Asier Aiestaran

Zorrotzaurreko Irlari Itzulia, asteburuko lehen hitzordua traineruentzat

Hamasei traineruk hartuko dute parte, gehienak Bizkaikoak, ostiral honetan lehen aldiz Bilbon egingo den test berezian. Ontziak Erandiotik abiatuko dira ibaian gora erlojuaren aurka estropada osatzeko.

Urdaibai izango da Bilboko test estropadan parte hartuko duen ontzietako bat (Aritz LOIOLA / FOKU)
Urdaibai izango da Bilboko test estropadan parte hartuko duen ontzietako bat (Aritz LOIOLA / FOKU)

Hamasei traineruk hartuko dute parte ostiral honetan Bilbon egingo den test berezian. Zorrotzaurreko Itzulia ipini diote izena eta ontziak Erandiotik abiatuko dira ibaian gora 11.30etatik aurrera. Gizonezkoek Euskalduna Zubian egingo dute ziaboga berriz Erandiora itzultzeko, 6.060 metroko ibilbidea guztira; emakumezkoek lehenago egingo dute biraketa, 4.600 metroko distantzia osatzeko.

Proba Deustu Arraun taldeak antolatu du eta Bizkaiko ontziak bilduko ditu batez ere, nahiz eta gipuzkoar batzuk ere izango diren. Estropadak, gainera, Juan Antonio Camiruaga "Cami" eta Jon Sasieta "Bilba" omenduko ditu.

Emakumezkoetan Deustu B, Isuntza, Ondarroa, Hibaika eta Deustu A izango dira parte-hartzaileak. Gizonezkoetan, aldiz, Deustu B, Mutriku, Hibaika, Busturialdea, Portugalete, Deustu A, Kaiku, Ondarroa, Bermeo, Zierbena eta Santurtzi daude izena emanda.

Ikusgarriena Eusko Label Ligako ontzi bizkaitarren arteko lehia izango da, oraindik denboraldia hasteko denbora asko falta dela jakin arren. Ondarroa, Urdaibai, Zierbena eta Santurtzi goi-mailako traineruak dira eta horien lana ikustea beti da interesgarria. Horietatik hiru, Ondarroa, Zierbena eta Santurtzi, igandean Oriako Traineru jaitsieran ere arituko dira.

Traineruez gain –hilaren 27an San Pedroko Testa iritsiko da, beste hitzordu garrantzitsuetako bat–, gogoratu behar da Batel Ligak ere martxan direla jada Bizkaian eta Gipuzkoan. Bizkaiko Ligan laugarren eta bosgarren jardunaldiak jokatuko dira asteburuan Sestaon eta Gipuzkoan bigarrena eta hirugarrena Pasaian.