Asier Aiestaran

Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi dira Laboral Kutxa Masterreko txapeldunak

Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre 22-15 menderatu dituzte nafarrek Irunen jokatu den finalean. Une askotan markagailuan atzetik ibili diren arren, azken txanpan egoera irauli eta bederatzi tanto jarraian eginda 13-15etik 22-15era joan dira zuzenean. Aurten eman dute jauzia pilota mistora.

Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre, sari banaketan (EMC)
Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre, sari banaketan (EMC)

Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi dira binakako Laboral Kuta Masterraren txapeldunak, Irunen jokatu den finalean Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre 22-15 menderatu ostean. Une askotan markagailuan atzetik ibili diren arren, nafarrek egoera irauli egin dute azken txanpan eta bederatzi tanto jarraian eginda 13-15etik 22-15era joan dira zuzenean.

Agirre eta Ruiz de Larramendi beteranoentzat garaipen esanguratsua da gaurkoa, iaz pilota goxoarekin txapeldun izan ondoren, aurten lehen aldiz jokatu dutelako lehiaketa pilota mistoan. Eta argi ikusi da daukaten mailarekin ez dutela arazorik izango material horrekin ere garaipenak lortzeko.

Finalaren erritmoa Olatz Arrizabalagak ezarri du. Gorriek ateratzen zuten pilota motelarekin gehiago kostatzen zitzaion arren, bere pilota biziagoa ateratakoan min handia egin du aurrelari bizkaitarrak. Eta horregatik takada askoko neurketa izan da.

Lehenik gorriak 3-0 aurreratu, gero urdinak 3-6 ipini dira aurretik, eta ondoren norgehiagoka asko parekatu da, 8-8ko berdinketara arte. Arrizabalagak sakez min egin du une horretan eta 9-13 ere aurreratu dira.

Finalaren azken txanpan, ordea, gorriek pazientzia eta lasaitasun gehiago erakutsi dute. Iera Agirrek ongi asmatu du aurrean Olatz Arrizabalagari pilotak bihurritzen, eta Maite Ruiz de Larramendik ere min handia egin du bolearekin pilotak txokoan sartuz, nahiz eta Naroa Agirre zestoarra oso seguru ibili den neurketa guztian.

Tantoak bata bestearen atzetik erortzen joan dira nafarren alde, eta Olatz Arrizabalagak desesperazio puntu batekin amaitu du, esku-eskura izan duten partidak ihes egiten zuela ikusita.

«Oso pozik gaude, lan asko egin dugulako txapel hau irabazi ahal izateko. Maitek sekulako lana egin du, boleak ederki funtzionatu dio», aztertu du Iera Agirre leitzarrak.

«Inpotentzia sentitu dut. Sentsazioa izan dut ongi jokatzen ari ginela, gehiago ginela jokoan, baina tantoek ihes egiten zuten», esan du bere aldetik Olatz Arrizabalagak, bakarka dena irabazi duen arren binakako txapela irabazi ezinik jarraitzen duen bizkaitarrak.

Hirugarren posturako lehiari dagokionez, Leire Garai eta Oihana Orbegozok lortu dute garaipena Irantzu Etxebeste eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka.