Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

GARA, harrotasuna harrokeriaren antonimo

GARAko lehen orrialde berezia, lapurreta gauzatuko zela berri eman zuena. (Andoni CANELLADA / FOKU)
GARAko lehen orrialde berezia, lapurreta gauzatuko zela berri eman zuena. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Gazi-gozoa. Horrek beharko luke “Egin”-eko zorra kitatu ondorengo egoera definitu lukeen hitza. Baina, egia esan, zaila da egoera hori hitz bakar batekin deskribatzea, hitz zehatz hori aurkitzea. GARAk azken ordainketa egin eta horrekin zorra lurperatu ostean, gure komunitateak sentitu duena definitzea are zailagoa da oraindik, gauza asko sentiarazi baititu prozesu luze eta malkartsu honek, 1998an Espainiako Estatuak (ez zen Garzon izan, edo hobeto esanda, ez zen soilik Garzon izan) “Egin” itxi zuenetik, eta 2003an, GARAri ere heriotza zigorra ezartzeko gogo biziz, Gizarte Segurantzarekin lehenengoak zuen zorra bigarrenari leporatu ziotenean, bidegabe hori ere. Hogeita hiru urte beteko dira uda honetan, uztailean, lehen gertaeratik, “Egin”-eko egoitzak poliziaz josi zituztenetik; hemezortzi igaro bigarrenetik, GARAri bizkar gainean sekulako zama jarri ziotenetik; ekonomikoki edozein garapen zaildu duen zama, hain zuzen ere.

Berez, izan ere, ez da festarako motibo Estatuari hainbeste diru ordaindu izana, ezta hurrik eman ere. Berriro ere baliabide handiak kendu dizkigute. Hor ez, hor ez dago zalantza izpirik ere hautatu beharreko hitzarekin: espoliazioa. Espainiak Euskal Herriari egiten dion enegarren espoliazioa. Lapurreta, hala nahi bada.

Harrotasuna izango da, bada, bizi dugun egoera adierazteko hitza. Harrotasuna, harrokeriaren antonimo. Ez soilik zorra kitatzea eta GARA egunkariaren itxiera ekiditea lortu delako, proiektua orokorki garatzea lortu dugulako baizik, nahiz eta, esan bezala, aipatutako zama horrek eragozpen handiak ekarri dituen urte hauetan guztietan. Alabaina, hor ditugu, urrutira gabe, NAIZ berritu bat eta NAIZ Irratia.

Erronka nagusia ez baitzen zorra lurperatzea, egoera hori amaitzea benetako desafioari aurre egiteko bete beharreko baldintza bazen ere. Horregatik ez dugu soilik atzera begiratu; erresistentzia ikuspuntu batetik hiru milioi euro horien ordainketan arreta osoa jartzea saihestu beharra zegoen. Begirada etorkizunean jarri nahi izan dugu, herri honek behar dituen hedabideak garatzeko ikuspuntuarekin.

Apustua ez zen ordainketan odolustea. Eta ez da sekula izan berriro ere zerotik hastea. “Egin” eta “Egunkaria”-ren itxieren ondotik hori jarri genion betebehar gure buruari. Nahikoa oinarri jarri behar genuen berriro ere hutsetik hasi behar ez izateko.

Eta maila batean lortu dugu. Nahiz eta akigarria izan zitekeen, ez da indarrik falta izan. Badago oraindik ere. Halere, aurreikusi gabeko beste faktore bat gurutzatu da orain tartean. Pandemia oso urte txarra ekartzen ari da gurean ere, hainbat diru iturri gutxitu baititu. Aspalditik da krisian sektorea, hedabide tradizionaletatik eredu digitalerako bidean diru sarrerekin eta negozio ereduarekin ezin asmatu ibili dena. Guk egin dugu trantsizio digital hori eta negozio eredu berri batean urratsak egin ditugu, baina pandemiak eragindako krisiak arrisku berriak ekarri dizkigu orain.

Zorra kitatzea egoera oso berezian egin da, beraz, eta horrek arduratsu izan behar dugula adierazten digu. Aurrera begiratzeko konpromisoak berretsi behar dira. Guk, eske hasi aurretik, proiektu komunikatibo oso bat garatzearen konpromisoa baietsi dugu; funtzio sozial eta politiko bat betetzeko informazioaren eta iritziaren bidez, herri eta gizarte libreago eta hobeago baten alde. Zertarako, bestela? •