Jon Ormazabal

Oreka-desorekan, detaile txikien baitan egon daiteke finalerako bigarren txartela

Peña-Albisuk material pixka bat gehixeago nahiko balukete ere, kexarik ez da egon igandeko partida erabakigarriarako aukeraketan.

Albisu, Peña, Altuna eta Mariezkurrena gustura azaldu dira saskian aurkitutakoarekin. (Raul BOGAJO/FOKU))
Albisu, Peña, Altuna eta Mariezkurrena gustura azaldu dira saskian aurkitutakoarekin. (Raul BOGAJO/FOKU)

"Oreka Desorekan" deitu zion Hondarribiko Beti Mugan taldeak 93.an kaleratu zuen bere disko luze bakarrari eta izenburua ere ederki egokitzen zaio igande honetan Bilbon Altuna III.a-Mariezkurrena eta Peña II.a-Albisuk jokatu beharreko partidaren atarikoari. Izan ere, 17 asteko lan eskergaren ostean, oreka nabaria da bi bikoteen artean, biak daude finaletik garaipen bakarrera eta elkarren artean aurretik jokatutako bi partidetan ere ezin berdintasun gehiagorik eskatu, lehen itzulian Aspekoak 22-21 nagusitu ziren eta bigarren itzulikoan, berriz, Baikokoak. Bi partidak ere Eibarko Astelenan jokatu ziren.

Batzuen eta besteen ibilbide eta beharretan, ordea, desorekak nabariak dira, batez ere bikote gipuzkoarrak bigarren partida estu hura irabazi eta amezketarra eta berriozartarra play-offeko kanporaketa jokatzera behartu zituztenetik. Bidea erosoagoa izan dute Jon Ander biek, Jokin eta Jon amildegiaren ertzean ibiltzera ohitu diren bitartean.

«Orain arte nahiko partida garrantzitsu jokatu ditugu, play-offean –Jaka-Martijaren aurka– 18-13 galtzen egon ginen eta nik uste dut atsedenaldi horren ostean buelta ematen jakin izan dugula, beste aurpegi bat erakutsi dugu eta bikote bezala gehiago eman dugu», azaldu du bere lehen finalaren atarian dagoen Jon Mariezkurrenak.

Finalerdietako ligaxkan, ordea, bi bikoteek sufritu behar izan dute Jose Javier Zabaletaren agindupean eta biek ere kolpe handia hartu zuten balizko finalean euren aurkariak izango liratekeenekin. «Ligaxka hau ez da erraza izan guretzat ze lehen partidan egurra hartu genuen eta horrek beti ere konfiantza pixka bat kentzen dizu. Baina azken urte hau ere ez da ohiko urtea izan, orain dela sei bat hilabete hasi ginen txapelketekin eta hau hirugarrena dut neronek. Urtean zehar gora-behera batzuk izaten dituzu eta azken partidetan ez naiz hain gustura sentitu, baina ez daukat inolako kezkarik, hau opari handi bat bezala hartu behar dugu», azaldu du Jokin Altunak.

Ideiak garbi

Orain arte, atzelariek erabat baldintzatutako txapelketa izaten ari da Binakako hau eta, alde horretatik, Jon Ander Albisuk azken hilabeteetan izandako erregulartasuna eta jokoan jarriko dituzte Baikokoek, bereziki, euren esperantzak. Ataundarrak argi dauka, «Altuna saihestu eta Mariezkurrena kargatzea» izango dela euren estrategia eta horretarako pilota «gehixeago» topatu nahi zuen saskian, nahiz eta materialean aitzakiarik ez duen inork jarri.

Baina, era berean, txapelketan debutaria den Jon Ander Peñaren lan bikainik gabe, Baikoko gipuzkoarren bikotea ez zen horren urrun iritsiko. «Ausarta izan beharra dago, baina serio jokatu beha dugu hala tokatzen denean, ez dago pilota guztietara sartzerik. Txapelketa guztian erregulartasun bat erakutsi dugu, partida askotan huts gutxi pilatu ditugu eta nik uste hori izango dela igandeko giltzetako bat. Oparirik ez egiteak oraingo honetan gehiago balioko du», azaldu du tolosarrak.