Realak larunbatean jokatu beharko lukeen partida atzeratu egin da covid-19aren ondorioz

Talde donostiarrean agertutako positiboen ondorioz, entrenamenduak bertan behera utzi zituen klubak astelehenean. Hala, astearte honetan, Espainiako Federakuntzako Lehiaketako epaileak Santa Teresaren aurkako norgehiagoka atzeratzeko baimena eman dio. Data berria bilatu beharko dute bi taldeek. 

Eizagirre eta Rabano daude positiboen artean, jokalariek euren sare sozialen bidez azaldu dutenez. (Gorka Rubio/Foku)
Eizagirre eta Rabano daude positiboen artean, jokalariek euren sare sozialen bidez azaldu dutenez. (Gorka Rubio/Foku)

Realak larunbatean Santa Teresaren aurka jokatu beharreko Ligako 28. jardunaldiko partida atzeratu da talde donostiarrean atzo agertu ziren positiboen ondorioz. Espainiako Federakuntza Lehiaketako epaileak klubaren eskaera onartu du eta beste data bat bilatu beharko dute bi taldeek norgehiagoka jokatzeko.

Komunikatu publiko baten bitartez, Realak astelehenean zabaldu zuen astero egiten dituen probetan «positibo batzuk» agertu zirela lehen taldean. Hori dela eta, entrenamenduak bertan behera uztea erabaki zuen eta lehen eta bigarren taldeetako kideak euren etxeetan isolatu ziren. Realak gaur zehaztu duenez, lau dira kasu positiboak. Euren artean, Nerea Eizagirre eta Nuria Rabano, jokalariek beraiek euren sare sozialetan atzo azaldu zutenez.

Positiboez gain, kontaktu estuak diren taldekideak isolamenduan eman beharko dituzte ere hurrengo egunak eta, horren ondorioz, Realak partidaren atzerapena eskatu du.

Laugarren atzerapena, 37 guztira

Denboraldi honetako laugarren atzerapena izango da zuri-urdinentzat eta lehena izango da taldean bertan agertutako positiboengatik. Lehen jardunaldiko Reala-Rayo Vallecano neurketa madrildarrek denboraldiaurrea berandu hasi zutelako atzeratu zen, hamabosgarreneko Reala-Real Madril, ostera, "Filomena" ekaitzak aurkariaren bidaia oztopatu zuelako eta 18. jardunaldiko Huelvako Sporting-Reala norgehiagoka, talde andaluziarran agertutako positiboengatik.

Lehen mailan, guztira, 37 partida atzeratu dira 28 jardunalditan, %14, alegia. Atzerapen gehienen arrazoia positiboen agerpena izan da baina "Filomena" ekaitzak ere ondorio dezente izan zituen. Gainera, Bartzelonak, aurreko eta datorren asteburuko neurketak atzeratu behar izan ditu, Champions Leagueko finalerdiak lehiatu ahal izateko.

Hain zuzen ere, sailkapeneko liderra izan da atzerapenegatik talderik kaltetuena. Zortzi partida izan dira, guztira, bere datetan jokatu ezin izan dituenak eta, txapelketako egutegirik konzentratuena berarena dela ere kontutan hartuta –Ligaz gain, Superkopa, iazko Kopako finala eta Championseko zazpi norgehiagoka jokatu ditu dagoeneko eta, gutxienez, Kopako bat eta Championseko beste bat jokatu behar ditu oraindik–, ez du erraza izango denboraldia betetzea. Lau berreskuratu ditu momentuz, asteazken honetan 15. jardunaldiko Madril CFF-ren kontrako partida jokatuko du eta oraindik datak bilatu beharko ditu Athleticen kontrako partida biak eta Atleticoren aurkako bat lehiatzeko.