NAIZ

Bideak zabaltzeko deia egiten du aurtengo Araba Euskarazi doinua jarriko dion kantak

‘Zabal bideak’ lelopean Laudio Ikastolak antolatu duen 2021eko Araba Euskaraz ekimeneko kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte.

Laudiok bosgarren aldiz ospatuko duen Araba Euskaraz honetarako ‘Zabal bideak’ leloa aukeratu du herriko ikastolak, bide bat erakusten duen leiho ireki bat duen irudiak lagundutakoa.

«Egun bizi dugun egoeran, asko dira berriz zabaldu beharreko bide eta leihoak; Itxaropenari, ilusioari, parte hartzeari, naturari, eraldaketari, berdintasunari, euskarari, talde lanari, elkarlanari, laudioarrei, hezkuntza eredu berriari, aniztasunari, jolas libreari, auzolanari… Osasun krisiak itxitako bide horiek guztiak berriz zabaltzeko garaia da. Eta… ba al dago musikaz zabaltzeko baino modu atseginagorik?», aipatu du Jon Bengoetxea Martinez Laudio Ikastolako zuzendariak.

Letra idazten, musika sortzen, estudioan grabatzen, koreografia asmatzen eta abar hilabeteak eman eta gero, ostiral honetan aurkeztu dituzte 2021eko edizio honi erritmoa jarriko dion kanta eta bere bideoklipa.

Ikastolatik azaldu dutenez, lau ikasle ohi batu dira kanta eta bideoa sortzeko: Izar Mendiguren Cosgaya abestiaren egilea eta euskararen eta euskal kulturaren bultzatzaile sutsua; Egoitz Uriarte Arabaizagoitia, letrari musika jartzearen arduraduna, aurreko Araba Euskazetan ere parte hartu izan duena; Txabi Alvarado Bañares, bideogilea, Aiaraldea hedabideko kazetaria eta Ainhize Solaun Mendiguren, dantzaren sortzailea, honezkero eskualdeko koreografa erreferentea, eta hauekin guztiekin elkarlean, Endika Guerrero eta Iskander Vesga saxoan, Garazi Orueta klarinetean, Laura Pelayo zeharkako flautan, Felix Miguel Adrian tronpetan, Flor Inza perkusioan, Daniel Lamperez teklatuan eta Eric Gomez baxuan. Ahotsean ikastolako ikasleekin batera Egoitz, Alaia Mendieta, Xabi Basterra eta Ana Brau aritu dira.

«Ezinbestekoa izan da hauen ekarpena, baita ikastolako hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea ere, beraiek jarritako alerik gabe ezinezkoa litzateke Laudioarrak dantzara batzea eta giroari elkarrekin bidea zabaltzea» eskertuz bukatu du Aiara Murga Egiak, Laudio Ikastolako lehendakariak.