Martxelo Díaz

Pandemiaren aurrean ere erabakitzeko eskubidea behar dela dio Gure Esku Dagok

Pandemiak gabezia asko utzi ditu agerian. Horietako bat, Euskal Herriak gaitzari aurre egiteko neurriak ezartzeko eskubiderik ez duela. Hau da gaur Gure Esku Dago ekimenak nabarmendu duena. Bide batez, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenarekin jarraitzeko beharra azpimarratu du.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku Dagoren eledunak, gaur Donostian egin duten agerraldian. (Jon URBE/FOKU)
Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku Dagoren eledunak, gaur Donostian egin duten agerraldian. (Jon URBE/FOKU)

Pandemiari aurre egiteko garaian ere Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea berebiziko garrantzia duen tresna dela nabarmendu dute gaur Gure Esku Dagoren eledun Josu Etxaburu eta Amalur Alvarezek Donostian kazetariekin izandako topaketan. «Ez dugu estatuek baldintza lezaketen aterki juridiko huts bat nahi: erabikatzeko tresnak gure esku nahi ditugu», aldarrikatu dute.

«Osasun krisiaren kudeaketak hamaika gabezia utzi ditu agerian; horietako bat, guretzat oso nabarmena, gure herriaren burujabetza falta da. Ikusi dugu zer gertatzen den herritarrak zaintzeko tresnak falta zaizkizunean, beharrezko neurriak hartzeko eskumenik ez duzunean», adierazi dute.

Txertoak eta alarma egoera

Txertoekin gertatzen ari dena jarri dute adibide gisa. «Inori zilegi iruditzen zaio industria farmazeutikoak txertoen patenteei eustea, mundu osoan ekoiztu eta hedatzea galaraziz? Eta zergatik onartzen dugu? Burujabetza galera ikaragarria da halako erabakiak eskukada bat enpresaren esku uztea», salatu dute.

Estatu espainolean indarrean dagoen alarma egoera maiatzaren 9an amaitzeak ekarriko dituen ondorioak ere aipatu dituzte, Lakua eta Nafarroako gobernuak salbuespeneko neurriak ezartzeko tresnarik gabe gelditu daitezkela nabarmenduz. «Badirudi arduradun politikoak Madrilera begira daudela, beren balizko erabakiei babes juridikoa emango ote dieten zain. Eta beren aldarriekin bat egiten dugu, baina kezkagarria iruditzen zaigu egoera honetara iritsi izana», esan dute.

Gasteiz eta Iruñeko gobernuek osasunaren gaineko eskumenak badituzte ere, osasun krisiari aurre egiteko ahalmen osorik ez dutela gogoratu dute. «Gure autogobernuaren mugen erakusle argia da», ondorioztatu dute.

Gauzak horrela, Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarrek «iniziatiba handiago hartzea dagozkigun konpetentziak erabiltzeko legedia garatzeko garaian» premiazkotzat jo dute.

«Adibide hauekin adierazi nahi dugu erabakimenaren auzia hil ala bizikoa izan daitekeela bizi dugun egoeran, eta ez dela gehiago atzeratu litekeen kontu bat. Krisi honi erantzuteko ere, erabakitzeko ahalmena behar dugu», nabarmendu dute.

Etorkizunera begiratzea

Pandemiari eta honen ondorio sozio-ekonomikoei aurre egitea lehentasunezkoa dela argi badute ere, epe luzeagora begiratzea ez dela alboratu behar gaineratu dute. «Begirada altxatzen hasteko unea da, unean-uneko urjentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin», esan dute, Eskozia, Irlanda eta Galesen bide horretan urratsak ematen hasi direla gogoratuz.

Garai errazak ez badira ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenarekin jarraitzeko beharra azpimarratu dute. Datozen hilabeteotarako egutegia ekimenez beteta daukate. Asteburu honetan, herriz-herri kalera aterako dira Hamaika Gara ekimenaren baitako erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa sustatzera, eta datozen hamaika asteetarako mobilizazio dinamika bati ekingo diote.

Bi mugarri nagusi izango ditu dinamika honek: maiatzaren 22an, herri eta eskualde mailako ekintzak egingo dituzte; eta uztzailaren 3an, mobilizazio bat egingo dute Bilboko ibaiaren inguruan. Datozen asteetan, Hamaika Gara ekimeneko kideekin batera, mobilizazio hauen berri gehiago emango dituzte, baina momentuz data hauek agendan apuntatzeko deia egin dute.

Honekin batera, Hamaia Gara ekimenaren sustatzaileek #11SinadurenErronka erronka botako dute gaur. Gutxienez hamaika sinadura lortzeko erronka jarriko diote jendeari, sinadura bilketa hau masiboa izateko helburuarekin.