Asier Aiestaran

Urrutikoetxea eta Ander Imaz, Binakakotik kanpo Zarautzen galdu ondoren (18-22)

Ezkurdiaren ordez jokatu duen Peio Etxeberriak eta Ladis Galartzak garaipena lortu dute Aritzbatalde pilotalekuan eta emaitza horri esker Jaka eta Martija Aspeko enpresakideak play-offean sartu dira. Altuna-Mariezkurrena / Jaka-Martija eta Ezkurdia-Galartza / Olaizola-Rezusta dira kanporaketak.

Galartza izan da unerik zailenetan bikoteari eutsi diona (Maialen ANDRES / FOKU)
Galartza izan da unerik zailenetan bikoteari eutsi diona (Maialen ANDRES / FOKU)

Urrutikoetxea eta Ander Imaz Binakako Txapelketatik kanpo geratu dira gaur Zarautzen, ligaxkaren azken jardunaldiko partidan, Peio Etxeberria eta Ladis Galartzaren aurka 18-22 galdu ondoren.

Emaitza horri esker, Jaka eta Martija dira play-offak jokatzeko txartela eskuratu dutenak, eta oraindik neurketa bat falta den arren, kanporaketa horiek jada erabakita gelditu dira: alde batetik Altunak eta Mariezkurrenak (hirugarren sailkapenean) Jaka eta Martijaren (seigarren) aurka jokatuko dute; bestetik, Ezkurdiak eta Galartzak (laugarren) Olaizola II.a eta Rezustaren (bostgarren) kontra neurtu beharko dute. Bi partidak datorren asteburuan jokatuko dira eta finalerdietako ligaxkan zain izango dituzte lehen bi postuetan amaitu duten Elezkano-Zabaleta eta Peña-Albisu.

Zarauzkoa neurketa gogorra izan da, 632 pilotakada eta 80 minutu pasatxokoa. Urdinak azkar aurreratu dira, Peio Etxeberria oso indartsu sartu delako jokoan eta bere pilota biziarekin min handia eginez. Konturatzerako 2-9 aurretik ipini dira, eta ordurako Zenotzeko aurrelariak zazpi tanto zituen jokoan eginak.

Gorriek pilota aldatzea lortu dutenean, ordea, partidaren itxura aldatu egin da. Urdinek jada ez zuten horrenbesteko minik egiten erasoan eta gorriak erosoago aritu dira defentsan. Hala ere, 8-13kora arte, aldeak handi samarrak izan dira bi nafarrentzat. Baina jokoaren norabideak gorrien aldekoa ematen zuen, are gehiago bost tanto jarraian eginda neurketa 13-13 berdintzea lortu dutenean.

Une txarrak izan dira horiek Peio Etxeberriarentzat. Pilota ez zitzaion eskuan sartzen, erremate asko joan zaizkio kanpora –azkenean 9 izan ditu jokoan galdutakoak– eta Ladis Galartza izan da bikoteari eutsi diona egoerarik zailenetan. Baraibarko atzelariak neurketa bikaina jokatu du, oso serio hasieratik amaierara, eta Aretxabaleta lan asko eta zaila egitera behartu du.

Azkenean gorriek ez dute inoiz markagailuan aurretik jartzea lortu. 13-13, 16-16, 17-17 eta 18-18 berdinduta egon arren, beti urdinak izan dira berdinketa beren alde apurtu dutenak, eta horrelakoetan gertatzen den legez, azkenean 22ra iritsea lortu dute. Lau tantoko azken partzial batekin izan da, 18-18tik 18-22 alde eginez.

«Lau pilotariok partida ona eta gogorra egin dugula iruditu zait. Frontoi hau ez da erraza jokatzeko, eta hala ere ongi jokatu dugula uste dut», hausnartu du Ladis Galartzak amaieran.

Jaka eta Martijari egindako faboreari buruz, hauxe aipatu du: «Atzoko emaitza ikusi nuenean argi neukan gaur partida on bat jokatzera etorri nahi nuela, tentsioan jarraitzeko eta sentsazio onekin amaitzeko. Eta bide batez enpresako kideei esku bat bota badiegu, ba askoz hobe».