Ramon Sola

Donostia ere 400 kasutara iristear da; duela astebete 300era ez zen iristen

Aurretik Gasteizek eta Bilbok bezala, Donostiak ere gainditzear du 100.000 biztanleko 400 kutsatze kasuen langa. Oso bilakaera kaskarra darama Gipuzkoako hiriburuak. Honen ondorioz, pentsa ezinezko iraulirik ez bada, asteartetik aurrera beste hiriburuek dituzten murrizketa berdinak jasango ditu.

Polizi kontrola Donostia eta Pasaia artean. (Jon URBE | FOKU)
Polizi kontrola Donostia eta Pasaia artean. (Jon URBE | FOKU)

Covid-19ak berriro ere hartu duen goranzko joera azkarraren isla nabaria da Donostia. Izan ere, ostegun honetan lehenbizikoz laugarren olatu honetan 400 kasuen langa gainditzetik oso gertu gelditu da.

Ondorioz, hurrengo astelehenean itxitako udalerrien zerrenda berritzen denean, Bilbo eta Gasteiz bezala murrizketa horien menpe geldituko da, asteartetik aurrera hain zuzen ere. Ez dago arrazoirik gaurtik astelehenera bitarte egoeraren iraulirik aurreikusteko. Bilakaera garbia da, eta txar-txarra: datu bat emateagatik, duela astebete eskas, hamalau egunetan 100.000 biztanleko pilatutako kasuak 284 baino ez ziren, eta gaur jada 397ra heldu da kopurua.

Astelehen horretan daitekeena da Bizkaia ere itxita geratzea, aurretik Araba eta Gipuzkoa bezalaxe. Gaur ostegunetan 382 kasu pilatzen ditu aldagai horretan eta zaila izango da ordurako 400era ez iristea. Gipuzkoan 556koa da inzidentzia une honetan; EAEn egoera okerren den herrialdea da, beraz.

Hiriburuei dagokienez, Bilbokoa da datu okerrena, 500era iritsi delako tasa hau. Aretxabaletan eta Oñatik 1.200dik gora daude une honetan. Argazki orokorra ezin okerragoa da abiadura hartu duen laugarren olatu honetan; EAE osoa kontuan harturik, 450era heldu da pilatutako datuen kopurua, beti ere 100.000 biztanleko.

Milagro, beste astebetez itxita

Bestetik, Nafarroako Gobernuak, Milagron izandako egoera epidemiologikoa ikusita,  apirilaren 22ra arte (egun hori barne) herri horretan kobidaren hedapena geldiarazteko hartutako ezohiko prebentzio-neurriak beste astebetez luzatzea erabaki du, perimetralki ixtea barne.

Neurri horiek martxoaren 26an onartu ziren hasiera batean, bi astez, eta beste astebetez luzatu ziren ostegun honetara arte, apirilaren 15era arte. Intzidentzia-tasa altuak ikusita eta kasuen beherakadak hobera egin badu ere, mantentzea erabaki da. Aurrekoetan bezala, mugen luzapen berri hori luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango da, egoera epidemiologikoaren arabera.

Gobernuak gogorarazi duenez, Milagron ez ezik, Nafarroako beste sei udalerritan ere kobidari eusteko ezohiko neurriak hartu dituzte. Arguedasen, neurri horiek apirilaren 6an sartu ziren indarrean, eta apirilaren 19ra arte (astelehena barne) iraungo dute; Kadreitan apirilaren 9tik apirilaren 22ra (ostirala) onartu ziren; eta Arbizu, Etxarri-Aranatz, Lodosa eta Alesbes udalerrietan, berriz, gaurtik apirilaren 29ra (osteguna).