NAIZ

Kultura digitala izango du oinarri Durangoko Azokaren 4. Sormen Bekak

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak laugarren urtez abian jarriko dute Durangoko Azokan emango duten Sormen Beka. Edizio honetan, kultura digitaleko proiektu bat sarituko dute.

Sormen Bekaren 4. edizioaren aurkezpena. (Raul BOGAJO | FOKU)
Sormen Bekaren 4. edizioaren aurkezpena. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea irekitzea da Durangoko Udalak eta Gerediaga Elkarteak elkarlanean sortu zuten Sormen Bekaren helburua. Laugarren urtez, sari honek proiektu bat garatzen lagunduko du eta, aurtengoan, kultura digitalean jarriko dute begia. Aurreko hiru edizioetan, literatura, musika eta ikus-entzunezkoak oinarri dituzten proiektuak saritu dira.

2021. urtean, Sormen Beka praktika edota espresio artistiko batean oinarritutako lan digital batek jasoko du. Proiektuak digitala izan behar badu ere, antolakuntzatik digitala eta fisikotasuna uztartzen dituzten proiektuak ere onartuko dituztela zehaztu dute. Epaimahaiak proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa baloratuko dituzte. Sorkuntza lana bera eta emaitza nola plazaratuko den jaso beharko dira proposamenean.

Sormen Beka sortzaile berriei zuzenduta dago. Berau jaso ahal izateko 18 urtez gorakoa izan behar da eta lanak banaka zein taldeka aurkeztu daitezke. Garaile suertatzen den proiektuak 15.000 euro jasoko ditu, sorkuntza prozesua osatu eta plazaratzeko laguntza modura.

Saria proiektu bakarrak jasoko du eta lehiaketa bidez aukeratuko da lan irabazlea. Aurreratu dutenez, epaimahaiak lauzpabost lan hautatu eta horiek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lan irabazlearen berri 56. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan egingo da. Irabazlek urtebeteko epea izango du lana burutu eta 2022ko Durangoko Azokan (57.DA) aurkezteko.

Proiektuak aurkezteko epea irailaren 21era bitartekoa da, eta lanak posta elektronikoz bidali behar dira, gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Informazio gehiago eta formularioak, Durangoko Azokaren webgunean.