NAIZ

Biarritz, familia-liburu elebidunak banatzen dituen Ipar Euskal Herriko lehen hiria

Bretainiak zabaldu zuen bidea bretoierazko lehen familia-liburua iragan martxoan banatu zuenean. Biarritz familia-liburuetan euskarari tokia egin dion lehen euskal hiria izanen da. Urrats sinboliko bat da, eragin juridikorik ez baitu euskarri berriak.

Euskaraz-frantsesezko lehenengo familia-liburuak banatzeko ekitaldia burutu zuten, apirilak 14an, Biarritzeko Herriko Etxean. (Guillaume FAUVEAU)
Euskaraz-frantsesezko lehenengo familia-liburuak banatzeko ekitaldia burutu zuten, apirilak 14an, Biarritzeko Herriko Etxean. (Guillaume FAUVEAU)

Biarritzeko Herriko Etxeak euskara-frantsesezko lehen familia-liburuak banatu zituen apirilaren 14an. Anne Pinatel Euskara zinegotzia ondoan zuela, Maider Arosteguy auzapezak parte hartu zuen bi hizkuntzetan eginiko agirien lenenengo banaketa ekimenean, herriko etxean.

Bere erranetan, Udalak indarrean eman duen hizkuntza politika berrian sartzen da ekimena. Euskarri horren bidez, Herriko Etxeak erakutsi nahi du egoera zibilaren alorrean ere euskararen aldeko keinuak egin daitezkeela. Halaber, «euskara ere dokumentu administratiboetan existitu daitekeela frogatzen du», azaldu zuen auzapezak.

Euskarazko zerbitzuek iragan abenduaz geroztik ekin zioten agiria prestatzeari eta hilabete honetatik landa eskuragarria izanen da euskara-frantsesezko familia-liburua.

«Gure zerbitzuetan egin dugu, batez ere testuen itzulpena, lege testuak barne. Ondotik, Euskararen Erakunde Publikoko adituek, EHU unibertsitateko Zuzenbide arloko irakasleekin batera, testua zuzendu dute terminologia egokia izan dadin», azaldu du euskara zerbitzuko teknikari batek.

Balore legitimatzailea

Bere erranetan, egunerokotasunean herritarrek euskara gehiago topatzeko helburua du. Ildo horretatik, euskarri «sinboliko» hau sortzea erabaki dute. Sinbolikoa da, hain zuzen, ez duelako eragin juridikorik. Hots, Martin Vals auzapezordeak azaldu duenez, ezingo da gaur egungo administrazioetan erabili.

Hala ere, bere dimentsio sinbolikoa goraipatu nahi izan dute hautetsiek. «Familiari dagozkion egoera zibileko aktak biltzen ditu familia-liburuak, eta dimentsio afektibo bat izan dezake, familia hunkitzen baitu: baloreen, jakintzen, ezagutzen eta hizkuntzen transmisiorako gunea».

Anne Pinatel euskararen ardura duen hautetsiaren aburuz, euskararentzat euskarri honek «funtzio legitimizatzailea» du.

Agiria eskuratu nahi duten familiek eskaera formala egin behar diote Herriko Etxeari webgunearen bidez. Halaber, ezkonduko direnei ere proposatuko diete. Aitzinetik familia-liburu bat dutenek ere bat eskatzen ahalko dute. Herriko Etxeko zerbitzuek diotenez, jadanik hamar bat eskaera jaso dituzte.