Haritz Larrañaga

Lau astez luzatuko den «hirugarren konfinamendua» indarrean da Ipar Euskal Herrian

Apirilaren 3an ezarri ziren Ipar Euskal Herrian osasun neurri berriak, baina Pazkoko oporretan salbuespenak izan dira. Beste neurri batzuen artean, hurrengo lau asteetan eskolak itxita izango dira, ezin dira 10 kilometro gainditu eta «ezinbestekoak ez diren» saltokiak ere itxita egongo dira.

Baionako kaleetan ere denda anitz itxiak dira neurri berrien ondorioz. (Guillaume FAUVEAU)
Baionako kaleetan ere denda anitz itxiak dira neurri berrien ondorioz. (Guillaume FAUVEAU)

Martxoaren 31n eman zituen aditzera osasun neurri berriak Emmanuel Macronek. Hots, apirilaren 3an ezarri ziren Ipar Euskal Herrian frantziar presidenteak iragarritako osasun arau berriak. Neurri esanguratsuenak eskolen itxiera, bizilekutik 10 kilometro baino gehiago urruntzeko debekua eta «ezinbestekoak ez diren» saltokien itxiera dira, eta lau astez luzatuko dira.

Bestalde, etxeratze agindua arratsaldeko zazpietan mantentzen da eta mugako joan-etorrien arauak ere lehengo horretan mantentzen dira. Hau da, soilik 30 kilometroko erradioan bizi direnak eta mugaz gaindi lan egiten dutenak pasa daitezke Gipuzkoara edo Nafarroara PCR frogak erakutsi gabe.

Pazko eguneko oporraldiarekin bat egin dute osasun neurri berriek, baina Ipar Euskal Herrian malgutasuna izan da nagusi azken egunetan. Izan ere, apirilaren 3an arratsaldeko zazpietan sartu zen indarrean 10 kilometroko distantzia ez gainditzeko araua, baina salbuespen bat egin zuten, apirilaren 5era arte luzatzen ziren Pazkoko oporrak amaitu arte.

Horrela, pertsona bakoitza asteburuan zegoen lekua hartzen zen oinarri 10 kilometroko muga hori ezartzeko. Alegia, Pariseko hiritar batek Biarritzen pasa zitzakeen oporrak, baina Biarritzik hamar kilometro baino gehiago urrundu gabe.

Gauzak honela, eguraldi onarekin batera Lapurdiko kostaldea bisitariz mukuru izan da azken egunetan. Hotelak, alokairuzko apartamentuak eta bigarren etxebizitzak, haien etxeetatik hamar kilometro baino askoz ere distantzia luzeagora zeuden bisitariz bete dira, baina azken orduetan haien jatorrizko etxebizitzetara itzuli behar izan dute, oraindik konfinamendua Ipar Euskal Herrian pasatzeko hautua egin duten bisitariak izan daitezkeen arren, batez ere bigarren etxebizitzen jabeak.

Osasun neurri berriak zurrun ezartzen hasi diren egiazko data apirilaren 6a da eta konfinamendu berriaren zantzuak nabarmentzan hasi dira Ipar Euskal Herrian. Polizia frantsesak autobideetako ordainlekuetan kontrolak ezarri ditu, ikasleak etxean geratu dira, hurrengo lau asteetan etxetik lan egin behako baitute. Enpresa anitzetako langileek ere etxean lan egiteari ekin diote, «ezinbestekoak ez diren» saltokiek ezin izan dituzte haien ateak ireki eta azken egunetako eguzki izpien ostean, euria nagusitu da. Negu iluna itzuli da Ipar Euskal Herrira bat-batean.

Kaleak hutsak eta merkatuak mukuru

Donibane Lohizuneko Ganbeta kalea hutsa zen gaur goizean. Kale nagusia inguratzen duten arropa denda guztiak itxiak ziren, baina baziren ateak irekiak zituzten denda anitz ere. Adibidez, txokolategiak, lurrindegiak, lore dendak, kinkila-dendak, optikak, janari denda txikiak, liburu-dendak, tabako eta zigarreta elektronikoen saltokiak, bizikleta dendak edo telefono saltokiak. Baina, kaleak hutsak ziren, eta baita azken egunetan jendez gainezka izan den Hondartza Handia ere.

Ordea, Donibane Lohizuneko merkatua jendez gainezka zegoen, erosleek ilarak egiten zituzten arrandegi, harategi edo barazki denden aitzinean, eta inguruko kafetegietan ere baziren jende multzoak, haien ateak itxita izan arren, leihotik kafea eskaintzen baitute eramateko edalontzietan.

Osasun neurri berriek eragin handirik izan ez duten beste eremua saltoki handiak izan dira. LIDL, Carrefour edo E.Leclerc bezalako saltokietako aparkalekuak beteak ziren eta baita barru aldeak. Esaterako, Urruñako E.Leclerc saltoki handian ileapaindegiak, lore dendak, arropa tindategia, aldizkari denda, ordenagailu denda eta ikus-entzuneko gailuen denda ere irekiak ziren. Soilik arropa denda eta bitxi dendak ziren itxiak.

Lau astez luzatuko den hirugarren konfinamendua abian da eta arauak betetzen ez dituenak 135 euroko isuna jaso dezake. Bigarren aldiz arau hauste bat egiten duenak, ostera, 3.750 euroko isuna izan dezake.