NAIZ

157.900 langabe zeuden urteko lehen hiruhilekoan Euskal Herrian, 9.000 gehiago

Langabeziak gora egin du lehen hiruhilekoan Euskal Herrian, Populazio Aktiboaren Inkestaren datuak oinarri hartuta Gaindegiak jakinarazi duenez. Guztira 157.900 langabe zenbatu dira, aurreko hiruhilekoan baino 9.000 gehiago. Gipuzkoak eta Arabak dituzte daturik okerrenak.

Lanbideren bulego bat Bilboko Errekalde auzoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Lanbideren bulego bat Bilboko Errekalde auzoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euskal Herrian 157.900 pertsona zeuden lanik gabe 2021eko lehen hiruhilekoan, aurrekoan baino 9.000 gehiago. Langabezia tasa zertxobait hazi da, %10,68ra, aurreko hiruhilekoan baino 0,66 gehiago. 

Gaindegiak eman ditu datu horiek, INE Espainiako Estatistika Institutuak 2021eko lehen hiruhilekoari dagozkion Populazio Aktiboaren Inkestaren emaitzak oinarri hartuta. 

Eustat EAEko estatistika institutuaren datuei ere erreparatu die Gaindegiak. Horren abera, langabezia tasa 0,25 puntu apaldu da. Hala ere, INEren paretsu ezartzen du langabezia tasa: %10,74. Iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, bi iturriak bat datoz langabezia tasaren igoerari dagokionez.

Urteko lehen hiruhilekoan langabezia tasak joera desberdinak izan ditu herrialdeen arabera. INEren arabera, Gipuzkoan izan da igoerarik handiena, aurreko hiruhilekoan baino 7.700 langabe gehiago zenbatu baitira, guztira 31.700. Langabezia tasa %9,26koa da, aurreko hiruhilekoan baino 2,24 puntu gehiago.

Araban ere gora egin du kopuruak; 2.200 pertsona gehiago daude lanik gabe, guztira 17.300. Langabezia tasa %11,31koa da. 1,32 puntu hazi da.

Nafarroan eta Bizkaian, ordea, joera alderantzizkoa izan da. Lehenean 35.900 langabe zenbatu dira, aurreko hiruhilekoan baino 800 gutxiago, %11,45eko langabezia tasarekin. 0,2 puntu jaitsi da.

Bizkaian, berriz, 62.200 pertsona daude lanik gabe inkesta horren arabera, 500 gutxiago. Langabezia tasa %12,04koa da, lau herrialdeetako altuena.

Ipar Euskal Herrian, berriz, langabezia tasaren igoera oso apala izan da, 0,04koa. INSEE estatistika institutu frantsesaren datuen arabera.

Gaindegiak adierazi duenez, bai Eustatek bai INEk biztanleria aktiboa gutxitu egin dela nabarmendu dute: 5.200 aktibo gutxiago INEren arabera eta 6.200 aktibo gutxiago Eustaten arabera.

Herrialdeei erreparatuta, biztanleria aktiboaren bolumena gutxitu egin da Bizkaian eta Nafarroan. Gipuzkoan eta Araban ere hala gertatu da Eustaten arabera. Edonola ere, urtebete lehenagoko datuekin alderatuta Euskal Herriko biztanleria aktiboa ez da gutxitu, baina langabetuen bolumenak nabarmen egin du gora.

Azken urteko eboluzioari dagokionez, bai langabetu kopurua zein langabezia tasa hazi egin dira herrialde guztietan. Hala, iazko datuekin alderatuta langabezia nabarmen igo da Araban (+5,72), Nafarroan (+2,90) eta Gipuzkoan (+2,35), INEren datuak aintzat hartuta.