Asier Aiestaran

Baikok aukeratu ditu Buruz Buruko Txapelketa jokatuko duten bere pilotariak

Jakak, Urrutikoetxeak, Agirrek, Bengoetxea VI.ak eta Peña II.ak lekua ziurtaturik dute, eta seigarren txartela Artola eta Arteaga II.aren arteko aurre kanporaketa irabazten duenarentzat izango da. Zalantzan zegoen arren, Oinatz Bengoetxeak txapelketa 17. aldiz jokatzeko aukera izango du.

Oinatz Bengoetxeak bere 17. Buruz Buruko Txapelketa jokatuko du aurten (Aritz LOIOLA / FOKU)
Oinatz Bengoetxeak bere 17. Buruz Buruko Txapelketa jokatuko du aurten (Aritz LOIOLA / FOKU)

Baiko Pilota enpresak gaur eman du ezagutzera datorren Buruz Buruko Txapelketara aurkeztuko dituen pilotarien zerrenda. Bost jada erabakita daude: Erik Jaka, Mikel Urrutikoetxea, Asier Agirre, Oinatz Bengoetxea eta Jon Ander Peña. Seigarrena erabakitzeko kanporaketa bat antolatu du Iñaki Artola eta Axier Arteagaren artean.

Argi geratzen da, beraz, enpresa bakoitzak sei pilotari aurkeztuko dituela txapelketara, eta lehiaketaren egitura iazkoaren berdina izango dela: zortzi pilotari final-zortzirenetan sartuko dira eta lau serie buru final-laurdenetan. Txapelketa trinkoa izango da, motza –iaz Jakak irabazi zuenak 23 egun bakarrik iraun zituen–.

Era berean, bi erabaki deigarriak egiten dira. Alde batetik, Oinatz Bengoetxea txapelketan sartuko dute. Leitzarrak Buruz Burukoan parte hartuko duen 17. aldia izango da, 2004an lehen aldiz jokatu zuenetik denetan parte hartu baitu 2014koan izan ezik. 2008an eta 2017an txapeldun izandako pilotaria Binakakotik kanpo utzi zuen Baikok eta bere parte hartzea zalantzan zegoen Buruz Burukoan.

Bestalde, iaz Promozio mailan txapeldun irten zen Axier Arteagari aurre kanporaketa bat jokatzera behartuko diote aurten. Eta ez da kanporaketa batere erraza izango, Artola bezalako pilotari kontrastatu baten aurka. Iaz Dariok, 2019ko Promozioko txapeldunak, egin zuen lan bikaina ikusita, pena litzateke Arteagak onenen artean bere maila erakusteko aukerarik ez izatea.

Azkenik, argi geratzen da momentuz Laso eta Victor ez direla Baikoren planetan sartzen eta Aspek dituen hautagaiak ikusita ez dirudi urteko txapelketa nagusian lekua izango dutenik.

Tolosa, Galartzaren ordez

Aspek, bere aldetik, jakinarazi du Ladis Galartzak eskuin eskua minduta duela eta larunbatean Labriten jokatuko den Binakako Txapelketako partidan Xabi Tolosa arituko dela bere ordez. Kontuan izan behar da Ezkurdiak eta Galartzak osatutako bikotea aukerarik gabe geratu dela finalean sartzeko eta ligaxkako azken neurketan, Elezkano eta Zabaletaren aurka, ez dutela ezertxo ere izango jokoan. Material aukeraketa asteazkenean egingo dute 11.00etan.

Begirada guztiak, ordea, igandean Bilbon Altuna III-Mariezkurrena eta Peña II-Albisu neurtuko dituen norgehiagoka erabakigarrian ipinita daude, bigarren bikote finalista horko irabazlea izango baita. Maerial hautaketa ostegunean egingo dute 11.00etan.