Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
Elkarrizketa
Virgina Gasull
Idazlea

«Nicole emakume aitzindaria izan zen, ez bakarrik Verduneko gerra frontean»

Virginia Gasull Irungo idazleak «Nicole» eleberria kaleratu berri du. I. Mundu Gerran trintxeretan Frantziako Armadarekin egon zen emakume mediku militarra izan zen.

Nicole Girard-Mangin.
Nicole Girard-Mangin.

Virginia Gasull Irungo idazleak “Nicole” eleberria argitaratu berri du. Bigarren nobela du hau, “In Vino Veritas” lanaren ondoren. Lehenengo lan horretan ardoaren kultura, artea eta nazismoa uztartu zituen. Amazonen autopublikatu zuen hasiera batean. Aste batzuetan, liburu salduenen zerrendan lehenengo postuan egon zen. Arrakasta horren ondotik, Suma Letras editorialak paperean argitaratu zuen. 2015eko Zinemaldian Orreaga ekoizpen etxeari egile eskubideak eman zizkion nobela egokituz filma egiteko.

Oraingoan bestelako istorio batekin dator Gasull. Protagonista Nicole Girard-Mangin mediku frantsesa da. Lehenengo Mundu Gerran (1914-1918) Frantziako Armadarekin gerra frontean egon zen lehenengo mediku emakumea izan zen. Akats batengatik bidali zuten Verdunera, gizonezko bat zelakoan. Nahasmena argitu beharrean, agindu zioten misioa onartu zuen. Verdunera iristean, sukar tifoidea zuten gaixoen unitatera bideratu zuten. Ospitaleko mediku zuzendariak femurra hautsita zuenez, Nicoleren eskuetan utzi behar izan zituen ardura guztiak bere borondatearen kontra.

«Izotz plaka batekin irrist egin eta harri puntazorrotz baten gainean erori zen. Ez da erraza izan behar ospitale bat ohetik zuzentzea. Hezurra puskatuta edukitzea baino mingarriagoa egingo zitzaion zeregin guztiak nire eskuetan uztea, zeren iritsi nintzenetik, emakumeon lanarengatik duen mesfidantza modu batera zein bestera adierazi egin dit. Ospitalera nire uniformea jantzita eta nire teniente galoiak soinean neramatzala etorri nintzen. Ez ninduen agurtu ere egin, agur militarra egin nion arren. Goitik behera begiratu ninduen mespretxu aurpegiarekin. Bat-batean ukabilarekin mahaia kolpatu zuen. ‘Mediku ofizial bat eskatu eta emakume bat bidali didate!’, garrasi egin zuen modu zatarrean, amorruarekin. Hortzak estutu nituen. Beste zenbat aldiz entzun beharko nuen esaldi hura? Nire agirian zetorren informazioa soilik errepikatu nuen: Nicole Girard-Mangin medikua, Frantziako Armadaren mediku tenientea, Argonne-Verduneko ospilatera esleituta».

Horrela hasten da “Nicole”, medikuen eta, oro har, osasun langileen omenezko liburua, baita emakumeen papera eta borroka goraipatzen dituen lana ere. Nicolek “gizonezkoen” giro batean lan egin behar izan zuen, gerraren krudeltasunean, eta heriotza, gaixotasuna, ebakitzeak, leherketak, trintxerak… bere eguneroko jardunaren parte izan ziren.

Eleberria Alemaniako eta Frantziako Armadek Verdunen gorputzez gorputz borrokatu zuten guduaren lehen egunetan hasi eta armistizioa sinatu zutenean amaitzen da. Verduneko batailak 1916ko otsailaren 21etik abenduaren 18ra bitarte iraun zuen. Lehenengo Mundu Gerrako batailarik luzeen eta gordinena izan zen. 161.000 frantziar hil ziren, 101.000 desagertutzat jo zituzten eta 216.000 zauritu utzi zituen. Alemaniaren bandoan, hildakoak 142.000 eta zaurituak 187.000 izan ziren.

«Nicole emakume aitzindaria izan zen arlo askotan, ez bakarrik gerran. Verduneko batailan egon izana anekdotikoa da, akats batengatik deitu ziotelako. Gauza berritzaile ugari egin zituen. Emakumeen bizi baldintzak hobetzeko eta berdintasunaren alde lan handia egin zuen Verdunera joan aurretik», nabarmendu du Gasullek GAUR8rekin eginiko elkarrizketan.

“In Vino Veritas” zure lehenengo eleberriaren gai nagusiak mahastiak, ardo ekoizleak eta naziak dira. Zerk eraman zintuen Nicole Girard-Mangin medikuaren bizitza ikertzera eta nobela bat idaztera?

Bada, egia esan, kasualitate hutsa izan zen. Irunen bizi naiz, eta mugatik hain gertu egotean kate frantsesak ikusteko aukera dut etxean. Lehenengo Mundu Gerrako armistizioa dela eta, azaroan gaiarekin loturiko dokumental mordoxka botatzen dituzte Frantziako telebista kateetan. Horietako bat ikusten ari nintzela, Nicole aipatu zuten, hori bai, oso gutxi, 30-40 segundo. Haren argazki bat ipini zuten pantailan eta off ahots batek trintxeretan egon zen emakume mediku bakarra izan zela aipatu zuen eta beti artzain txakur batez lagunduta zihoala gizonengandik babesteko. Txakurrak “Dun” zuen izena. Ez zuten deus ere gehiago esan. Ni pentsakor gelditu nintzen. Zer-nolako iragana eta istorioa izango ote zuen emakume honek? Jakin-minak bultzatuta Nicoleri buruz ikertzen hasi nintzen. Ohartu nintzen gauza gutxi daudela idatzita berari buruz, soilik mediku frantses jubilatu batek idatziriko biografia liburu bat eta idazle frantses batek Nicole Verdunen egon zen garaian bizitako abenturen inguruan egin zuen komiki bat. Badirudi, historia berarekin ahaztu egin zela, zeren gerra amaitu ostean ez zioten kondekoraziorik eman eta ez diote ezta aipamen berezirik ere egiten inon ere ez.

Nicoleren bizitza ikertzen hasi nintzen, baita Lehenengo Mundu Gerrari buruz dagoen bibliografia ere garai horretan murgiltzeko eta testuingurua ondo kokatzeko. Ez nuen biografia edo entsegu bat idatzi nahi; horregatik, nobelaren generoa hautatu nuen. Horrela hasi nuen proiektu hau. Orduak eta orduak eman ditut artxiboetan begira. Nicoleren iloba txiki batekin harremanetan jartzea lortu nuen, bizirik dagoen senide bakarra. Bere izeba zaharrari buruz zuen dokumentazio guztia eman zidan. Nicoleren anaia bat globo aerostatikoen pilotua zen. Hil aurretik Nicolek kontatu zizkion gauzak eta bere esperientzia propioak idatzita utzi zituen. Horrek izugarri lagundu zidan puzzlea osatzen. Pena da Nicolek berak ez zuela egunkaririk idatzita utzi.

Irakurleak trintxeretan zeuden mediku eta erizainen egunerokotasunaz jabetzeko, beste gerra mediku eta erizainen egunkariak ere irakurri nituen. Frantziako Liburutegi Nazionalaren eta Londreseko Imperial Museum-en artxiboak arakatzen hasi nintzen gerra garaiko medikuen eta erizainen mosaikoa osatzeko.

Ikertzen joan ahala, beste emakume batzuen izenak agertzen joan zitzaizkidan: Nelly Martyl, opera abeslaria, Mary Borden –Flandriako Roesbrugge herrian ospitale bat antolatu zuen–, Miss Edwards eta Miss Kenyon erizain ingelesak, Marie eta Irene Curie, Yolanda de Baye, Elsie Knocker eta Mairi Chisholm, Anna Coleman-Ladd eskultore estatubatuarra. Ez dakit Nicolerekin topo egin ote zuten bizitza errealean, hori nobelaren parte da, baina garai berekoak dira eta espazio berberetan egon ziren guztiak. Idazle bezala, nobelan elkarrekin aurkitzea erabaki dut, horrek bidea ematen baitzidan emakume horien istorioa ere kontatzeko.

Zer ezaugarri azpimarratuko zenituzke Nicoleri buruz?

Aitzindaria izan zen arlo askotan, ez bakarrik gerran. Verduneko batailan egon izana anekdotikoa da, akats batengatik deitu ziotelako. Gauza berritzaile ugari egin zituen. Medikuntzan doktoretza lortu zuen lehenengo emakumeetariko bat izan zen, Zientzietan lizentzia lortu zuen, Marie Curieren laguna zen Sorbonako Unibertsitatean biek irakasle katedra zutelako, minbizia zuten gaixoei erradioterapia tratamendua emateko prestakuntza lanak hasi zituzten. Horretaz gain, Parisen emakumeen eskubideen alde gizarte proiektu asko bultzatu zituen, prostituzioan lan egin zuten emakumeentzat kontsultategiak zabaldu zituen, erizainak entrenatzen zituen auzo txiroenak bisitatzeko, tuberkulosia bezalako gaixotasun infekziosoak prebenitzeko. Emakumeen bizi baldintzak hobetzeko eta berdintasunaren alde lan handia egin zuen.

Gizonezkoen mundu bati aurre egin behar izan zion. Lehen kapituluan, ospitaleko zuzendariak protesta egiten du mediku emakume bat bidali diotelako gizon bat bidali beharrean.

Bai, beti esaldi bera esaten zioten eta hori bai idatzita utzi zuela. Gerra garaian, bere burua aurkezten zuen leku orotan esaldi bera entzun behar zuen. Benetan medikua zen galdetzen zioten. Ez zuten sikiera medikua zenik sinisten, doktoretza cum laude batekin lortu zuenean! Kontuan hartu behar dugu testuinguru militar batean zegoela, gizonezko militar batzuk medikuz mozorrotutako zibil bat zela pentsatzen zuten. Etengabe begiratua eta epaitua izatearen presioari aurre egin behar izan zion. Berarekin lan egiten zutenean, haren gaitasunaz ohartu egiten ziren eta errespetuz begiratzen zuten.

Aipagarria da Nicolek “Dun” txakurrarekin duen harreman estua. Ez dira ezertarako aldentzen bata bestearengandik.

Bai, hala da. Vacherauvillen zegoen behin-behineko ospitalera joan zen behin lagun mediku bat bisitatzera. Verduneko iparraldean dago herrixka hori. Iritsi baino egun batzuk lehenago aire eraso bortitzak egon ziren inguru hartan. Ospitalearen ondoko etxalde bat erabat suntsitu zuten. Soldaduak zaurituen bila sartu zirenean baserritar bakarti bat topatu zuten. Ganadu guztia galdua zuen, bordaren teilatua jausi egin baitzen. Hondakin artetik, txakur baten intziriak entzun zituzten, “Dun” zen. Buruan eta hanka batean zauri bana zituen. Inguruan albaitaririk ez zegoenez, ospitalera eraman zuten. Nicoleren lagunak osatu zuen. Nicole bisitan joan zitzaionean oparitu egin zion. “Dun” haren babesle eta bidelagun leiala bilakatu zen. Anbulantzia gidatzen zihoala gauez desertoreek egindako erasotik salbatu zuela ez da benetan gertatutakoa, Nicolek ez zuen idatzita utzi “Dun”-ek egoera hain zehatz batetik salbatu zuenik, baina idatzi zuen gizonezko mundu horretan eraso saiakera askotatik salbatu zuela.

Liburuak garaiko aldaketa sozialak ere islatzen ditu.

Garai horretan, XX. mendeko mugimendu feministaren hastapenak izan ziren. Gizon guztiak gerran zeuden eta horrek emakumeei ahalbidetu zien ordura arte ukatuta zituzten lanpostuetara heltzea. Lan munduan berdintasuna, bai soldatari bai baldintzei dagokienez ere, aldarrikatzeko lehen manifestazioak egiten hasi ziren. Iraultza hastapen horretan, zoritxarrez, atzerakada bat egon zen gerraren ostean, zeren gerra frontetik itzultzean gizonek beren lanpostuak eskatu zituzten eta etxeko zereginetara edo emakumeentzat egokitzat jotzen ziren lanetara itzultzera behartuta aurkitu ziren.

Pasarte batean, Nicolek bere harridura adierazten du Parisen egonik egunkarietan irakurtzen zituen iragarkiengatik. Horietan horrelako adierazpenak irakur zitezkeen: «38 urteko emakumea, gerra alarguna, gerrako elbarri edo itsu batekin ezkontzeko prest dago», «ezkongabea, 30 urte, alaia, 45 urte bitarteko militar bat ezagutzea gustatuko litzaioke, berdin du zaurituta egotea edo ez»; «ezkongabea, familia onekoa, ezkongabe edo alargun batekin ezkondu nahi du»; «jostuna, 42 urte, alaia, emakume berrien ideiak ez dituen emakumea naiz, literatura gustukoa duen ofizial batekin gutunak elkarri idaztea gustatuko litzaiokeena, ezkontzeko asmoarekin».

Kontuan hartu behar da emakume gehienek ez zutela independentzia ekonomikorik eta batzuk alargundu egin zirela. Bakardadea baino nahiago zuten bizitza osoa eman ezagutzen ez zuten elbarritu bat zaintzen. Zer tristea bide hori bilatu behar izatea! Baina halakoak ziren garai horiek. Nicoleri eta bera bezalako emakumeei amorrua ematen zien egoera horrek. Horregatik, tematuta zegoen emakumeak unibertsitatera heltzearekin. Unibertsitatean ere alboratuta zeuden, oso emakume gutxi baitzeuden, baina hortxe zeuden eredu ematen.

Zergatik ez da ezagutarazi Nicolek mediku gisa eta fronte lerroan egin zuena?

Gizonek idatzi dute historia urte luzeetan zehar, gizonezkoen protagonismoa nabarmenduz. Nicolerekin ahaztu egin ziren guztiak. Nik aurkitu izana kasualitate hutsa izan zen. Emakume honek arreta eman zidan eta bere bizipenei buruz gehiago jakiteko erronkari eutsi egin nion. Ia bi urte eta erdiko ikerketa lana izan da. Haren izena argitara ateratzeko beharra sentitzen nuen. Nicoleren iloba txikia aho zabalik geldituko zen Nicolengan interesa nuela jakitean. Ameriketako Estatu Batuetako kongresuko liburutegian familiak berak sekula ikusi gabeko argazki batzuk aurkitu nituen. Erresoluzio handian zeuden irudi horiek ikustean, hunkitu egin zen gizona. Batzuetan, badirudi patuak gauzak jartzen dizkizula bidean.

Zer-nolako ekarpena egin dizu liburu hau idazteak?

Gauza asko. Errespetu eta zintzotasun osoz hurbildu naiz Nicolerengana. Txalogarria da bai Nicolek bai beste emakumeek muturreko egoera horiei aurre egiteko duten gaitasuna. Asko ikasi dut haiengandik eta I. Mundu Gerraz. Nik gehiago ezagutzen nuen Bigarrena, aurreko liburua testuinguru horretan kokatuta baitago eta, egia esan, Lehenengo Mundu Gerrak ez ninduen hainbeste erakartzen. Liburua idatzi ondoren esango nuke biak gerra bera direla, hots, bigarrena lehenengoaren segida dela, gauza asko gaizki lotuta eta beste batzuk airean utzi zituztelako. Merezi du historia ezagutzea, horrek agian akats berberak ez errepikatzen lagunduko gintuen eta.