Maite Ubiria

Hendaiako «muga arrazista» irekitzeko premia agerian utzi du Irungo Harrera Sareak

Hilanderas aterpetxeren sarreran eginiko adierazpenaren bidez joan zen igandean Azken Portu kiroldegiaren atzekaldean urkaturik azaldu zen gazte eritrearra trantsitozko migratzaile bat zenaren hipotesia hobetsi du Irungo Harrera Sareak heriotza hori mugan bizi den egoerarekin lotura eginez.

Gazte migrantzaile batek atseden hartzen Irungo Hilanderas harrera eremuan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Gazte migrantzaile batek atseden hartzen Irungo Hilanderas harrera eremuan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Joan zen igandean, goizeko 8.30ak aldera emazte batek gizon beltz baten gorpua urkaturik atzeman zuen Azken Portu kiroldegiaren atzeko emuan, Bidasoa ibaiaren gertu. Irungo Ertzaintzaren komisaldegiak eginiko ikerketaren arabera gizonak bere buruaz beste egin zuen.

Jatorriz eritrearra zela hilik aurkitu zuten 21 urteko gaztea baieztatu du, gaur,  Beatriz Artolazabal Albeniz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Gasteizko gobernuaren sailburuak.

Migranteen harrera zerbitzua eskaintzen duen Hilanderas karrikako egituran antolaturiko bisitaren testuinguruan gaztea ez zela harrera dispositiboen erabiltzailea erran du sailburuak.

Gazteak izan zuen amaiera deitoratu arren bere heriotza ez du zehazki migrazio auziarekin lotu gobernu ordezkariak.

Agerraldi horretan martxoan zehar Irunera heldu zen ohi baino pertsona migratzaile kopuru handiagoari aurre egiteko «erakunde ezberdinen koordinazioari esker» hirian antolatu zen kontingentzia plana bertan behera uzteko erabakia iragarri du Artolazabalek.

30 bat migrante kalean

Martxoan zehar 773 pertsona hartu zituztela eta «migratzaile bakar bat ere ez zela harrera baiabiderik gabe gelditu» ziurtatu du sailburuak.

Izan ere Alaine Aranburuk Harrera Sareako kideak aterpearen sarreran jakitera eman duenez joan zen hilabetean gauez kalean zeuden 30 bat lagun baino gehiago zenbatu dituzte. «Apirilean 30 egonaldi horiek gaindituko ditugu», oharrarazi du Gasteiz Gobernua, Foru Aldundiak eta udalen aldetik ezarritako balibiadeak ez direla nahiko agerian utzi ondoren.

Eritrear gaztearen heriotzaren harira engaiamendu zehatza galdegin du sareak. Lehenik eta behin aipaturiko erakundeei lan egin dezatela gazte horren identifikazioa posible egiteko eskatuz.

Hildako gizona ez zegoen Irunen erroldaturik eta ez zuen ibilbiderik egin ez hiriko zerbitzuetan ez da harrera egituretan ere.

Hala eta guztiz ere gaztearen jatorria, adina eta erroldaturik ez izatea datu aski esanguratsuak badira «mamu hori transiziozko migratzailea zenaren hipotesia» lehenesteko Harrera Sarearen ustez.

Bere jatorriak jakitera ematen du gaztea seguruenik Italiatik heldu dela eta Europan gaindi ibili zela Irunera heldu arte. Ezin da zehaztu muga zeharkatu zuen Lapurditik Frantzia aldera bidaia jarraitzeko edo, alderantziz, hegoalderantz kanporatu ote zuen frantziar poliziak.

«Persona migratzaileek bidaia hasten duten unetik eta zeharkatzen dituzten etapa guztietan jazarpena jasaten dute, sarritan heriotzean amaitzen den jazarpena», laburbildu du Aranburuk.

Migrazio-politiken arduradun

Indarrean dauden migrazio politikei buruzko ardurak zehazteko unea dela uste du «persona errugabeen heriotza normakizatzeko» prest ez den herritar taldeak.

Europako Batasuneko jendarmeak bilakatu diren herrialdeak, EBko kanpoko mugak kudeatzen dituzten herrialdeak eta Schengen espazioaren barne-mugak ixten dituzten estatuak -preseski frantziar Estatua- aipatzearekin batera «Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministerioa eta gure ingurune hurbileko erakundeak, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udala» sartu ditu sareko kideak zerrenda horretan.

Euskal administrazioek «oso paper eskasa jokatu dutela» agerian utzi dute Hilanderaseko egituraren bisita ofiziala iraun bitartean bertara sartzeko debekua jaso duten sareko kideek.

«Praktikan, administrazio horiek transitozko migratzaileak modu murriztaile eta kaltegarri baten arabera definitzen dituztelako» bere kezka agertu dute.

Eritrear gaztearen heriotza ustekabeko eta testuingurik kanpoko gertakaria gisa tratatu ordez, are «hildakoa mamu bilakatu baino» pertsona horrekin zer gertatu zen argitzea eta horren identifikazioa bermatzea, bere familiarekin harremanetan jartzea eta gorpuaren aberriratzea ahalbidetzeko lan egitea eskatu die gaur Irungo Harrera Sareak Hilanderasera hurbildu diren gobernu, foru aldundia eta udalen ordezkariei.

Hendaiako «muga arrazista» irekitzeko premia mahaigainean jarri du etengabe sareak «egoera honek jarraitzen badu heriotza hori nahiko ez bada beste bat izango dugu laster Bidasoako uretan edo ibaiertzetan» oharra eginez.

Arrazakeria, diskriminazioa eta hiltzeko aukera oinarri dituen migrazio-politika salatzeko eta Euskal Herria «harrera eta bizitzarako lurralde bezala» aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu du Irungo Harrera Sareak ostegun honetan, 18.00tan, San Juan plazan.