Asier Aiestaran

Garaipen bikainarekin ziurtatu dute finalerdietarako txartela Peñak eta Albisuk

Nagusitasun osoz menderatu dituzte Jaka eta Martija Labriten (11-22), sailkapenean hamargarren puntua eskuratuz. Horrek esan nahi du Altuna III.ak eta Mariezkurrenak kanporaketa jokatu beharko dutela, eta Ezkurdia-Galartza ere kanporaketeta horietan izango direla.

Jon Ander Peña, pilota astintzen Labriteko partidan (Gorka RUBIO / FOKU)
Jon Ander Peña, pilota astintzen Labriteko partidan (Gorka RUBIO / FOKU)

Peña II.a eta Albisu Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxkan izango dira, play-offik jokatu beharrik gabe. Baikoko gipuzkoarrek partida bikaina jokatu dute Iruñeko Labrit pilotalekuan eta nagusitasun osoz menderatu dituzte Jaka eta Martija (11-22), sailkapenean hamargarren puntua eskuratuz. Horrek esan nahi du Altuna III.ak eta Mariezkurrenak kanporaketa jokatu beharko dutela finalerdietan sartu ahal izateko, eta Ezkurdia-Galartza ere kanporaketeta horietan izango direla.

Erik Jaka eta Julen Martija, aldiz, bost garaipenekin geratuko dira sailkapenean, eta igandeko emaitzaren zain play-offak jokatuko dituzten edo ez jakiteko. Igandean Zarautzen Peio Etxeberriak (eskua minuta duen Ezkurdiaren ordez jokatuko duela jakinarazi du Aspek neurketa amaieran) eta Galartzak irabazten badute Erik eta Julenek bizirik jarraituko dute lehiaketan; Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak (Imazen ordezkoa) irabazten badute, Baikokoek lortuko dute kanporaketa jokatzeko txartela.

Labriteko neurketak historia gutxi izan du. Paper gainean goi-mailako neurketa zirudien arren, Albisu eta Peña nagusi izan dira hasiera-hasieratik, eta inolako arazorik gabe lortu dute garaipena. 338 pilotakada bakarrik izan ditu norgehiagokak eta 45 minutu eskas iraun ditu.

Martijak atzean egindako tanto batekin 1-0 aurreratu dira markagailuan, baina urdinek bost tantoko partzialarekin erantzun dute. Jon Ander Peña oso erasokor aritu da hasieratik, sakez min handia eginez eta piloteoan ere abiadura ikaragarria ezarriz. Atzean ere, Albisu Martija baino askoz gehiago izan da.

«Tentsio aldetik orain arteko partidarik garrantzitsuena izan da gaurkoa niretzat, asko geneukan jokoan, eta horrelako egun batean maila ona ematea oso pozgarria da niretzat», adierazi du amaieran Jon Ander Peña tolosarrak. «Aurreneko egunean esan balidate hau, ez nukeen sinetsiko», gaineratu du aurrelari gazteak.

Beste aldean, Erik Jaka nahiko disgustora azaldu da materialarekin: «Aukeraketaren egunean ez zitzaidan iruditu, baina pilotak ikaragarri irtetzen ziren, sekulako botea hartu dute. Albisuk ikutu hutsarekin errebotean sartzen zuen pilota».

Pilotakadak: 338. Partidaren iraupena: 45 minutu eta 30 segundo.  
Markagailua: 1-0, 1-5, 3-5, 3-9, 6-9, 6-13, 7-13, 7-16, 9-16, 9-21, 11-21 eta 11-22. Sakez eginak: 3 Jakak eta 3 Peña II.ak. Jokoan eginak: 2 Jakak, 1 Martijak, 8 Peña II.ak eta 5 Albisuk. Galdutakoak: 5 Jakak, 1 Martijak, 2 Peña II.ak eta 3 Albisuk Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekuan ateak itxita jokatutako partida.