NAIZ

Kutxabankeko hitzarmen berrirako aurreakordioa kritikatu du LABek

LAB sindikatuak gogor kritikatu du Kutxabankek eta sindikatu batzuek atzo sinatutako aurreakordioa. Zuzendaritzaren «mehatxuak» eta aurreakordioa sinatu duten sindikatuen jarrera salatu ditu.

Kutxabankeko langileen protesta bat, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Kutxabankeko langileen protesta bat, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

LABek salatu duenez, Kutxabanken atzo iragarritako aurreakordioak, sei urterako hitzarmenarekin, «berarekin ekarriko du soldatak izoztea, KPIa igotzen bada mugak jartzea, antzinatasuna mugatzea, langile erretiratuei eskubideak kentzea… enpresarentzat kosturik gabeko kontu gutxi batzuen truke».

Kutxabankek atzo eman zuen bere hirugarren hitzarmen kolektiboa izango denaren inguruko aurreakordioaren berri, sei urteko indarraldia izango duena, 2019 eta 2024 artean. Aurreakordioa CCOO, Pixkanaka eta Ale sindikatuekin sinatu du, baina ELAk, LABek eta Asprobankek ez dute sinatu. Aurreakordioa bi lanuzte egin ostean egin dute, otsailaren 18an eta martxoaren 17an.

Sindikatu abertzalearen esanetan, Kutxabankek langileak mehatxatu ditu hitzarmenaren negoziazio prozesu osoanzehar. «Sindikatu batzuen lankidetzarekin, enpresak nahi zuena lortu du. Mehatxuaren eta beldurraren taktikak nahi zituen emaitzak ematen dizkio», adierazi du.

Ildo horreta, aurreakordioa sinatu duten sindikatuen jarrera kritikatu du. Enpresaren borondateari «men egin» izana eta mobilizazioak «saboteatu» izana leporatu die.

«Nahiz eta gehienok langileen eskubideak defendatzeagatik mobilizatu garen, azken urteetan soldatak nabarmen igotzeko zalantzarik izan ez duen zuzendaritza gero eta zekenago baten nahiak asetzeko batzuk izandako aldez aurretiko jarrerak, eta zuzendaritzaren mehatxuek bere emaitzak izan dituzte, zoritxarrez, gure ustez berreskuratzen oso zailak izango direnak» adierazi du LABek.

Sindikatuak adierazi duenez, ezin du onartu «pandemian zehar aurreko urtean baino etekin gehiago lortu dituen enpresa batean erabateko konpromisoa erakutsi duen plantillari murrizketekin eta eskubideen galerarekin ordaintzea. Onartezina da».

Hori dela eta, aurreakordioaren aurka egiten jarraituko duela ziurtatu du LABek.