Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Apeta noiz ase hautatzeko abantaila

Goizeko irudi batek kolpatu dit burua: eguneko erosketa egiteko adina baliabiderik ez duten herritarrak elikagaien bankuko banaketa egiten den gunean ilara egiten, bakoitza bere poltsatxoarekin.

Imajina platerean arrautza frijitua daukazuela, zer jaten duzue lehenago? Zuringoa edo gorringoa? Hau da, gehien gustatzen zaizuena edo gutxien gustatzen zaizuena? Ni bigarren taldekoa naiz.

Honekin analogia moduko bat eginez, nire momentuaren bila ibili naiz azken bi egunotan. Egunerokoaren presatik aldendu eta lasaitasunaren bila, sarritan erabiltzen den «nire momentuaren» bila, maiz hori zer den ez dakigun arren. Eta dena zertarako? Opiltxo goxo-goxo bat lasai-lasai dastatzeko. Momentu egokia behar nuen. Korrika eta presaka prestatzen dudan gosarian ez zeukan tokirik opiltxoak, ez eta hamaiketakoan ere –laneko zurrunbiloan guztiz barneratzeko arriskua baitago–.

Beraz, merienda orduaren zain egon naiz. Opiltxoa, benetan, behar bezala, dastatuko nuelakoan. Inork molestatu gabe, batzuetan hain preziatua egiten den bakardadean goxo-goxo. Liturgia ona izan da, zergatik ukatu. Baina ez naiz guztiz ase sentitu.

Goizeko irudi batek kolpatu dit burua: eguneko erosketa egiteko adina baliabiderik ez duten herritarrak elikagaien bankuko banaketa egiten den gunean ilara egiten, bakoitza bere poltsatxoarekin. Pandemian, segurtasuna bermatzeko, ohikoak dira saltokietako ilara luzeak, baina askotan ezkutuago dauden lekuetan –eta kokapenak berak ere hausnarketa merezi du– are ilara gogorragoak daude, eta horiek ere gero eta luzeagoak dira tamalez.

Gogorra da opiltxoa noiz jan pentsatzen dabilenaren, alegia, bere apeta aseko duen elikagaia jateko momentu egokiaren bila dabilenaren, eta horretarako aukerarik ez duenaren arteko begiradak elkar gurutzatzea. Opiltxo hori jan duenak, aurreko egunean antxoa errazio ederra jan zuelako eta bihar ere nahi duena jateko aukera izango duelako; besteak, aldiz, elikagaien bankuko ilara luzea pazientziaz eraman eta dagoena aukeratu beharko du, edo soilik dagokiona jasoko du. Eta bien arteko diferentziak sostengatzen du gure gizartea, kontatzen nagoen hau biharko egunerako ahanzturan eroriko baita, eguneroko zarata dela-eta.