Andoni ARABAOLAZA

Europako azken zamaketariak Tatra mendietan ote daude?

Eslovakiako mendilerroan zama-eramaileek aterpetxeak hornitzen dituzte oraindik ere. 100 kiloko zamak garraiatzen dituzte.

Zama-eramaileek batez ere Himalaian eta Karakorumen izaten dute oihartzun zabala. Oro har, lanok herrialde txiroetako mendietan ikusten ditugu, baina, oso bitxia bada ere, bada herrialde garatuetako txoko bat baino gehiago zamaketariek protagonismoa izaten jarraitzen dutena.

Eslovakiako Tatra mendietan, adibidez, oraindik aterpetxeak hornitzen dituzten zama-eramaileak ikus daitezke. “Europako azken xerpak” edo “azken mohikanoak” deitzen diete. Langile bereziak mundu aurreratu batean. Helikopteroak edo beste garraio sistemak saihesten dituzte, eta, kasu batzuetan, 100 kiloko zamak bizkarreratzen dituzte. Ibilbideak, gainera, ez dira batere erosoak. Leku arriskutsuetan jarduten dute. Eta, negu gordinean, eskiak, kranpoiak eta kateak bidelagun dituzte.

Tatrak mendilerroan horsky serpa (“mendiko xerpak”) edo horsky nosi (“mendiko garraiolariak”) izena hartu dute. Arestian aipatu dugunez, langileok aterpetxeak edo mendiko etxolak hornitzen dituzte. Eta horietako batzuk 2.250 metroko garaieran daude. Zamaketariok tresneria guztia bizkarrean eramaten dute. Eta, orekari eusteko, pisu handiko uhal batzuk (zortzi kilo) erabiltzen dituzte.

Tresneriari dagokionez, edozein aterpetxek behar duena garraiatzen dute: elikagaiak, edariak, sutarako egurra, erregaiak, gasa eta mantak. Irudietan ikusten den bezala eta harrigarria bada ere, zamaketari batek 100 kilo eraman ditzake bizkarrean. Mendiko langileok ez diote urtaroari begiratzen. Muturreko eguraldiarekin ere jardun dezakete. Udaran bero handia jasan dezakete; neguan, berriz, hotz izugarria (zero azpitik 20 gradu) eta ekaitzak. Jakina, elurrak eta izotzak mendiak estaltzen dituzte.

Protagoniston adinak ere ez du mugarik. Peter Petrasek, adibidez, 75 urte ditu: «Ni zaharrenetarikoa naiz. Gazteenak 17 urte izango ditu, eta, zaharrenak, 79. Lan honetan urte asko daramatzat, eta oraindik astean hirutan aterpetxe batera tresneria eramaten dut. Turista askok esaten digute erotuta gaudela, besteak beste, egungo aurrerapenak saihesten ditugulako. Bitxiak omen gara, baina ez dute ulertzen lan hau zergatik egiten dugun. Diruak niretzat ez du garrantzirik. Mendia asko maite dut, eta horregatik naiz horsky serpa. Ez da lanbide bat, bizimodu bat baizik. Benetako zamaketari batentzat mendiak du lehentasuna, ez diruak».

Tatra mendietan makina bat aterpetxe eta txabola daude. Eta bakoitzak zaindari bat eta hainbat zama-eramaile ditu. Aterpetxeetako ohiko lanetan jarduten dute, eta maiz aritzen dira turistak informatzen ere. Petrasek azaldu duenez, 60 zama-eramailek egiten dute lan udaran, eta, neguan, kopurua erdira jaisten da: «Batzuek lanaldi osoa dute; beste batzuk, aldiz, ikasleak dira eta soilik udako sasoian aritzen dira lanean. Nire kasuan aitortu behar dut lan honek oso-oso gaztetik inspiratu ninduela. Nire anaia zaharrenek, Jozok eta Ivanek, lanbide bera zuten. Jozo bere garaiko zamaketari indartsuenetarikoa zen. Behin zur eta lur utzi ninduen: 137 kiloko labe bat eraman zuen bizkarrean 1.960 metrora dagoen Zbojnicka izeneko txabolara. Ikasketak utzi eta nire anaien lekukoa hartu nuen. Tartean, soldadutzara joan nintzen eta, ondoren, Bratislavako Unibertsitatean filosofian doktoretza egin nuen».

Bizimodua

Goi mailako ikasketak egin bazituen ere, mendira itzuli zen Petras. Tatra mendiak maite ditu, eta bi lanbide uztartu zituen luzaroan. Goizez irakasle lanetan aritzen zen, eta, arratsaldez, berriz, garraio lanetan: «Oreka perfektua zen. Goizeko lana bukatu bezain laster, mendira joaten nintzen. Irakaskuntza alde batera utzi, eta naturan bakar-bakarrik egoten nintzen. Nahiz eta orain dela urte batzuk erretiroa hartu nuen irakasle bezala, zama-eramaile lanak ez ditut utzi. Egun, Rainerovako aterpetxea kudeatzen dut. Mendilerroko zaharrena da, 1863. urtekoa. 1.301 metrora dago, eta uste dut oraindik sasoiko nagoela, 60 eta 70 kilo arteko zamak garraiatzen baititut».

Alpeetan ez bezala, Tatra mendilerroan teleferikoak eta errepideak ez dira ohikoak. Era horretako garapenak eragin askoz txikiagoa izan du bertan, besteak beste, naturgune babestuta delako. Horregatik ez dira zamaketariak desagertu.

Petrasek aitortu du lanbide benetan gogorra dela eta une oso arriskutsuak bizitzen dituztela: «Duela urte batzuk, elurrolde batek langile bat hil zuen. Beste bi, aldiz, eguraldi txarraren eraginez zendu ziren. Horietako bat, gaienera, izoztuta. Asko gustatzen zaigu gure lana, eta, beraz, lanbide erromantikoa izan daiteke, baina, era berean, ezin da ezkutatu oso arriskutsua dela. Esperientzia benetan latzak bizitzen dituzu: muturreko hotza, bakardadea, beldurra... Horretarako ondo prestatzen gara. Sasoiko egotea ezinbestekoa da, eta batez ere erresistentzia lantzen dugu. Horrez gain, borondate sendoa, oreka, apaltasuna, fedea... izatea ere beharrezkoa da. Eta, jakina, mendia ondo baino hobeto ezagutu behar duzu».

Bizi izan dituen une gogorrak errepasatzerakoan, 75 urteko horsky serpa indartsuak aspaldiko negu batean bizi izan zuen egoera larria gogoratu digu: «Egundoko ekaitz batek harrapatu ninduen. Zama astuna neraman, eta erabat bustita geratu nintzen. Txabolara iritsi nintzenean, izoztuta nengoen. Ez zen muturreko hotza egin zuelako, baizik eta bat-batean klima arras aldatu zelako. Sukaldean sartu eta te beroa buruan isuri nuen. Atzamarrak ere izoztuta nituenez, ur beroan sartu nituen. Egoera batzuk azaldu daitezke, baina sentimendu asko zailak dira deskribatzen».

Azkenik, Petrasek adierazi du Tatra mendiak oraindik oasi bat direla: «Oso babestuta daudenez, ibilgailu motordunak debekatuta daude. Inguru oso basatia da. Animaliak nonahi ikus daitezke: artzak, katamotzak, otsoak, azeriak... Askatasun kutsua erabatekoa da. Ni, gainera, naturarekin erabat maiteminduta nago. Osasuna ere eskaintzen dit. Primeran sentitzen naiz: azken 20 urteotan ez dut sendagilea inoiz bisitatu».