Jon Ormazabal

Ez dago suaren gainean betirako dantzan jarraitzerik

Labriteko porrot mingarriaren ostean, Altuna-Mariezkurrenak pilota motelxeagoak aukeratu nahi izan dituzte Logroñorako eta bitartean Ladis Galarzak «oso indartsu» sentitzen dela nabarmendu du.

Lau pilotariak gustura agertu dira larunbaterako aukeratutako pilotekin. (ASPEPELOTA)
Lau pilotariak gustura agertu dira larunbaterako aukeratutako pilotekin. (ASPEPELOTA)

Suaren gainean dantzan aritzera ohitutako bi bikotek neurtuko dituzte indarrak larunbat honetan Logroñon eta Adarragan ere inolako sarerik gabe aritu beharko dute, galtzen duenak ia ezinezko izango baitu finalera sailkatzea. Hamalau jardunaldi luzeren ostean, halaxe aritu ziren Altuna-Mariezkurrena eta Ezkurdia-Ladis Galarza duela bi aste play offean, eta Aspeko bi bikoteek aurrera egin ahal izan zuten. Oraingo honetan, ordea, bi bikoteetako batek oinak erreko ditu eta hori saihestea da helburua.

Bi bikoteek minduta amaitu zuten finalerdietako ligaxkaren lehen jardunaldian, baina galtzeko eragatik, Altuna-Marizekurrena izan ziren, ziurrenik, kolpatuago amaitu zutenak, Berriozarreko atzelariak batez ere. «Zaila da Labriten jokatu genuen partida kaxkarra laburbiltzen. Hasi eta berehala bi pilota galdu nituen, konfiantza galdu nuen, erraztasunak eman nituen eta Jose Javier Zabaletak bere erakustaldia hasi zuen. Nire lehen finalerdia izanda, posible da nahi gabe ere presioak eragitea, baina gauza bat da hutsak egitea eta beste bat kantxan horren deseroso aritzea, niri gertatu zitzaidan bezala», azaldu du Mariezkurrenak.

Materialak ere izan zuen, ziurrenik, eraginik amezketarraren eta nafarraren partida kaxkarrean eta larunbaterako nolabaiteko estrategia aldaketa bat antzeman daiteke pilotak aukeratzerakoan. «Euren pilotak ere gustatu zaizkigu, agian gure pilotak eurenak baino lasaiagoak dira, baita azken partidetan aukeratutakoa baino lasaiagoak. Elezkano eta Zabaletaren aurka dena oso azkar joan zen, egia da Zabaletak emandako abiadurak eragina izan zuela, baina guk ere ez genuen lortu pilotara jartzerik», azaldu du Jokin Altunak.

Baina horiek iraganeko kontuak dira eta bi pilotari gazteek atzean utzi omen dute aurreko asteburuan gertatutakoa. Pentsa, amezketarrak berak aitortu duenez, igandean bertan entrenamendu bat egin zuen Ekaitz Saralegirekin Logroñoko partida prestatzeko.

Ladis Galarza, «indartsu»

Ezkurdia eta Ladis Galarzaren kasuan esan daiteke are ohituagoak daudela amildegi ertzean aritzera, txapelketa hasiera oso txarra egin eta gero, ia partida guztiak izan direlako eurentzat hil ala bizikoak. Lehen helburua beteta, indartsu sentitzen da Baraibarkoa. «Finalerdietarako sailkatuta, gainean neraman presioa kendu ahal izan dut. Azken urteetan ez nuen lortzen eta orain probetsua atera behar diot», azaldu du. Are gehiago, «fuerte sentitzen naiz kantxan». «Lehendabiziko partidetan ahul ez, baina ez nintzen gustura sentitu, orain aldiz oso fuerte sentitzen naiz, fisikoki fresko nago», gaineratu du.

Joseba Ezkurdiak, bere aldetik, onartu du finalerako bidea oso zaila izango dela, baina gauzak ondo egiteko gai badira, lortzeko aukerak izango dituztela uste du.