Beñat Zaldua

Posible al da Marten hegan egitea?

«Ingenuity» helikopteroak gaur egin behar zuen gizakiak beste planeta batean kontrolatutako lehenengo hegaldia, baina atzo iluntzean NASAk saiakera atzeratu zuen, helizeekin arazo bat suertatu eta gero. Erronka teknologikoa, izan ere, ez da xamurra izan. Asteazkenean eginen du lehenengo saiakera.

El Ingenuity, en esta imagen a unos cuatro metros del Perseverance, se prepara para su primer vuelo en Marte. (NASA/JPL-Caltech/MSSS-AFP)
«Selfie» bitxia Marten. Lehenengo planoan, «Perseverance» jeepa. Atzean, «Ingenuity» helikopteroa. (NASA/JPL-Caltech/MSSS-AFP)

1903. urtean, gizakiak egindako lehen gailua hegan jarri zutenean, Wright anaiek ez zuten imajinatu ia 120 urte geroago, hegazkin aitzindari haren puska bat Martera iritsiko zenik. Are gutxiago, beste planeta batean hegan egin nahi duen lehenengo helikopteroaren parte izango zenik. Efektu kolpeek duten garrantziaren jakitun, NASAko ingeniariek “Wright Flyer I” hegazkinaren oihal zati bat josi zuten “Ingenuity” helikoptero txikian. Guztiak prest zirudien gaur lehenengo saiakera egin ahal izateko, baina azken orduko ezbehar batek asteazkenera atzeratu du hegaldia, atzo NASAk jakitera eman zuenaren arabera. Helizeen proba ez zen behar bezala atera.

Egiari zor, Wright anaien hegazkinaren trikimailuarekin ez zituzten NASAn neuronak zukutu, Neil Amstrong ilargira eraman zuen ontzian ere josi baitzuten lehen hegazkinaren oihal puska bat. Buruhausteak beste batzuk izan dira, Marteko baldintzetan hegan egin dezakeen gailua eraikitzea ez baita erronka xamurra izan. Bide horretan lagun izan dute, sistema operatiborako, Linux eta kode irekia.

Txikia eta arina izan behar zen, alde batetik, “Perseverance” barruan sartu behar zelako. Gogorra eta erresistentea izan behar zen, bai ala bai, abiapuntu duen Marteko Jezero kraterrean tenperaturak 90 gradu zero azpira jaitsi daitezkeelako. Erronka, kasu honetan, baterientzat izan da, gehienbat. Nola bermatu gailuaren autonomia Lurretik milioika kilometrora? Azkenik, eta asko laburtuta, Marteko atmosfera eta grabitatea guk ezagutzen ditugunak baino askoz ere arinagoak dira, eta horrek “Ingenuity” helikopteroaren lau helizeei esfortzu handiagoa eskatuko die. Pentsa, Marteko atmosferaren dentsitatea Lurrean daukagunaren %1 baino ez da.

30 segundoko hegaldia

Lehenengo bi erronka nagusiak arrakastarekin gainditu ditu “Ingenuity” helikopteroak. “Perseverance” jeepa otsailaren 18an iritsi zen Martera, 471 milioi kilometroko eta ia zortzi hilabeteko bidaiaren ostean. 1,8 kilo pisatzen dituen “Ingenuity” bere barnean egon da bateriak kargatzen, harik eta, apirilaren 4an, jeep martzianoak ateak ireki, 10 zentimetroko jauzia egin, eta Marteko azalean pausatu zen arte. Lehen mugarria izan zen.

Bigarrena gauez bizirautea izan zen. Horretarako, “Perseverance” pixka bat urrundu zen –argazkian ikusi daitekeen bezala–, “Ingenuity”-ren eguzki plakek errendimendu handiena lortu eta barruan daraman berogailuak bere lana arazorik gabe egin zezan. Azken hau zazpigarren gaua izan da Jezero kraterrean, eta helikoptero txikiaren bateriak ongi erantzuten jarraitzen du.

Atzo arazoak eman zituen helizeen errotazioak ongi funtzionatzen duela baieztatzen badu, NASAko zurrusta-propultsio laborategia –JPL, ingelesez– prest egonen da inoiz Marten egin den lehenengo hegaldi kontrolatuta egiteko. Edo behintzat, saiatzeko. Izan ere, azken erronkari aurre egiteko, helizeen errotazio abiadura da “Ingenuity”-ren ezkutuko karta. Helikoptero arrunt batenak baino askoz azkarrago mugitu beharko dira Marten zentimetro batzuk altxatu ahal izateko. NASAren arabera, “Ingenuity”-ren helizeak 2.400 aldiz egiten dute bira minutu bakarrean. Zorabiatzeko modukoa.

Eta dena ongi badoa, zer gertatuko da? Ezer gutxi, itxura batean. “Ingenuity”-ren helburua Marteko azaletik gehienez hiru metro altxatzea da, eta, lehen hegaldi honetan, 30 segundo mantentzea airean. Tarte horretan bereizmen handiko argazkiak aterako ditu, eta listo. Misioaren helburua hegaldia bera baita: Marten gailu batek hegan egitea teknologikoki posible dela demostratzea. “Ingenuity”-ren aurrekontua 85 milioi dolarekoa dela kontuan izanda, baten batek pentsa dezake arrakasta eskasa dela 30 segundoko hegaldia. NASAn prest daukate erantzuna: abiazioari ateak ireki zizkion Wright anaien lehenengo hegaldi hark 12 segundo baino ez zituen iraun.