NAIZ

EHNE-Nafarroak bat egiten du Aroztegia gelditzeko herri-borrokarekin

Baztanen nekaritzarako lursailen galera ekarriko duela eta espekulazioan oinarritu proiektua dela salatu ondoren, Aroztegian lanak gelditzeko herri-borroka sostengatzen duela adierazi du EHNE-Nafarroa sindikatuak.

Aroztegian martxan dagoen proiektuaren aurkako mobilizazioa. (EHNE NAFARROA)
Aroztegian martxan dagoen proiektuaren aurkako mobilizazioa. (EHNE NAFARROA)

«EHNE-Nafarroa, Baztango Lekaroz herriko lurretan egin nahi den hirigintza-proiektu espekulaitzailearen aurka agertu da», azaldu du sindikatu honek. Bertan, gaur egun 340 biztanle inguru bizi diren herri batean, luxuzko hotel bat, golf zelai bat eta 228 etxebizitza berri eraiki nahian dabiltza. «Orain dela gutxi epaitegiak hartutako erabakiaren ondorioz legez kanpokoak diren obrak hastea eragozteko, Baztango herritarrak egiten ari diren borrokarekin, bat egiten du», erantsi du.

«Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak 2019ko uztailaren 23an, esleipen prozedurarekin jarraitzea ezinezkotzat jo zuela, gogoratu behar da. Erabaki hau, proiektuaren sustatzaileek behin eta berriz urratu dute, eta gainera, arrokeriaz aurrera jarraitzeko erabakia hartu dute. Gero gerokoak etorriko direlakoan, lanei hasiera ematen tematu dira, beraz Foru Gobernuak, lan hauek berehala geldiarazi beharko lituzke. Are gehiago kontuan hartuta Vianako Printzea erakundearen menpeko Nafarroako Ondasun Departamentuak, hotelaren proiektuaren aurkako txostena egin zuela, araudia betetzen ez zuelako. Hau gutxi balitz, Baztango Udalak, Lekarozko herriak eskatuta, ermitaren jabetzari buruzko eskari bat irabazi die ekimen espekulatibo honen sustatzaileei», adierazi du nekazal arloko sindikatuak.

Egitasmo honek Baztanen sektore garrantzitsua den nekazaritzarako lursailen galera ekarriko lukela ere nabarmendu du EHNE-Nafarroak. «Bide honetatik, erosteko ahalmen handia duten herritarren gozamenerako, Baztan, hirigintza espekulaziorako eremu bihurtuko dute», salatu du.

«EHNE-Nafarroak, landa-garapen orekatu batekiko, ingurunearekiko, kulturarekiko, zein hizkuntzarekiko eta azken fiñean izate jakin batekikoo errespetuaren guztiz kontrakotzat jotzen dituen, era horretako esku-hartzeak salatu nahi ditu. Ez da kontuan hartu, ez auzotarren borondatea, herri-bozketa baten bidez proiektu honen aurkako jarrera irmoa adierazi baitzuten, ezta toki-erakundeena ere, hartutako erabakiak ez baitira entzun, eta guztiei muzin egiñez, Udalaz Gaindiko Eragina duen Plan Sektorial bat inposatu da. Beraz plan hau baliogabetu eta obra geldi dezaten eskatzen dugu», gaineratu du.