NAIZ

Aroa Arrizubieta eta Irati Anda nagusitu dira Oiongo final laurdenean

Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken final laurdenean Aroa Arrizubieta eta Irati Anda bertsolariak nagusitu dira. Oionen jokatutako saio honen ostean, erabakita geratu da zeintzuk izango diren hurrengo fasera pasako diren sei bikoteak.

Aroa Arrizubieta eta Irati Anda, Oiongo saioko garaileak. (BERTSOZALE)
Aroa Arrizubieta eta Irati Anda, Oiongo saioko garaileak. (BERTSOZALE)

Aroa Arrizubieta eta Irati Anda nagusitu dira larunbat honetan Oiongo zinema aretoan jokatu den Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako hirugarren final laurdenean, 467, 5 punturekin. Atzetik izan dituzte Oihane Perea eta Manu Bendalak osatutako bikotea (459 punturekin) eta Rikardo Gonzalez de Durana eta Ander Aranburuk osatutakoa (442 punturekin). Arantxa Sobrino Lasa aritu da gai jartzaile lanetan.

Oionen jokatutako saio honen ostean erabakita geratu dira hurrengo fasera, finalerdietara, pasako diren sei bikoteak zeintzuk izango diren. Maitzaren 8an Amurrion jokatuko den lehen finalerdietako saioan hiru bikote ariko dira bertsotan: Oionen garaile suertatu diren Irati Anda eta Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre eta Unai Andak osatutako bikotea eta Manuel Bendala eta Oihane Pereak osatutakoa. Saioa Herriko Antzokian izango da, 17.30ean hasita.

Bigarren eta azken finalerdia Gasteizek hartuko du maiatzaren 9an, eta beste hiru bikote ariko dira kantuan: Martin Abarrategi eta Manex Agirre, Peru Abarrategi eta Beñat Garaio, eta Xabi Igoa eta Felipe Zelaieta. Saioa Felix Petite antzokian (Ibaiondo Gizarte Etxea) abiatuko da, 17.30ean. Finaledietan 14 bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte.

Finalerdietan puntu gehien biltzen dituzten bikoteak iritsiko dira maiatzaren 22an Legutioko kiroldegian jokatuko den finalera.