NAIZ

Txikipediarako 266 sarrera berri argitaratu dituzte 18 ikastolatako ikasleek

Wikilariak elkarteak eta Ikastolen elkarteek bultzatuta, Euskal Herri osoko 18 ikastolatako ikasleek euskarazko 266 sarrera argitaratu dituzte Txikipedian. Gehienak emakumeen biografiak dira, bereziki, emakume zientzialarienak.

Haur bat Txikipediako sarrerak ikusten. (Kirikino Ikastola)
Haur bat Txikipediako sarrerak ikusten. (Kirikino Ikastola)

Wikilariak elkarteak eta Ikastolen elkarteek martxan jarritako ‘Nik, zuk, guk... 250 bai?’ egitasmoan parte hartu duten 18 ikastoletako ikasleek 266 sarrera argitaratu dituzte Txikipedian. Sarrera horietatik 150etik gora emakume zientzialarien biografiak dira, baina beste emakume batzuenak ere egin dituzte (artistak, aktoreak, musikariak, legelariak, kirolariak).

Era berean, emakumeei buruzko sarrerak ekoizteaz gain, euskarazko edukiak ugaritzea ere helburuetako bat zenez, irekia utzi zen gaiaren hautaketa, eta horrela, badira baita inguruko leku eta eraikin esanguratsuei buruzko sarrerak nahiz jaiei eta ikastolei buruzkoak ere.

Otsailaren 9an ekin zioten 18 ikastola horietako lehenek Txikipedian sarrera berriak sortzeko prozesuari. Ikastola horietako DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleak aritu dira sarrera berriak idazten.

«Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. Interneten, gainera, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da. Abiapuntu horretatik ekin zioten aipatu 18 ikastola horietako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari», azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileak.

Hauek dira ekimenean parte hartu duten 18 ikastolak: Aita Larramendi (Andoain), Andra Mari (Etxarri Aranatz), Armentia (Gasteiz), Asti Leku (Portugalete), Betiko ikastola (Leioa), Elgoibar ikastola, Ikasberri (Azpeitia), Iñigo Aritza (Altsasu), Kurutziaga (Durango), Laskorain (Tolosa), Lautada (Agurain), Lizarra ikastola, Orereta ikastola (Errenteria), Paz de Ziganda (Atarrabia), Txintxirri (Elorrio), Urretxindorra (Bilbo), Uzturpe (Ibarra) eta Xalbador Kolegioa (Kanbo).

Txikipediak badauzka 3.264 artikulu.