Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Inkestak: zenbaki deigarrien atzea estrategiak markatzen dituztenean

Estatu-politikari handiaren irudia indartu du Sturgeonek kanpainan. (Andy BUCHANAN / AFP)
Estatu-politikari handiaren irudia indartu du Sturgeonek kanpainan. (Andy BUCHANAN / AFP)

Zenbatetan entzun eta esan dugu «inkestak baino ez dira» esaldia? Edozein hauteskunderen atarian egunero ateratzen dira eta zenbakiei so egiten diegu: zenbat eserleku irabaziko dituen honek, zenbat galduko dituen besteak edo zein elkarte eman daitezkeen.

Eta egia da. Hipotesiak eta sukaldatutako datuak izan ohi dira, hauteskunde eguneko emaitzaren zain.

Baina emaitzak aipatutako zenbaki horiek baino gehiago baldintzatzen dituen datuak gorde ohi dituzte. Martxoaren azken astean abiatu zen Eskoziako hauteskundeetako kanpaina eta egun batzuk lehenago YouGovek kaleratu zuen galdeketa hauetako bat. SNPri gehiengoa emateaz gain, gai ugari jorratzen zituen: Eskoziarren ia %80a zegoen bigarren erreferendum baten alde eta Brexita eta koronabirusa ziren kezkarik nagusiena. Orokorrean bi hauek ekonomiari nola eragingo dioten dira irlako iparraldean buruhauste gehien sortzen dutena.

Eta laster ezagutu genuen Eskoziako Alderdi Nazionalaren programa: bi gaitz eta sendagai bat lerroburutzat. Brexitak eta koronabirusak gogor kolpatu dute Eskozia eta hortik ahal bezain indartsu irteteko, independentzia. Eskoziarren %62ak bozkatu zuen Brexitaren aurka eta Erresuma Batuan orokorra da Nicola Sturgeonek pandemia Boris Johnsonek baino hobe kudeatu duenaren ideia, SNPko burua irletako politikari estimatuena izateraino.

Alde batetik, Brexita iraultzeko estatu independentea izan eta berriz Europar Batasunean sartzea proposatu du SNPk. Eta koronabirusak sortutako krisi sozio-ekonomikotik irteteko eskuak lotuak dituela azpimarratu du behin eta berriro. Eskuak askatzeko, independentzia.

Baina bazegoen inkesta horretan, lehen begiratuan, ikusten ez zen datu bat. Erresuma Batuko populazioaren %75a lau eguneko lan-astearen alde agertu zen. Eta Sturgeonek erronka mahai gainean jarri du. Lau milioi libera gastatuta esperimentu pilotu bat jarri nahi du martxan sektore publikoan, hau ere koronabirusarekin lotuz, pandemiak «gauetik goizera lan egiteko modua» aldatu duela nabarmenduz eta «pertsonei lanaren eta bizitzaren arteko oreka osasungarria» lortzea ezinbestekoa dela erakutsi duela defendatuta. 10 milioi libera ere jarriko ditu enpresek froga egin dezaten. Hori bai, erabateko aldaketa gauzatzeko independentzia beharrezkoa da. Izan ere, Eskoziak ez ditu lan eremuaren inguruko eskumen guztiak.

Maiatzaren 7ko goizaldean ikusiko da benetako inkestaren emaitza, baina argi dago gaur arte kaleratutakoek ere baldintzatuko dutela Eskoziaren eta eskoziarren etorkizuna, Erresuma Batuaren barruan edo banatuta.