NAIZ

Osakidetzak Asuncion Klinika bere baitan txertatzeko eskatu du LABek

Tolosaldeko Asuncion Klinika publiko bihurtzeko pausoak eman daitezen aldarrikatu du astearte honetan LAB sindikatuak. «Osakidetzak klinika bere baitan txertatu eta langileak subrogatzea eskatzen dugu, prozedura legalek agintzen duten bezala», zehaztu du.

LABek agerraldia egin du Asuncion Klinika publiko bilakatzearen aldeko bere jarrera berresteko. (LAB)
LABek agerraldia egin du Asuncion Klinika publiko bilakatzearen aldeko bere jarrera berresteko. (LAB)

LABen iritziz, Lakuako Gobernuak zor historikoa dauka Tolosaldearekin, EAEko eskualde bakarra delako ospitale publiko bat ez duena; aldiz, ospitale pribatu kontzertatu bat «inposatu» diote. «Argi dago esperimentua gaizki atera zaiela, nabarmen gaizki», adierazi du. Asuncion kudeatzen duen enpresako, Invizako, 350 langileekin ere zor historikoa daukala esan du.

Sindikatuak agerraldia egin du Tolosan, Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategi buru, Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresaren inguruan dabiltzan albiste eta mugimenduen aurrean bere jarrera azaltzeko. «Klase sindikatu bezala Invizako langileak defendatuko ditugu beti, eta Tolosaldeko herritar guztien eskubideak bermatzeko beharra ikusten dugu; hots, ospitale publiko bat izateko eskubidea», adierazi du. Hain justu, horregatik izan dira hasieratik Tolosaldeko Osasun Publikoaren aldeko Plataformaren (TOPA) parte.

LABek agertu duenez, Invizako 350 langileak beste eskualdeetako zerbitzu bera eskaini behar izan dute urteetan, baina bitarteko eta baldintza okerragoetan. Eta hori «erabat diskriminatzailea» da.

«Ibilbide luze baten ondorioz gaude gauden tokian eta hasiera hasieratik egin genuen aldarrikapenak oraindik ere indarrean jarraitzen du: eskualdeko ospitale publikoa nahi dugu», nabarmendu du.

Gorka Berasategiren arabera, «Osakidetzak bere zerbitzuak handitu eta indartu beharrean, pribatizazioari eta kontzertazioari ekiten dio» behin eta berriz. «Hiritarron osasunarekin diruzalekeria sustatzea erabat salagarria dela uste dugu eta horrela adierazi nahi izaten diogu Osakidetzako zuzendaritzari egiten ditugu mobilizazio eta greba guztietan».

Kalitatea bermatzeko, pribatizazio eta kontzertazioak amaitu

Bere ustez, pandemia egoerak zerbait erakutsi badigu, oinarrizko zerbitzuetan inbertsioa eta kontrola handitu behar dela da. «Osasun langileak babes neurririk gabe lanean egon dira denbora luzez; osasungintza eremu pribatuetan egoera are
eta okerragoa izan da».

Horregatik, argi ikusten du LABek pribatizazio eta kontzertazioek amaitu egin behar dutela osasungintzan, kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko. Horrelaxe adierazi izan du Tolosaldeako biztanleriak ere urteetan egin diren mobilizazioetan.

Asuncion Klinika publiko bihurtzeko pausoak eman daitezen aldarrikatu du LABek. «Osakidetzak klinika bere baitan txertatu eta langileak subrogatzea eskatzen dugu, prozedura legalek agintzen duten bezala, hain zuzen. Invizari ematen zaion dirutza zerbitzua hobetzeko erabiltzea eskatzen dugu, diru publikoaren xahuketarekin amaitzeko. Era berean, Tolosaldeak beharrezkoak dituen osasun zerbitzuei buruzko hausnarketa kolektibo bat abiatu behar dela aldarrikatzen dugu», erantsi du Gorka Berasategik.