Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Biarritzeko aireportuak lanpostuak murriztu ditu osasun krisiari erantzuteko planaren baitan

Biarritzeko aireportuak bortizki pairatu ditu covid-19aren pandemiak eragindako albo-kalteak. Iazko urtean %68an apaldu zen bidaiarien trafikoa. Inbertsioak atzeratzea eta hamarka lanposturen desagerraraztea aurreikusten dituen krisi plana martxan jarri du azpiegiturak.

Covid-19ak jota diren gaisoak heldu dira Baionara Biarritzeko aeroportuaren bidez. (Bob EDME)
Covid-19ak jota diren gaisoak heldu dira Baionara Biarritzeko aeroportuaren bidez. (Bob EDME)

Azken urteetan antzematen zen hegaldien trafikoa moteltzeko joerari covid-19ak eragindako krisia gehitu zitzaion iaz. Gaur Biarritz-Pays Basque aireportuko kudeatzaileek aurkezturiko bilanak modu gordinean erakusten du osasun krisiak azpiegitura horren kontuetan utzi duen zuloa.

3,2 milioko defizitarekin itxi zuen 2020. urtea Lapurdiko aireportuak. Larrialdi egoerari aurre egiteko laguntzei esker, finean, diru galera 1,2 milioikoa izan zen. Hala eta guztiz ere, azpiegituraren zorpetze maila 12,2tik 15,8 miliotara igaro zen urte amaieran.

Orotara, 383.366 bidaiarik baliatu zuten iaz Biarritzeko aeroportua. 2018ko bilanarekin alderatura (1.066.204 bidaiari), %68 apaldu zen trafikoa.

2019an %9 erori zen jada bidaiari kopurua, aurreko urtearekin konparatuz.

Egoera horretan aireportuko instalazioak hobetzeko aurreikusita zegoen egitasmoa gibelatu eta horren ordez murrizketa plana hobetsi du Lapurdiko aerodromoak.

Sindikatu misto batek gidatzen duen enpresa pribatua

Lau lurralde erakundek, hala nola, Euskal Elkargoak (%31,25ko parte-hartzea du), Pirinio Atlantikoetako departamenduak (%31,25), Akitania Berriko eskualdeak (%25) eta Landetako departamenduak (%12,50), osatzen dute aeroportuaren sindikatu misto edo batzorde kudeatzailea.

Jarduera industrialak eta komertzialak aurrera eramaten dituen egitura publiko gisa ezaugarriturik, aireportua enpresa pribatu bezala kudeatzen da.

Edozein enpresari dagozkien finantza arau berdinak bete behar ditu eta bere plantilla behargin pribatuen estatusa duten langileek osatzen dute.

Finantza mailan autonomoa izanik ere, molde juridiko horri esker diru-laguntza publikoak eskuratu ditzake aireportak.

Hala gertatu da, hain zuzen, covid-19aren larrialdia iritsi denean.

Frantziar Gobernuak aeronautikaren sektoreari emandako laguntzetatik dagokion partea eskuratzeaz gain 2,5 milioi jaso zituen aeroportuak Patrick Chasseriaud buru duen azpiegituraren kudeatzaile den sindikatu mistoaren eskutik. Laguntza berezi horri esker bere defizit maila kontrolpean atxiki zuen urte amaieran aireportuak.

Hala ere, krisiak eragin bikoitza izan du, bai inbertsioen atalean baita lanpostuei dagokionean ere.

2020-2025 bitartean 27,3 milioi inbertitzea aurreikusten zuen Biarritzeko aerodromoak.

Inbertsio plana berrikusi ondoren, datozen bi urteotan 16 milioi baizik ez ditu erabiliko hobekuntzak egiteko.

Era berean, lanpostu galera izanen da. Iaz 9 langile kanporatu zituzten, nahiz eta plantila murrizteko beste neurriak hartu, hala nola erretretak aurreratuz.

2019an 70 lanpostu baziren aeroportuan, urte honen bukaeran 54 langile baizik ez gelditzea aurreikusten du zuzendaritzak.

Gobernu frantsesak emandako diruari esker, 40.000 lan ordu langabezi-sariaren arabera ordaindu ahal izan zituen azpiegiturak eta, orain, finantza egoera zailari erantzuteko, inbertsio planak alboratu eta murrizketa planari bide emango dio.