Maider Iantzi Goienetxe
Elkarrizketa
David Garrido Diez
Mugikortasun elektrikoan aditua

«Elektromugikortasunak gure egunerokotasuna aldatuko du»

Ingeniaritza Elektronikoan lizentziatua da, eta Ingeniaritza Mekaniko eta Energia Elektrikoko Doktorea. Mondragon Unibertsitatean irakasle dabil eta asteartean egin zuten mugikortasun elektrikoari buruzko jardunaldian moderatzaile aritu zen. Master berriaren diseinuan ere parte hartu du.

David Garrido, Mondragon Unibertsitatean. (Raul BOGAJO/FOKU)
David Garrido, Mondragon Unibertsitatean. (Raul BOGAJO/FOKU)

Mugikortasun elektrikoak indar handia hartu du azken urteetan. Hor ditugu autoak, bizikletak, patineteak, tren eta itsasontzietarako trakzio elektrikoa eta mugikortasun bertikala, besteak beste. Epe labur eta ertainera aukera handiak sortuko ditu. Adibidez, ibilgailu elektriko arinen goraldia ikusten ari gara, hirian batez ere, eta datozen urteetan garraio kolektiboak eta ibilgailuak energiaz kargatzeko sare elektrikoen azpiegiturek antzeko hazkundea izatea espero da.

Mondragon Unibertsitatea (MU) elkarlanean ari da enpresa pila batekin, bai proiektuetan ikertzen eta bai ikasleak eta langileak prestatzen. Ildo horretan, euskal enpresek zer erronka dituzten eta horiei erantzuteko unibertsitateak zer ekintza eginen dituen jaso zuen atzo egindako jardunaldian. 75 pertsona elkartu ziren MUBIL, Energiaren Euskal Erakundea, CAF Power eta Ingeteam-en laguntzarekin antolatu zuen hitzordu birtual arrakastatsuan.

David Garrido MUko irakaslea moderatzaile aritu zen eta GARAri aitortu zionez, urduri samar zeuden plataforma berri bat erabili behar zutelako eta ez zutelako hainbeste jende konektatzea espero. «Ondo joan da –kontatu zigun amaitu eta segidan–. Alde batetik, administrazioaren ikuspuntua jaso dugu, eta, bestetik, enpresena. Jendeak asko parte hartu du. Egin dituzten galderen artean batzuk teknikoagoak izan dira eta besteak, berriz, zabalagoak».

Zer aukera sortuko ditu mugikortasun elektrikoak?

Etorkizunean gertatuko direnak lehenago ikusten ditugu guk, ikerketan horiek jorratzen ditugulako, eta aukera handiak ikusten ditugu baterietan, ez kotxeei dagokienez soilik. Etxeetan energia ez da puntu batean egongo, banatua baizik, eta horrek ekarriko dituen onurak eta erronkak aztertu behar dira. Azken batean, eraldaketa honek ez du mugikortasunean bakarrik eragingo, gure egunerokotasunean baizik.

Zertan, adibidez?

Patinete eta bizikleta elektrikoa azken bi kilometroak egiteko era bat dira. Gero eta gehiago ikusten dugu jendea garraio publikoa hartzen eta bidearen azken zati hori bizikletan edo patinetean egiten. Pentsaera aldatu da. Gaur egun beste nonbaitetik ekartzen ditugu patineteak, baina jakintasun hori gurean ere badugu eta aukera dago enpresa txikiak sortzeko edo handiekin patineteak egiteko.

Gero eta gehiago ikusten dugu jendea garraio publikoa hartzen eta azken bi kilometroak bizikletan edo patinetean egiten. Pentsaera aldatu da

Mugikortasun jasangarriarekin eta klima aldaketaren kontrako ekintzekin lotuta dago hori guztia.

Eraldaketa hau ezin dugu antzinako industria eraldaketen modura egin. Iraganean pasatakotik ikasi dugu eta konpromiso bat daukagu. Ikerketan ere soluzio bat ematerakoan ingurunearekiko konpromiso bat ikusten da. Bateriak jorratzen baditugu, zer egingo dugu gero haiekin? Birziklatu ditzakegu, bigarren bizi bat eman diezaiekegu?

Sortuko diren negozio berrietan puntu garrantzitsu bat izanen da jakintza guztiena izatea ere.

Elektronikan eta konektibitatean, esaterako, asko zaintzen da jakintasuna guztiena izatea, ez bakarrik jorratzen duenarena, publiko guztiak jakiteko zertan ari garen.

Prozesua ezagututa erabiltzaileak gehiago baloratuko du produktua...

Gure helburu bat bada teknikoki jendea heztea. Sentsibilitate hori eduki behar dugu; ezin dugu teknikoki zer edo zer egin gizartearen bizkar. Jende guztia erakarri behar dugu eraldaketa honetara.

Gure helburu bat bada teknikoki jendea heztea. Sentsibilitate hori eduki behar dugu; ezin dugu teknikoki zer edo zer egin gizartearen bizkar

Ibilgailu elektrikoek ez ezik, beste tresna ugarik ere erabiltzen dute energia elektrikoa: xurgagailuek, erlojuek, etxeko robotek eta abarrek.

Etxeetan dauzkagun igogailuek ere energia xurgatzen dute eta energia hori kudeatzeko era ezberdinak daude. Orain arte erabili eta erre egiten genuen, eta orain, kotxe elektrikoetan gertatzen den bezala, igogailuetan ere berreskuratu egiten dugu energia. Hau da, igogailua beherantz doanean energia hori berreskura dezakegu. Badaude proiektuak martxan hori bermatzeko.

Bide hori egiteko zein egoeratan daude euskal enpresak?

Egia esan, nahiko ondo kokatuta daude, eta unibertsitate mailan ere ezagutza dezente daukagu. Hori bai, ezagutza asko daukagu produktu jakin batzuetan eta azkenengo aplikazio horretan ez gara hainbeste sartu. Egiten diren gauza asko elkarlanak dira. Enpresa batzuk oso bideratuta zeuden industriara eta beste batzuk igogailuetara. Oraintxe gertatzen ari dena da batzuek gauza batean dutela ezagutza eta beste batzuek beste batean eta unibertsitate zein ikerketa zentroekin elkarlan bat egin dezakegu azken aplikazio horri erantzun bat emateko.

Mondragon Unibertsitatean ere elkarlan horiek egiten ari zarete.

Enpresa batzuekin elkarlanean gabiltza eta ikerketa zentroekin ere gero eta gehiago joaten gara elkarrekin Estatu zein Europa mailako proiektuetara.

Elkarlan horretan kokatzen da maiatzean ematen hasiko zareten Master berria ere?

Masterrak bi input jasotzen ditu: alde batetik enpresen nahiak eta beharrak; bestetik, pertsonenak. Zertan egin nahi dute lan? Nora bideratu nahi dute beren bizitza profesionala? Bi input horiei erantzuna emateko moldatu dugu lehendik geneukan ezagutza. Nik ere parte hartu dut master honen diseinuan eta kotxe elektrikoaren ikasgaia emango dut.

Zer berritasun ekarriko ditu Masterrak?

Azken urteetan ildo berri bat sortu dugu baterien biltegiratzean. Tesi batzuk ere egin ditugu elektronika potentzian. Beti ari gara ezagutza berritzen eta ezagutza berri hori zuzenki eraman dugu masterrera.

Enpresek aprobetxatu beharreko hainbat aukera ekarriko ditu mugikortasun elektrikoak, hala nola negozio eredu berriak eta horiek eskatuko duten garapen teknologikoa. Horri aurre egiteko ingeniarien profil berri bat trebatu behar dela ikusten duzue. Zeintzuk lirateke ingeniari berri horren ezaugarriak?

Oraingo ingeniariak momentu oro ikasten egon behar du. Ezin du behin ikasi duenarekin bere ibilbidea egin. Teknologian berrikuntza mordoa ateratzen dira urtero eta unibertsitatean oso fin ibili behar dugu horiei aurre egiteko, baita langileek ere. Beren egunerokotasunean informazio eta ezagutza hori barneratu behar dute.

Zeini zuzendua dago Masterra bereziki?

Bereziki oraintxe lanean dabilen jendeari, azken boladan zer aldaketa egon diren jakiteko grina dutenei edo beren lanean behar zuzenak dituztenei. Makina elektrikoen diseinuan eta kontrolean, adibidez. Bateriak ere ez dira lehengoak bezala erabiltzen eta beren konplexutasuna ulertu behar da, eztandarik eta antzekorik ez gertatzeko. Jendeari esan nahiko nioke gehiago ikasi edo prestatu nahi badu, gurekin zein beste formazio zentroekin, nolabaiteko iraultza bat abiatzen ari dela oraintxe bertan eta aukera duela iraultza horri aurre egiteko.

Jendeari esan nahiko nioke iraultza bat abiatzen ari dela eta gehiago ikasi nahi badu aukera duela iraultza horri aurre egiteko

Eskolak streaming bitartez emanen dituzue, lanean ari direnei kontziliazioa errazteko asmoz.

Bai. Kurtso hasieran jada ikusi genuen covidarekin ikasleak bertaratzeko arazo handiak edukiko genituela. Lehen lau orduko bi saio egiten genituen egun batean, ikasleak hona etortzeko eta gainerako egunetan lan egiteko. Baina oraingoan, on line egin behar dugunez, bi orduko pilulatxo bat edo klase bat ematea hobeto dela uste dugu zortzi orduko klase bat baino, oso astuna delako pantaila baten aurrean hainbeste denbora ematea informazioa jasotzen. Goizean egitea erabaki dugu (astelehenetik ostegunera, 07:30etik 09:30era). Hala ikasleek gure masterra jarrai dezakete eta behin bukatuta lanean jarraitu. Erosoagoa izango da beraientzat, enpresentzat eta guretzat ere bai.

Zein iraupen izanen du eta zein hizkuntzatan emanen duzue?

Beste urteetan urte bateko iraupena izaten du gure masterrak. Berri hau moduluka antolatu dugu eta lehen astelehenean ematen ziren zortzi orduak astean zehar emango ditugunez, iraupena berdina izango da. Gaztelaniaz emango ditugu klaseak, baina ikasgai askotan informazioa ingelesez dagoenez elebitan egingo dugu.

Goi Eskola Politeknikoko irakaslea zara. Nolakoa da bertan genero arrakala? Eta nola ari da aldatzen, aldatzen ari baldin bada?

Gurean, elektronika potentzian eta energian, oraindik profil horiek mantentzen direla ikusten dugu. Ikasle gehienak mutilak dira. Baina etortzen diren neskek gero eta gehiago jarraitzen dute behin gradua bukatuta. Gradua egiten dute, masterra ere bai eta doktoradutza egitera ere iristen dira. Gehiago ikertu nahi dute. Guretzat, halako gaiekiko grina daukatela ikustea oso aberasgarria da. Master akademikoan 18 ikasle egongo dira eta horietatik hiru bakarrik izango dira neskak. Proportzio hori ez da gehiegi aldatu azkenengo urteetan.

Zein ondorio ditu horrek lan munduan?

Azkenean, oso lan espezializatuak dira eta gurekin ikasten duten emakumeek gure lan berdina daukate. Ikerkuntzako lana da, edo klaseak ematekoa. Goi mailako ikerkuntzan ez dugu parekotasun falta handirik ikusten. Kimikan, adibidez, emakumeen kopurua oso handia da. Profil horrek gehiago erakartzen ditu.

Genero arrakala hori txikitzeko lanketaren bat egiten ari zarete? Neurriren bat hartzea pentsatu duzue?

Gurean identifikatuta ditugun erronketako bat da. Urtero ikusten ditugu zenbakiak eta institutuetan edo graduko lehenengo mailetan zer ekintza egin ditzakegun pentsatzen dugu, gure lana zein den pixka bat aurkezteko. Izan ere, ingeniari elektriko edo elektroniko baten lana zein den esaten badizut, abstraktu samarra da. Eta institutuetan aplikazioak aurkezten ditugu. Onura asko dakartza oraintxe gurekin lanean ari diren emakumeek egiteak aurkezpen horiek, ikasleek profil horiek ikusteko. Erreferenteak behar dituzte eta horretan lan egiten ari gara. Ea pixkanaka-pixkanaka burutzen dugun.

Aitzinerago beste jardunaldi bat egiteko asmoa duzue...

Bai, eta Estatu mailakoa izango da. Beti izan ditugu kanpoko ikasleak master hauetan eta plazaratzeko egingo dugu jardunaldia. Gainera, Estatuko eta Europako irakasleak hizlari gisa ekartzeko asmoa dugu.