NAIZ

‘Zine’ jaio da, diziplina arteko ikerketa bultzatzeko bokazioz

‘Zine: ikerketa zinematografikorako koadernoak’ Elias Querejeta Zine Eskola, Euskadiko Filmategia eta Donostia Zinemaldiaren argitalpen akademikoa da. Jatorrizko ikerketak plazaratuko ditu, ikasketa zinematografikoetan ezagutza espezializatua sustatzeko, diziplina arteko ikuspegi batetik.

Elias Querejeta Zine Eskolak, Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak ‘Zine’ argitalpen akademiko berria aurkeztu dute. (Maialen ANDRES/FOKU)
Elias Querejeta Zine Eskolak, Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak ‘Zine’ argitalpen akademiko berria aurkeztu dute. (Maialen ANDRES/FOKU)

Elias Querejeta Zine Eskola (EQZE), Euskadiko Filmategia eta Donostia Zinemaldiak bat egin dute ‘Zine: ikerketa zinematografikorako koadernoak’ plazaratzeko. Online argitalpen hau urtean bitan kaleratuko da, eta kultura zinematografikoak beste diziplina zientifiko eta humanistiko batzuekin dituen loturak aztertuko ditu, arreta berezia eskainiz euskal zinemari.

Lehenengo alean Nestor Basterretxeak zinean egin zuen lana aztertu dute, konstruktibismoaren ikuspuntutik, eta Maria Jesus ‘Tatus’ Fombellidaren lana aurkeztu dute.

Aurkezpenean azaldu dutenez, alorrerako garrantzitsuak diren ekarpen mota guztiak onartzen dituen arren, ‘Zine’ argitalpenaren helburu nagusia da euskal zinemaren eta ikus-entzunezkoen ondareari eta kulturari buruzko begirada berriak proposatzen dituzten lanak babestea eta argitaratzea, dela kontakizun kanonikoetatik kanpo geratu diren ikerketa kasuak aztertuz eta horiei balioa emanez, dela figura finkatuen berrikuspen kritikoa eginez, dela tokiko tradizio akademikoan horrenbeste garatu ez diren diziplina arteko metodologia berritzaileak praktikan jarriz.

Berrikuntza espazio gisa planteatzen da, eta euskal zinemari buruzko ikasketen mugak zabaltzea ez ezik, zinema ikasketenak ere zabaltzea proposatzen du Euskal Herritik.

Banaketa online egingo da, oso-osorik. Argitalpena proiektuan parte hartzen duten hiru instituzioen webguneetan egongo da eskuragarri, nahi duen orok euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez deskargatzeko.

Lehenengo alea, euskal zinemari eskainita

‘Zine’ren ale bakoitzak bi atal nagusi ditu: batetik, espezialistek egindako ikerketa monografiko bat; bestetik, Elias Querejeta Zine Eskolaren Ikerketa Sailak bultzatutako ikerketa proiektuei eta ekintzei lotutako materialak. Horregatik, nazioarteko komunitate akademikoaren topagunea ere bada.

Bildumaren lehen ale honetan, Elixabete Ansa Txileko Unibertsitate Katoliko Pontifikaleko Estetika Institutuko Ikasketa Gaietarako zuzendari eta irakasle elkartuak zinemaren eta fabrikaren arteko harremanaren azterketa bat proposatzen du, euskal zinema ikuspegi «eraikitzaile» batetik irakurtzeko proposamen baten bidez. Ansaren artikuluaren abiapuntua Nestor Basterretxearen ‘Operación H’ (1963) filma eta euskal zinean komunitateak izan dituen formak problematizatzeko beharra dira.

Bestalde, Maria Jesus ‘Tatus’ Fombellida zinemagile amateurrak 1975etik 1985era  filmatutako ‘Gure Herria’ dokumental sortari buruzko dosierra jaso da. Atal hori sinatu dute Enrique Fibla EQZEko ikertzaileak, Benoît Turquety Lausanneko Unibertsitateko irakasle eta zinema amateurrean adituak, eta Sahatsa Jauregi artistak. Dokumental sortako bederatzi filmen bertsio digital berriak argitaratu dituzte EQZEren webgunean.

‘Zine’ ikertzaileen ekarpenei zabalik dagoen proiektua da. Proposamenak zine@zine-eskola.eus helbidera helaraz daitezke. EQZEren webgunean daude jarraibideak.