naiz

Indarrez atera da Lorentxa Beyrie kartzelatik eta bero jaso du herriak

Ostiralean iritsi zen Lorentxa Beyrie preso ohia Kanbora, eta gaur ekitaldi batekin eman diote ongi-etorria herritarrek, 20 urte preso igaro ostean. Urte horietan guztietan jaso duen elkartasunaren adierazgarri izan da Kanbon egindako ekitaldia.

Lorentxa Beyrie, 20 urtez kartzelara bisita egin dioten lagunekin dantzan. (Bob EDME)
Lorentxa Beyrie, 20 urtez kartzelara bisita egin dioten lagunekin dantzan. (Bob EDME)

Herriaren lehen harrera ostiralean jaso zuen Lorentxa Beyriek, hileko azken ostirala izaki, Baiona eta Kanbo arteko biribilgune guztietan jendea baitzeukan zain, hogei urteko kartzelaldiaren ondotik ongi-etorria emateko. Larunbat honetan, ordea, Beyrieren aldeko ekitaldi ofiziala izan zen Kanboko Baratze Publikoan, Suprefeturaren eta Herriko Etxearen baimenarekin, gainera.

Joaldunen eta Kanboko erraldoiekin batera hurbildu dira herritarrak lorategira, ongi-etorria emateko zintzilikatutako pankartak atontzen zuten ibilbidetik, eta Baratze Publikoko estalkian elkartu dira denak, ehunka pertsona belaunaldi guztietakoak. Aurpegi ezagunak «leku guztietan», geroago Beyriek esan duen bezala, baina ezezagunak ere bai. Guztien artean egin diote harrera herrikoia Roanneko espetxetik itzuli berri den kanboarrari.

Beroa eta hunkigarria izan da ekitaldia. Txalaparta soinuekin eta txalo zaparrada batekin hasi da ekitaldia, eta bere argazkia hartu dio Beyriek bizkarrean zintzilik zeraman erraldoiari. Lagun eta gertukoen hitzak jaso ditu. Gaztetako lagun batek, kasurako, oroitarazi du nola Lorentxak eta biek haien bidea hasi zuten GALen eta Seaskaren denboran, eta nola mantendu duten harremana, 2001ean Beyrie atxilo hartu ondotik ere.

Bestalde, presoen sostengu komiteko kide batek elkartasunaren garrantzia azpimarratu du, eta horren erakusgarri izan da, 20 urtez Beyrie kartzelan bisitatu duten lagunek egindako dantza. Eskutik helduta inguratu dute preso ohia, besarkada erraldoi batean bilduz bezala, harik eta Beyrie dantzara batu den arte.

Amaiak, Lorentxa Beyrien ahizpak, eskertu egin du sostengu komitearen lana, baina gogorarazi du oraindik ere 200dik gora euskal preso daudela gatibu.

Aurrerantzean, kantutik, dantzatik eta festatik segitu du ekitaldiak. Aire ahizpak eszenatokira igo dira ‘Denak ala inor ez kantatzera’. Niko Etxart musikari ezagunak ere hartu du parte, eta aurresku herrikoiak eman dio bide Lorentxa Beyrieri, ekitaldia amaitu baino lehen.

Labur hitz egin du preso ohiak eta, ezer baino lehen, ekitaldira agertu diren «den-denei» eskerrak eman die sostenguarekin. «Borrokan segituko dut zuekin. Indarrez betea atera naiz, indartuta zuekin borrokatzeko», agertu du kanboarrak.