Ramon Sola

Aske geratu da Ander Mujika donostiarra, Parisek Madrilera bidali ostean

Hamahiru urteko espetxealdia beteta, atzo arratsaldean Madrilen aske gelditu zen Ander Mujika Andonegi donostiarra. Bere aurkako bi auzi irekita zeuden Auzitegi Nazionalean baina leporatutako guztia jada Estatu frantsesean zigortua dagoela onartua izan da.

Ander Mujika bere senideekin, aske geratu ondoren.
Ander Mujika bere senideekin, aske geratu ondoren.

Donostiako bidean da jada Ander Mujika Andonegi, aske, Estatu frantsesean hamahiru urteko kartzelaldia agortuta eta Auzitegi Nazionaletik pasa ondoren. Guztira bi hamarkada inguru egin ditu etxetik kanpo. 38 urte ditu orain.

Ander Mujika stelehenean bidali zuen frantziar Estatuak Madrilera, zigorra agortu ostean. Eta atzo asteartean onartu zuen Auzitegi Nazionalak bere kontrako akusazioak jada kondenatuta eta beteta daudela. Ondorioz askatasuna berreskuratu zuen Donostiako Gros auzoko bizilagunak, astearteko 20.00ak aldera.

Bi auzi zeuden mahai gainean, Mujika Estatu espainolean espetxeratua eta berriz epaitua izateko arriskua eragiten zutenak. Bere defentsak NAIZi azaldu dioenez, ETAko kide izatea eta armak eduki eta gorde izana aipatzen ziren bietan, baina hori guztia jada epaitua eta zigortua zuten Pariseko auzitegi bereziek.

Auzi batean espetxeratzearen aurka agertu zen fiskala eta bestean, ordea, kartzelaratzearen alde. Hala ere, Auzitegi Nazionaleko epaileak ez zuen iritzi bera agertu eta aske uztea erabaki zuen.

Soto del Realeko espetxean egon zen Mujika atzo, erabakia noiz emango zain, eta bertatik atera zen aske azkenean. Senideek lagunduta ekin dio etxerako bideari.

Cahorsen atxilotu zuten Ander Mujika 2007. urtean, ETAko kide izateagatik, beste hiru pertsonekin batera, eta geroztik Estatu frantsesean preso egon da. Azken boladan, Mont de Marsanen. Aurretik, Saint Martin de Ré-n; hango bidean istripua izan zuten bere senide batzuek 2017. urtean.

Duela hamar egun elkarretaratzea egin zuten Groseko bizilagunek, Ander Mujikaren aurkako jazarpena salatzeko.