NAIZ

Osasun egoerara moldatutako lehiaketa sistema berezi batekin itzuliko da GRABNI

Asteburu honetan ekingo zaie zesta punta eta erraminta modalitateekin eta kopa eran jokatuko den lehiaketako finalek egoitza desberdinak izango dituzte.

Araba eta Iparraldeko taldeek trinketean 2019an jokatutako partidren irudia. (AEPF)
Araba eta Iparraldeko taldeek trinketean 2019an jokatutako partidren irudia. (AEPF)

Covid-19ak sortutako osasun larrialdiaren ondorioz ezarritako murrizketen ondorioz, lehiaketa egutegian onartutako zenbait txapelketa garaiz kanpo martxan jarri behar izan dira eta hori dela eta, G.R.A.B.N.I 2021 txapelketa ez-ohiko formatu batean jokatuko da. Beste urteetako ligaxka alboratu eta aurtengoa kanporaketa eran lehiatuko da, modalitateka.

Txapelketa asteburu honetan zesta punta eta erraminta espezialitateekin hasiko da eta hurrengo asteetan beste batzuk jarriko dira martxan.

Zesta puntari dagokionez, gazte eta nagusi mailan jokatuko da finalerdi eta final sisteman. Bertan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako federazioek  hartuko dute parte eta finalerdiak, igande honetan, apirilak 25 goizeko 10:00etan hasita, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko dira. Finala aldiz, Gasteizko Olabe pilotalekuan jokatuko da gasteiztarrentzat hain esanguratsua den San Prudentzio egunean, apirilak 28, 18:00etan hasita hain zuzen ere.

Erramintako txapelketa larruzko paletaz eta pala motzaz jokatuko da, nagusien mailan. Kasu honetan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Errioxako federazioek eman dute izena eta horren ondorioz kanporaketa, finalerdi eta final sistema antolatu da. Igande honetan jokatuko da lehen kanporaketa Sopelan eta hurrengo larunbatean maiatzak 1, pilotaleku berean, finalerdiak. Finala Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko da maiatzaren 8an.