Instituziogintzari buruzko Iratzar Fundazioaren jardunaldiak, zuzenean NAIZen

Iratzar Fundazioak, Transform Europe sareak eta EHUko Parte Hartuz erakundeko kideek elkarlanean antolatu dituzte ‘Instituziogintza eraldatuz’ lemapeko jardunaldia, «instituziogintza eraldatzaile bat [ber]pentsatzeko». NAIZek saioa zuzenean jarraitzeko aukera eskaintzen du.

«Instituzionalizazio berri batean pentsa dezakezu? Hau da, burujabetzaren ohiko hiru organoekin batera eta ohiko ordezkapen formuletatik harago, herritarrei Estatuaren politiken gaineko kontrol demokratikoa bermatuko liekeen instituzionalizazio batean pentsa dezakegu?». Galdera horiek erantzuten saiatzeko jardunaldiak antolatu ditu gaur arratsaldean eta bihar egun osoan zehar Iratzar Fundazioak, Transform Europe sarearekin eta EHUren Parte Hartuz erakundearekin elkarleanean.

Hiru paneletan banatu dituzte jardunaldiak. 

Lehen panalean (gaur, 16.30etik aurrera), hainbat lanabes definitzen saiatuko dira, gaiaz erpin ezberdinetatik hausnartzen laguntzeko. Jon Azkunek, EHUko Zientzia Politikoko irakasleak, Poulantzasen pentsamendutik abiatuz, estatuaren irakurketa erlazional bat aurkeztuko du; jarraian, mundu (des)ordenaz mintzatuko da Ane Irazabal nazioarteko berriemailea eta, azkenik, Txex Etxeberrik estatuaren, komunitatearen eta ekonomiaren arteko harremanari buruzko azalpen bat eskainiko du. Jone Etxeberriak egingo ditu moderatzaile lanak.

Ondoren, Andoni Olariaga Saskia Sassenekin solastuko da (19.00etan), globalizazioan kapitalaren, lurraldetasunaren eta herritarren artean josi diren mihiztaketa berriaz.

Ostiralean goizean jada, bigarren panelean, gaur egungo instituzio amaraunetik abiatuta, boterea okupatzeaz jardungo dira, ikuspegi praktiko batetik. Eoin Ó Broin, Ulrik Kohl, Nerea Kortajarena, Karlos Renedo, Pello Otxandiano, Dublin, Kopenhage eta Euskal Herriko aditu eta arituekin hausnartuko dute. Funtsean, instituzioen, komunitatearen eta praktika eraldatzaileen arteko intersekzionalitatea eta uztartzea aztertuko dute. Patri Perales eta Idoia Zengotitabengoa arduratuko dira moderazio lanez.

Arratsaldean, hirugarren panelean, azkenik, ehun sozialaren, espazioa eta ekonomiaren arteko dinamika eta prozesuaz arituko dira. Horretarako, Larraitz Ugarte eta Andoni Egia izango dituzte hizlari, Xabi Seniosianek moderazio lanak egingo dituela.

Jardunaldiak gazteleraz ere jarraitzeko aukera dago, Iratzar Fundazioaren Youtubeko kanalean.