugan eta, Lapurdira heltzea lortzen duten migranteekiko, legearekin bat egiten ez duten jokabideak badirela salatu dute, eta atxiloketen kopurua handitu egin da. Francisco Sanchez Rodriguez abokatuak argiki salatu du «Frantziaren jokamolde legez kontrakoa».

2020. urtean pertsona migranteen kopuruak %30-40 behera egin baldin badu ere, Gobernu frantsesak daraman politika gogortu egin da. Espainiar Estatuarekin muga kontrolatzeko Estatuko indar armatuen presentzia bikoiztu egin du eta 2.400 agente izatetik 4.800ra izatera pasa da.

Mugak itxita

«Armadak mugak blokeatu ditu» baieztatu du Bortayrouk, eta egoeraren laburpena egin du: Lapurdiko mugan dauden etengabeko kontrolen bidez azken garaian dagoen migranteen etorrera handiarekin Irun aldean ematen ari den blokeoa nabarmendu du, baina aldi berean muga zeharkatzea lortzen dutenen artean ere poliziek izaten duten jokabidea salatu du. «Jendea zuzenean kanporatu egiten dute, legedia errespetatu gabe, eta trenetan eta tren geltokietan atxiloketak ugaritzen ari dira», ohartarazi du.

Atxilotzen dituzten pertsonak zuzenean kanporatzen ez dituztenean, batzuetan komisaldegietan atxikitzen dituzte gero kanporatzeko, horrela erretentzio zentroetara eramanik izango lituzketen eskubideak betetzea saihestuz. Hendaiako erretentzio zentroa beteta dago, covid-19a dela eta kapazitatea txikitu egin da, eta aldaketak egon dira, emakumeentzako tokirik ez da, adibidez.

Adin txikikoekiko jokabidea salatu dute bereziki, harrera egitera behartuta dagoen Estatuak betekizun hori errespetatu gabe kanporatzen dituela nabarmendu dutelarik. Eta aurreko asteko kasu larri bat ere aipatu dute, non hilabete gutxiko nini batekin eta bi haur txikirekin batera emakume bat Irunera eraman zuten.

Behin Baionara helduta ere, batzuetan Pausa zentroan egon eta gero, trenetan eta tren geltokietan egiten ari diren etengabeko kontrolen atxilotuak izaten direla jakinarazi dute. Azalaren kolorearen araberako kontrolak izaten direla azpimarratzearekin batera, kontrolatuak izan eta gero ia egunero atxiloketak badirela azaldu dute, izan Baionan, zein bidaian aurrerago Bordelen edo Parisen.  

Migranteei harrera

Migranteen kopurua handitzearen ondorioz, Baionako Pausa zentroa betetzen ari da, eta aspaldiko partez 130 pertsona ingururi egin die harrera. Lehen 200 pertsonatik gorarako tokia baldin bazegoen covid-19aren pandemiaren ondorioz lekuak gutxitu egin dira, eta saturaziora heldu izan da jada. Aurreko astean, pertsona batzuei bolondresek lagundu behar izan zieten gaua kanpoan pasa ez zezaten. Joera hori ikusita, erakundeekin harremanetan jarri dira urgentziazko beste tokiren bat egokitu dezaten eskatzeko.

Lehen Pausa zentroan Baionako Herriko Etxearekin eta Euskal Elkargoarekin batera kudeaketa eramaten zuen Diakite elkarteak orain larunbatetan eta igande arratsaldeetan janaria, jantziak, lehen mailako osasun zaintza eta gomendioak eskaintzen du zentroaren ondoan dagoen Zizpa Gaztetxean.

Estatu frantsesak «oinarrizko eskubideak ez dituela errespetatzen» salatu du fermuki Sanchez Rodriguezek; horien artean nabarmendu ditu adin gabekoen babeserako nazioarteko legeak. Horrekin batera pertsona migranteei egoera erregularizatzeko traba administratiboak zaildu dituztela salatu dute bai abokatuak baita laguntza legala eskaitzen duen Cimadeko Helene Ducarrek ere. Zentzu horretan erregularizaziorako baimenen kopuruak 2020an nabarmen behera egin duela azaldu du: %40 bisa gutxiago eman dira, %41 asilo baimen eta %17 familia harrera.

Manifestazioa Baionan larunbatean

Estatu mailako deialdiarekin bat eginez Segurtasun Orokorreko Legearen kontrako StopSecuriteGlobale kolektiboak manifestazioa deitu du larunbatean Baionan. Talde horren baitan eragile anitz biltzen dira. Alderdi politikoetan EH Bai EELV, Ensemble!, Gauche Democratique et Sociale, Generation.s eta La France Insoumise, besteak beste. Sindikatuen artean ELB, FSU 64, LAB, SAF, Baionako CGT, eta abokatuen sindikatu batzuk, besteren artean. Azkenik, elkarte eta mugimendu anitz ere badira: Bizi!, Giza Eskubideen Liga, Txaleko horiak… baita prentsaurrekoan parte hartu dutenak ere.

Otsailean kolektibo izatetik elkarte izatera pasa zen Etorkinekin-en izenean Anne Duhourrek azaldu du manifestazioaren bukaeran herriko etxearen aitzineko Jacques Portes plazan ekintza berezi bat egingo dutela, migranteen kontra Gobernuak daraman politika salatzeko.

Egoera zaurgarrian

Afrikatik heldutako migranteek orokorrean Estatu frantsesera ailegatu nahi dutela azaldu du Bortayrouk, gehienek Europako hizkuntzen artean frantsesa delako ezagutzen duten bakarra, kasu batzuetan gutxi bada ere.

Ducarrek nabarmendu du azken aldian etortzen ari diren pertsonen artean analfabetoen kopuru handia, bereziki gazteen artean.