Maite Ubiria

Tokiko Etxebizitza Plana gaur gaurkoz ez dela onargarria ohartarazi du EH Baik

Euska Herria Baik agerraldia egin du Monbar hotela barne zuen eraikinaren aurrean, Baionako Pannecau karrikan. Parisko promotore batek 6.580 eurotan metro karratu salgai jarriko dituen 10 apartamendu eraikiko ditu bertan. Tokiko Etxebizitza Planaren gabeziak aipatzeko eskenatoki aproposa.

EH Baiko ordezkariek lurraldearen eta herritarren beharrei erantzuteko eginen den etxebizitza plana galdegin dute. (
EH Baiko ordezkariek lurraldearen eta herritarren beharrei erantzuteko eginen den etxebizitza plana galdegin dute. (

Euskal Herria Baik etxebizitza izateko eskubidea ez dela salgai dioen parkarta ezarri du Monbar hotelaren atarian. Herri honek pairatu zuen gerra zikinaren sinboloa baden Pannecau karrikan etxebizitza eskubidearen aldeko mezua pasatu dute, gaur arratsaldean, alderdiaren ordezkariak.

Heldu den apirilaren 10ean ondoko sei urtetarako etxebizitzaren alorrean jarraituko beharreko norabideak zehazten dituen Tokiko Etxebizitza Plana eztabaidagai izanen du Euskal Elkargoak.

Gaur gaurkoz plan horrek finkatzen duen ildorekin ez dator ba Euskal Herria Bai. «Egun idatzita dagoen bezala ez dugu uste hautetsiek ahal dutenik plana babestu», adierazi du Nicolas Blain bozeramaleak.

«Ez gara Armada bat, gu ez gira inor hautetsi bati zer bozkatu behar duen esateko, bere herriari begira eginen du bere hautua; aldiz, guk plana aztertu dugu eta hainbat elementu baikorki hartzen baditugu ere, hala nola hiru lurraldei buruz diagnosia eskaintzen duelako, erranen dugu ez dela aski, lurralde antolaketa orokor batean txertatuko den etxebizitza plana behar dugulako», gaineratu du Peio Etxeberri-Aintzart.

Hainbat datuk argiki adierazten dute «arazo larria dela». Hala Euskal Elkargoak landu duen 300 orrialdeko txostenean jasotzen denez Ipar Euskal Herrian dauden etxebizitzen %21a bigarren egoitzak dira, eta %7 hutsik diren etxebizitzak dira.

Izan ere, hazkunde demografikoari buruzko aurreikuspenetan oinarrituz ondoko sei urtetan 2.700 etxebizitza inguru eraikitzeko «beharra» jasotzen du TEPk.

Urtero 2.500 biztanle gehiago izanen dira Ipar Euskal Herrian. Jaiotzek ez dute berez populazioaren hazkunde hori azaltzen, bai ordea beste lurraldetatik etorritako jendearen mugimendua.

«Ez dugu ezer kontra, hona bizitzera etortzen den jendea herri honen kultura eta bizimodua aintzat hartzen baditu, baina gure ustez hazkunde demografikoari erantzuteko ez da baitaezbada etxebizitza berriak eraiki behar», gaineratu du Etxeberri-Aintzartek.

Diagnosia kezkagarria

Bereziki Lapurdiko kostan kokatzen diren hainbat herritan etxebizitzen erdia bigarren egoitza bezala erabiltzen dela kontuan harturik, etengabe etxeak eraikitzeari zentzurik ez dio atzematen hautetsi lohizundarrak. Are gehiago, ingurugiroaren aldetik zein lurralde xahuketaren ikuspuntutik etxegintzak hartu duen errirmo azkarrak sortzen dituen arazoak gogora ekarri ditu EH Baiko ordezkariak.

Euskal Elkargoak landu duen Tokiko Etxebizitza Planak aitzineko hamarkadan eginiko prospekzioa hartu eta ondoko urteotan bide beretik jarraitzea proposatzen duelako egitasmo hori «eskas dela» uste du EH Baik. Horren ordez, tokiko biztanleriak dituen beharretara lerratuko den planifikazioa aldarrikatu du.

Ikusmolde horri lehentasuna ematea ez da kapritxoa, are gutxiago aintzat hartzen bada «Ipar Euskal Herriko populazioaren %80 etxebizitza soziala eskuratzeko irizpidetan sartzen dela», Blainek nabarmendu duenez.

Bistan da Monbar hotel zenaren eraikinean promotore batek eraikiko dituen apartamenduek beste bezero motari zuzenduak izanen dira. Metro karratu bakoitzeko 6.580 euro ordaintzeko aukera izanen duen jendearentzat, Gabi Aristeguik nabarmendu duenez.

Apirilaren 10an Euskal Elkargoak ezabaidatuko duen dokumentuak duen garrantzia ikusita, egun txostenak dituen gabeziak zuzentze aldera ahalegin berezia eskatu du EH Baik.

Bilkura horretan planaren norabideak erabakiko dira eta urte hondarrean, berriz, behin betiko hautua hartuko dute Euskal Elkargoko 232 kontseilariek.

Denbora badenez, egitasmoa euskal eragileekin partekatzeko eta Ipar Euskal Herriak behar duen etxebizitza politikari buruz gogoeta sakona pizteko eskaera luzatu du alderdiak. Bere aldetik, etxebizitza eskubidea bigarren mailako afera ez dela sinetsirik, gaiari buruz eztabaida bultzatzen segituko du EH Baik.