Touré iragarle-inspektorea protagonista dituen Jon Arretxeren nobela beltzek pantailara egingo dute salto, idazle basauriarrak asteartean sare sozialen bitartez jakitera eman duenez.
-Egun ederra! Kontratua sinatu berri dut Touregan oinarritutako telebista-serie bat egiteko. Ea gauzatzen den! pic.twitter.com/jMzJWEDEhp
— jon arretxe (@ArretxeJon) April 20, 2021
Astelehen arratsaldean sinatu zuen kontratua «Espainiako ekoiztetxe handi batekin», «nazioartean lan egin izan duena», eta proposamena gehiegi garatu gabe dagoen arren, ikus-entzunezkoaren inguruko zenbait zehaztasun eman dizkio Arretxek NAIZi.
Sei kapitulotako telesaila izango da, kapitulu bakoitza Jon Arretxeren liburu banatan oinarrituta, Touréren sagaren lehenengo seriak –‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013); ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014); ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015); ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016) eta ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018)–. Bilduma honen baitan argitaratuko azken liburua, ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ez da ikus-entzunezkora eramango, nahiz eta, Arretxek esan duenez, ekoiztetxeek ikusten badute arrakasta handia duela, agian telesaila luza dezakete. Aurreratu du, gainera, Touré inspektorearen sagaren zortzigarren liburua idazten ari dela.
Bestalde, telesaila gazteleraz izango da, baina Arretxek esperantza dauka euskarara edo beste hizkuntza batzuetara ekartzeko.
Pantailara, oraingoan serioki
Burkina Fasoko etorkina da Touré, paperik gabekoa, eta San Frantziskon bizi da, Bilboko erdialdeko auzo marjinalean. Ezaguna da auzoan, berak ere ondo ezagutzen ditu bertako kaleak, eta igarle modura lan egiten zuen arren, detektibe lanetan hasten da. Protagonistaren nobelei fidel, Arretxeri gustatuko litzaioke telesaila San Frantziskon grabatzea, baina lokalizazioen berri ez du oraindik.
Aspalditik zeukan ilusioa beteko du, beraz, Basauriko idazleak; «betiko ametsa». «Touré gure artean bizi den afrikarra izanik», ilusio berezia egiten dio proiektuak, esan duenez.
Aitortu du saiakera ugari egin dituela aurretik ere Touréren istorioak ikus-entzunera eramateko, tartean egin izan dituela bilerak EITBrekin eta Xavi Berraondo zuzendari kataluniarrak ahalegin handiak egin izan dituela proiektua gauzatzeko, baina ez zuten lortu.
Oraingo honetan, ordea, «serioagoa» da proposamena. Arretxek esan du jada jaso duela ekoiztetxearen partetik diru kantitate bat, eta ez duela uste «atzera botako denik».
Kontratuaren arabera, ekoiztetxeak 18 hilabeteko epea izango du telesailaren lehenengo kapitulua egiteko, eta ekoizte prozesuan Jon Arretxeren oniritzia lehenetsiko dela jasotzen du sinatutakoak. Adibidez, «pertsonaia komertzialagoa» bihurtzeko saiakerek, beraz, ezingo lukete aurrera egin idazleak ez badu hala nahi.