Arnaitz Gorriti

Saski Baskoniako lituaniarrek zuzendu dute gasteiztarren garaipena Andorran (68-82)

Sedekerskis eta Giedriatisen lanari esker, nagusi izan dira Dusko Ivanovicenak 2017-2018 denboraldiaz geroztik aurreneko garaipena erdietsiz Andorran. Bestalde, eskuineko orkatila okertu du Pierria Henryk bigarren laurdenean eta ikusi egin beharko da ostegunean Valentzian jokatzerik izango duen.

Giedriatis, Paulirekin borrokan, Saski Baskoniaren gidarietako bat izan da Andorran. (Albert MARTIN / ACB PHOTO)
Giedriatis, Paulirekin borrokan, Saski Baskoniaren gidarietako bat izan da Andorran. (Albert MARTIN / ACB PHOTO)

MORABANC ANDORRA 68 - TD SYSTEMS BASKONIA 82

2017-2018 denboralditik hona Andorran irabaztea zer zen ez zekien Saski Baskoniak, baina igande honetan lortu du. Egia da Morabanc Andorra bajaz josita dagoela, baina talde gasteiztarrak sei egunetan hirugarren partida jokatu du. Nekeak neke eta bidaiak bidaia, Dusko Ivanovicenek behetik goranzko partida egin dute eta defentsa gogortzeaz bat, nagusi izan dira, Sedekerskis eta Giedraitis buru hartuta.

Albisterik txarrena, bestetik, Pierria Henryk eman du. Bigarren laurdenean eskuineko orkatila okertu du eta ez du gehiago jokatu. Ikusi egin behar datorren osteguneko Euroligako partidarako jokatzeko gai izango den Virginiako antolatzailea.

Hasiera batean nahikoa fundamentu handirik gabe ekin dio defentsan Saski Baskoniak. Morabanc Andorrak errotazio motza eta jokalari onenetako batzuek –Tyson Perez eta Moussa Diagne, kasu– min hartuta izanagatik, aldea nahiko erraz hartu du, 15-9, Bandja Sy hegaleko frantsesak nahi bezala saskiratu baitu behin eta berriz.

Alabaina, Dusko Ivanovicen taldeak erasoan errakzionatzeko aukera ez du alperrik galdu. Hasteko, Giedraitis eta Sedekerskis lituaniarren eskutik, eta ostean, Youssoupha Fall pibot erraldoiari esker. Nahiz eta aurreneko laurdena etxekoen alde erori, 23-21eko emaitza ez da horren kezkagarria izan, itxura baten Baskoniak azeleragailua sakatzeaz bat aldea kentzeko ahalmena erakutsi baitio aurkariari.

Atsedenaldira markagailua 34-36 dela iritsita, esan liteke apurka hobetzen joan dela gasteiztarren jokoa, defentsan batik bat. Hala ere, laurden honek zenbait xehetasun kezkagarri laga ditu. Larriena, Pierria Henryk eskuineko orkatila okertu duela. Virginiako antolatzailea kantxatik erretiratu egin behar izan da eta errenka joan da taldeko fisioterapeutarengana. Bestetik, defentsako errebotea zaintzeko makina bat komeria izan ditu talde gasteiztarrak Andorraren ordezkoen aurrean. Alegia. Clevin hannah antolatzaile titularra kantxan ez dagoenean, asko moteltzen da Ibon Navarrok zuzentzen duen taldearen eraso jokoa, baina Sergi Garcia ordezko antolatzailea –pasa den denboraldian Baskonian izan zen– erreboteak hartu edo bideratzeko oso antolatzaile ona da, esku bizkorrak eta zango indartsuak dituelako jauzi egin edo baloiak batera edo bestera bideratzeko.

Dena dela, eta Luca Vildozak behar baino baloi gehiago galdu arren, gasteiztarrek markagailua beren alde jartzea lortu dute, Zoran Dragicen hirukoei eta Giedriatisek aurreneko erdiko azken segundoan sartutako saskiratzen bati esker.

Seriotasuna nagusi

Sedekerskis eta Giedraitis lituaniarren eguna izan da. Erasoan zein defentsan, beraiek biak izan dira Baskoniaren jokoari seriotasuna ezarri diotenak. Hala ere, beren taldekideen defentsako lana ere asko hobetu da atsedenaldiaz geroztik. Andorrak baloii ugari galdu ditu hirugarren laurdenean eta orduan bai, behin eta betiko hanka egitea lortu du Dusko Ivanovicen taldeak, azken hamar minutuetara markagailua 52-63 dela.

Andorrak, dena den, izan du aukerarik azken laurdenean gehixeago egiteko. Hirugarren zatian Senglini esker aldeari nolabait eutsi diote Ibon navarrorenek, baina Senglinen etorria amitu denean, ez da beste inorenik azaldu, eta Saski baskoniak hainbat ¡jaurtiketa libre huts eginda ere, hamar puntutik gorako aldeari erraz asko eutsi dio. Azken laurden horretan Vidoza eta Alec Ptersek ere laguntza bikain askoa eman dute, izan ere, azken buruko arazorik izan ez dadin.

Ez hori bakarrik, azken minutuetan Polonarak eta Raieste gazteak birrintze eder pare bat ere laga dituzte, talde gasteiztarrak partida lasai eta gozatzeko tenorean amaitu ahal izan duenaren seinale.

Datorren ostegunean «final» handi bat du TD Systems Baskonia, Euroligako Fase Erregularreko azken neurketa, alegia, Valentzian. Irabazita ere, Euroligako Top 8tik kanpo geratzeko aukera asko ditu talde gasteiztarrak, baina horrek ez dio ardura. hau da, batetik, ikusi egin behar Andorran nozitu duen lesiotik nola errekuperatzen den Pierria Henry, eta bestetik, jokatzeko moduan dauden horiekin, garbi dago gasteiztarrak lehiakor izango direla.

FITXA

Andorra: Hannah (5), Pauli (7), Jelinek (3), Bandja Sy (16) eta Parakhouski (4) –hasierako bostekoa–, Senglin (18), Olomuyiwa (10), Kulvietis (5) eta Sergi Garcia.

Baskonia: Sedekerskis (14), Giedraitis (15), Polonara (6), Diop (6) eta Pierria Henry –hasierako bostekoa–, Vildoza (9), Fall (8), Alec Peters (13), Dragic (9), Raieste (2) eta Kurucs.

Partzialak: 23-21, 11-15, 18-27, 16-19.