Ibai Azparren

DNA nuklearra, eboluzioa ikertzeko giltza

Estatuen Galeria da Atapuercako Haitzulo Nagusiko galeria ezezagunena. Bertako eta Siberiako bi haitzulotako sedimentuetatik abiatuta neanderthalen DNA nuklearra erauzi dute, giza eboluzioaren azterketan urrats bat eginez.

Neanderthal baten garezurra. (GETTY)
Neanderthal baten garezurra. (GETTY)

«Hunkituta nago etorkizunagatik. Orain giza DNA lor dezakegu, hezurrik eta hortzik gabe ere». Benjamin Vernotek, Alemaniako Antropologiako Max Planck Institutuko genetika ebolutiboko taldekoak, “Sciencek” argitaratutako azterlanari buruz txiokatutako hitzak dira. Aldizkari ospetsu horrek plazaratu zuen Vernot buru den nazioarteko ikerketa talde batek, EHUren partaidetza duenak, Siberiako bi haitzulotako eta Atapuercan dagoen Estatuen Galeriako sedimentuetatik abiatuta neanderthalen DNA nuklearra erauzi duela.

Paleogenetikari esker, bagenekien sapiensak neanderthalekin erlazionatu zirela, eta horiek arrastoa utzi zutela gure genoman –genoma neanderthala dugu gure DNAn, %1 eta %4 artean–. Ikerketa horiek fosiletan oinarritu dira, baina lan nekeza da duela milaka urteko hominidoen hezurrak eta hortzak aurkitzea. «Antzinako DNAren alorrean izugarrizko arazoa, batez ere Paleolito garaietarako, hezur eta hortzen falta da. Indusketa ugari dago eta bertan norbait bizi zela frogatzen duten ebidentzia ugari aurkitzen dugu (tresnak, hondakinak), baina ez dugu giza aztarnarik aurkitzen!», azaldu zuen Vernotek berak Twitterren. Beraz, asko ikas dezakegu hominido horien bizitzaz (zer jan zuten, nondik lortu zituzten tresnak), baina ez nola egokitzen diren panorama genetiko zabalago batean.

Nola konpondu arazo hau? Vernotek azaltzen du indusketetan batere arraroa ez den zerbaitetara pasatu zirela: zikinkeriara! 2017an, Viviane Slon paleogenetistak haitzuloetako sedimentuetatik giza DNA mitokondriala erauz zezaketela frogatu zuen. DNA mitokondriala amarengandik heredatzen da eta herentzia lerro bat baino ez da, aitaren identitatea alde batera utziz. Beraz, argazkiaren erdia eskaintzen du. Arazo honen erantzuna DNA nuklearra zela nabarmendu zuen Vernotek, hau da, amaren eta aitarengandik transmititzen dena eta, beraz, informazio gehiago eskaintzen duena.

Ikerketa honetan, sedimentuetatik giza DNA nuklearra erauzteko metodoak garatu zituzten Siberiako Altai mendietako bi aztarnategitan (Denisova eta Chagyrscaya haitzuloetan), eta aipatutako Estatuen Galerian. Asier Gomez Olivenciak, Arantza Aranbururekin batera EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko ikertzaile gisa ikerketan parte hartu duen paleontologoak, 20 urte daramatza Atapuercan lanean eta latitude epeletan dagoen eskualde bateko sedimentutik DNA erauzteko orduan bertako aztarnategia berezi egiten duten arrazoiak azaldu dizkio GARAri: «Kobazuloaren sarrera sedimentuz bete zen eta kanpoaldetik ez da ikusten. Normalean aztarnategiak kanpotik hasten dira, hominidoak sarrerak erabiltzen zituztelako bizitzeko. Gu barrutik ari gara induskatzen».

Galeria hori kanpoaldearekin lotuta zegoen neanderthalen garaian, baina gero galeriaren ahoa bete egin zen eta barrunbea isolatuta geratu; horrenbestez, homo sapiensak Atapuercara iritsi orduko, ezin izan ziren barrura sartu. 2008tik Estatuen Galerian egiten ari diren indusketetan, neanderthalek kontsumitutako animalien aztarnak eta haiek erabilitako harri tresnak berreskuratu dira, bai eta zalantzarik gabe Neanderthaleko gizaki batena den oineko falange bat ere. «Ez zegoen batere gaizki, baina benetan harrigarria zera da, DNAren kontserbazioa», azpimarratu du Gomezek.

Erabat isolatuta egon denez, Estatuen Galeriako aztarnategiko sedimentuek hezetasun eta tenperatura kondizio konstanteak izan dituzte, eta ez dute agente naturalek eragindako inolako aldaketarik sufritu; ondorioz, aztarnategi aproposa da induskatzeko. «Orain lortu behar dira beste testuinguru batzuk horrelako kontserbazioarekin eta posible bada datazio zaharrekin. Geografikoki urrunago dauden lekuetan baliagarria izango da datu gehiago lortzeko giza populazioen inguruan», azaldu du Gomezek.

Zer esaten du DNAk?

Atapuercan aurkitutako gizabanako zaharrenaren DNA antzinako jatorriko gizonezko neanderthal batena da. Gutxi gorabehera, 110.000 urte ditu, baina haren leinua lehenago sortua zen, duela 130.000 urte inguru. Erradiazio horretarako kalkulatutako data bat dator Pleistozenoko bi glaziazioren arteko azken beroaldiaren hasierarekin. Litekeena da erradiazioak eta klima hobekuntzak zerikusia izatea nolabait; izan ere, ingurumen aldaketa handiek espezie askoren eboluzioari eragiten diote.

Milaka urte geroagoko neanderthal batzuk aurkitu dituzte Estatuen Galerian, genetikoki desberdinak, bigarren erradiazio batekoak. Antzinakoen ondoren etorri ziren neanderthal berri horietatik gutxienez lau emakumezkoren DNA identifikatu dute sekuentzia estratigrafikoan zehar. Neanderthal «modernoenek» 80.000 urte inguru dituzte. «Europan zehar barreiatuta zeuden taldeak, eta distantzia zela eta, edo mikroeboluzioa zela eta, aldaketa genetiko batzuk gertatzen hasi ziren eta, sortzen ziren talde horietatik, batzuk desagertzen ziren. Desagerpenak kointziditzen du klimak hoztera jotzen duen momentu batekin», dio paleontologoak.

Homo neanderthalensisari oso lotuta dago Gomez Olivencia esperientzia profesionala. Neanderthal baten toraxa 3Dn lehen aldiz berreraiki zuen proiektuaren buru izan zen, eta EAEn aurkitutako neanderthalen hondakinen bilaketan ere parte hartu izan du. «Paleontologoen artean, zure espezializazioa animalia talde bat da, adibidez, batzuk hartzetan espezializatzen dira… baina gizakietara heltzen garenean, fosilak gutxi dira eta ahalik eta informazio gehien atera nahi diegu. Beraz, nire kasuan orno eta toraxean espezializatu nintzen».

Paradoxikoa eta aldi berean etsigarria bada ere, neanderthalen leinua Homo sapiensa bera baino hobeto ezagutzen da. «Konparazio hori egin behar dugu neanderthalak desagertu arte [duela 40.000 urte inguru]. Europar leinu bat ziren. Gure espeziearen kasuan, Afrikatik datoz printzipioz eta bertan dauden aztarnategiei buruz ez daukagu hainbeste informazio. Afrika askoz handiago da, eta egin den bilaketa esfortzua, aldiz, txikiagoa».

Lehenengo Neandertala Belgikan topatu zen 1830. urtean Engis kobazuloan. Espeziari izena jarri zion Neanderthal 1, Düsseldorfetik gertu dagoen haran batetik datorrena, 1856an aurkitu zuten, Darwinen "Espezieen jatorriaz" argitaratu baino hiru urte lehenago, nahiz eta, 1848an, beste ale bat aurkitu zuten, baina ulertu gabe, Gibraltarreko leize batean. Ordutik hona, haren portaerari buruzko aurkikuntzek hautsi egin dute hari buruz nagusitzen zen irudia, espezie sinple eta basatia zelako irudia: bazekiten hitz egiten, haitzuloetako pinturek erakusten dute Homo sapiensa baino lehenago izan zirela artistak, ehiztari espezializatuak ziren eta sua kontrolatzen zuten... anatomikoki ezberdinak ziren, baina kulturalki garaiko sapiensen antzekoak. «Tokiko Musteriar aldian, Ekialde hurbileko kobazuloetan neanderthalen eta sapiensen okupazioak gertatu ziren, eta ez badaukazu hominido baten hezurdura edo fosil zehatz bat, ez dakizu zer espezierekin erlazionatuta dagoen kultura hori», azaldu du Gomezek.

Hala ere, bere desagertzearen arrazoia da jakin-min gehien pizten duen galdera, Gomezek «la pregunta del millón» bezala definitzen duena. Ehunka mila urtez, Europako basoak eta mendiak populatu zituzten, baina anatomikoki modernoak ziren lehen sapiensak kontinentean finkatzen hasi eta gutxira desagertu ziren. Haatik, neanderthalen desagerpena Homo sapiensaren inbasioekin lotzea azkarregi joatea da. Klima aldaketa etengabean dagoen planeta batera egokitzeko gabezia, talde txikiak edo endogamia dira beste hipotesi batzuk.

«Homo sapiens»-aren bakardadea

Dena dela, benetan dakiguna da duela 100.000 urte –denbora gutxi eboluzio eskalan–, bost giza espezie bizi zirela Lurrean: Homo sapiens delakoa Afrikan, Homo neanderthalensis Eurasiako mendebaldean, Denisovako gizakia deritzona Eurasiako ekialdeko erdian, Homo erectus txiki batzuk, desagertzearen mugan, eta Flores uhartean aurkitutako Homo floresiensis.

Dibertsitate hau, ordea, ez da arraroa, orain bizi dugun bakartasuna da egungo salbuespena. Gomezek horri buruz idatzi du hainbat artikulutan: «Soilik gaur egungo ahaiderik hurbilenei begiratu behar diegu. Txinpantzeen artean bi espezie daude, gorilen artean ere bai, baita azpiespezieak ere. Dibertsifikazioa beste hainbat espezietan ikusten dugu, Mediterraneoan, adibidez, elefante txikiak egon ziren… gizakia ez zegoen hortik at».

Baina zergatik gaude gu, Homo sapiensak, ez soilik Europa baizik eta mundu osoko lurra okupatzen? Inplizituki pentsatzen da borroka ebolutiboan irabazi genuela, baina genetikak asko esan du horri buruz ere: «Europan, segur aski, lehengo sapiensak hein handi batean desagertu ziren. Baina sapiensen populazioak iraun zuen, olatu ezberdinak sartu zirelako eta ugalketa indize bat zegoelako».