NAIZ

Izarran abiatuko da Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa, apirilaren 17an

Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa Izarran hasiko da apirilaren 17an eta Legution amaitu, maiatzaren 22an. Sei saio izango ditu orotara, gainerako laurak Araia, Oion, Amurrio eta Gasteizen.

Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa larunbat honetan aurkeztu da Zigoitian. (ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA)
Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa larunbat honetan aurkeztu da Zigoitian. (ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Udaberri honetan ere bertsoek ez dute etenik izango Araban. Udazkenean Arabako Bertsolari Txapelketak izan zuen etetetik birpentsatuta jaio da formatu berria, binakakoa izango dena. Hala Izarran abiatuko da Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa izango dena, apirilaren 17an.

Antolakuntzatik nabarmendu dute pandemia egoeraren ziurtasunak bultzatua eta banakako txapelketak izan zitzakeen oztopoen aurrean egin dutela binakako formatuaren aldeko hautua: «Bertsolariek lasai kantatu ahal izateko baldintza egokiak ez ziren bermatzen eta egoeraren aldakortasunak berak sortu zitzakeen gorabeherak izan dira erabakia hartzeko arrazoi nagusiak», azaldu dute Arabako Bertsozale Elkarteko sustapeneko arduradun Egoitz Iradier eta Uxue Diaz de Ceriok, larunbat honetan Zigoitian egin duten aurkezpenean.

Hemezortzi bertsolari

Bertsolariak, beraz, binaka arituko dira txapelketan. Lehenengo final laurdena apirilaren 17an jokatuko da, Izarran. Eta maiatzaren 22an bukatuko da, Legutioko kirolgunean. Orotara hiru final laurden, 2 finalerdi eta finala izago dira: Izarra, Araia, Oion, Amurrio, Gasteiz eta Legutio.

Egiturari dagokionez, txapelketak 18 bertsolarik osatutako 9 bikote izango ditu final laurdenetan, 6 bikote finalerditan eta 3 bertsolari bikote finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean. Final laurden eta finalerdiak aretoetan jokatuko dira eta finala Legutiko kiroldegian.

Bertsolari bikoteak Iñaki Viñaspre-Unai Anda, Xabi Igoa-Felipe Zelaieta, Elisabet Zaldua-Aitor Ugarte, Peru Abarrategi-Beñat Garaio, Manu Bendala-Oihane Perea, Martin Abarrategi-Manex Agirre, Irati Anda-Aroa Arrizubieta, Xabier Antia-Andere Arriolabengoa eta Ander Aranburu-Rikardo Gonzalez de Durana izango dira.

Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren jarraipena era ezberdinetan egin daiteke, tartean Arabako Bertsozale Elkartearen web gunean, www.bertsoa.eus-en edota sare sozialetan.