NAIZ
Donibane-Lohizune

Donibane-Lohizunen sute baten ondotik atxilotutako gizonezko bat, sexu eraso baten susmagarri

Poliziak ustez bere burua berotzeko komun publikoei su eman zien 26 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo Donibane-Lohizunen. Komisaldegian, behin identifikatu eta gero, duela hainbat aste izandako sexu eraso batekin lotu dute. Behin-behineko espetxealdian da gizonezkoa.

26 urteko gazte bat atxilotu zuen frantziar Poliziak atzo Donibane-Lohizunen, hiriko erdiguneko komun publikoei su ematea leporatuta. Gaur jakinarazi dutenez, duela aste batzuk izandako sexu eraso batekin lotuta egon liteke gizonezkoa.

Asteazkenean gizonezko batek su eman zien hiri erdigunean kokatuta dauden komun publikoei, ihes egin aurretik. Eta atzo, Poliziak 26 urteko gazte bat atxilotu zuen gertakari hauekin lotuta. ‘France Bleu’ hedabideak argitaratu duenez, gizonezkoa kalean bizi da eta hotzari aurre egiteko eman zion su komunei.

Poliziak komisaldegian identifikatu zuen gaztea eta ikertzaileek duela aste batzuk izandako sexu eraso batekin lotu zuten.

Gaur Baionako Fiskaltzaren aurrera eraman dute eta behin-behineko espetxealdian dago gizonekoa. Astelehenean, apirilak 19, epaituko dute hiri erdian sortutako suteagatik.