NAIZ
BILBO

Abesbatzek kantatu nahi dutela aldarrikatzeko kalera atera dira

Euskal Herriko Abesbatza federatuak kalera atera dira eguerdian ‘Kantuz bai, ixilik ez’ lelopean. Bilbon, Gasteizen, Donostian eta beste hainbat herrietan. Lakuari mezu hau helarazi nahi izan diote: «Kantatzea segurua da pandemiaren aurrean ezarritako segurtasun neurriak errespetatzen badira».

Joan den azaroaz geroztik, Lakuak hartutako osasun-neurriak direla medio, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako abesbatza gehienek debekatuta dute entseatzeko biltzea. Abesbatza profesional edo ‘elitekoak’ ez direnek debekatuta dituzte entseguak eta kontzertuak, eta horrek arriskuan jartzen du hainbat taldeen etorkizuna.

Gehienak duela urte geldirik daude, nahiz eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak aipatzen duen protokolo zabal eta zehatz bat idatzi duela Lan Osasun Sailarekin elkarlanean. Beste arlo batzuetan legez, eta bitxia dirudien arren, salbuespenak daude. Esaterako, Orfeoi Donostiarrak bere jarduerarekin jarraitzeko baimena duelako.

Hilabete gehiegi dira entseatu ezinik, eta apirilaren 16an, Ahotsaren Nazioarteko Eguna ospatu zenean, abesbatzek ekimenak egiten hasteko hautua hartu zuten. ‘Kantuz bai, ixilik ez’ lelopean, egoera salatzeko kanpaina bat jarri dute abian talde eta federazio ezberdinen partaideak  «kantatzea segurua dela» aldarrikatzeko.

Elkartaratzeak

Lehen ekimena gaur igandean egin da. Eguerdiko 12:00etan, aldi berean bildu baitira Donostiako Zuloaga plazan, Bilboko Arriaga plazan eta Ama Zuriaren plazan Gasteizen.

Itxiera perimetralak beharturik, beste herrialde batzuetan kalera atera dira ordu berean  jarduera egin ahal izatea aldarrikatzeko. Deialdi anitzak ziren, esaterako Laudion (Santa Lucia, Andere Abesbatza eta Bihotsak elkarteak deiturik), Durangon (Durangoko Orfeoiak Durangaldeko abesbatzei luzatu zien deialdia , 13.30tan), Markina-Xemeinen edo Arrasaten (hau Seber Altuben 13:00etan, Txorbelak, Goikobaluk, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak eta Portaloik, besteak beste deituta)

Bertan Euskal Herrian Federatutako Abesbatzek kaleratutako manifestua irakurri da. «Abestu nahi eta behar dugu» aipatzen da bertan, gehienak 2020ko azaroa geroztik ezin elkarturik daudelako.

Ateak itxita

«Gure koruetako askok ez dute abesten jarraituko dagoeneko beraien ateak betiko itxi dituztelako», aipatu da manifestuan. Abesbatzen zuzendariek, gainera, lanik gabe daude.

Euskal Herriko abesbatzek, komunikabideongan «jarduera koralaren aurkako demonizazio kanpaina» salatzeaz gain, egungo egoeran, eta segurtasunez abestu ahal izateko, beste kultur jardueretan bezala, protokoloak martxan jarri daitezkeela aipatu dute.

Kultura edo kirol jarduera federatuak dagoeneko baimenduta badaude, galdera hau luzatzen dute: «¿Zergatik ez federatutako abesbatzena?».

Lakuak onartutako protokolo guztiak errespetatuko dituztela aipatzeaz aparte, entsegu guneak araudi berriari egokitzeko zuzeneko laguntzak eskatu dituzte.