NAIZ

Bi emakumek Orkoiengo kiroldegi batean sexu-indarkeria jasan dutela salatu du EH Bilduk

Orkoiengo EH Bilduk salatu duenez, gutxienez bi emakumek sexu-indarkeria jasan dute 2021eko lehen bi hilabeteetan udalerri horretako Mendikur kirol guneko uda-instalazioetan. Erantzukizuna eskatu dio koalizio subiranistak Udalari.

Orkoiengo Mendikur kirol gunea. (Orkoiengo Udala)
Orkoiengo Mendikur kirol gunea. (Orkoiengo Udala)

Orkoiengo EH Bilduk ohar baten bitartez jakinarazi duenez, bere Udal taldeak martxoaren 8an izan zuen Mendikur kirol gunean gertatutako bi sexu-indarkeria kasuen berri. Koalizioak dioenez, alkateari eman zioten gertaeraren berri eta hark baieztatu zuen jakinaren gainean zegoela.

Koalizio subiranistaren arabera, Udalak ez zuen jazotakoari buruzko informaziorik eman, eta martxoaren 10ean Berdintasun Batzordea premiaz deitzea eta Berdintasun Teknikariaren eta Iturgain Udal Elkarteko gerentearen agerraldia eskatu zuen EH Bilduk, baina orain arte ez dutela erantzunik jaso adierazi du.

EH Bilduk salatu duenez, kaltetuetako baten kasuan, indarkeria «hainbat astez luzatu eta denbora igaro ahala larriagotu» egin da, «kiroldegiko gerentziaren utzikeriagatik». Halaber, salatu du Udaleko arduradunak sexu-jazarpen kasuak estaltzen eta gutxitzen saiatu direla.

«Biktima zalantzan jartzea pertsonaren duintasunaren aurkako erasoa da, eta ez dio ekarpenik egiten egia argitzeari, balio-judizioak baino ez baitituzte elikatzen. Kasu honetan, erakunde publikoetatik, Orkoiengo Udaletik barne, ‘Nik sinesten dizut’ leloaren alde egin diren kanpaina guztien aurka joan da», adierazi du koalizio subiranistak.

EH Bilduk, martxoko ohiko osoko bilkura dela eta, presazko mozio bat aurkeztu du Udalari erabaki hauek hartu ditzala eskatuz: Premiazko batzorde berezi baterako deia egitea gertakariak argitzeko; Orkoiengo Udalan dagoen udal protokoloa zergatik ez den martxan jarri argitzea; ikerketa horietatik erator daitezkeen erantzukizunak argitzea: konpromisoa hartzea udal-instalazioetako barne-araubidea eta zehapen-araubidea eguneratzeko: eta serioski eta eraginkortasunez lan egitea udal instalazio guztietan edozein motatako indarkeria, sexuala barne, saihesteko.