Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Jon Ander Peña
Binakako finalista

«Nerbioko lesio horrekin medikuek esan zidaten besoa agian ez zela bere onera itzuliko»

Gutxi dira, tolosarra bezala, bere lehen parte hartzean Binakako finalera heldu diren pilotariak. Horrretarako Albisurik onenaren laguntza izan du, baina berak ere gauza onak eman dituela aldarrikatzen du. Bera txapelketan sartu izanak kritikak sortu zituen, baina tokirik baduela erakutsi du.

Jon Ander Peña, bere lehen finalaren atarian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Jon Ander Peña, bere lehen finalaren atarian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Lehen Binakakoan ez dakit gehiago eskatzerik ba ote den...
Ez dago ez, bueno, igandean 22ra heltzea eskatu genezake baina… horretarako entrenatuko gara baina jakinda zaila dagoela.

Orain dela bost hilabete esan balizute finalean egongo zinela?
Ez nukeen sinistuko, azken finean txapelketa honetan bikote oso indartsuak zeuden, asko jokatzen duen jendea zegoen eta bueno, guk eman dugun erregulartasuna eta maila ez genuen hainbesterainokoa izatea espero eta oso pozik gaude alde horretatik.

Erregulartasuna zen zuen zalantza nagusia eta partida txar bakarra edo egingo zenuten.
Halaxe da, azkenean lau hilabeteko txapelketa batean momentu onak eta txarrak daude baina guk, esan duzun bezala, pare bat partida kenduta, ia denak onak egin ditugu eta oso pozik gaude erakutsitako erregulartasunarekin. Honaino heldu bagara gauzak oso ondo egin ditugulako izan da.

Behetik gora eginda gainera.
Bai, aurreneko itzulia nik uste txarra ez zela izan, kontrakoa, ona, baina bigarrena ikaragarria izan zen, oker ez banago, zazpitik sei irabazi genituen eta hori izugarria da.

Oso ondo moldatzen zarete biok, ez dakit ezagutza den, izaera, baina bada zerbait…
Nik uste hasieratik elkarrekiko konfiantzarekin aritu garela, bakoitzak astean zehar ondo prestatzen dugu bakoitzaren lana zein den, nondik joan daitekeen partida, bat momentu txar batetik pasatzen ari denean besteak laguntzen dio eta nik uste kantxan oso erlazio ona izan dugula. Ondo ulertu dugu elkar partida guztietan eta alde horretatik nik uste asmatu dugula.

Izaeraz ere bateragarriak zaretela ematen du: bera lotsatiagoa, zu ausartagoa...
Bai, denok dakigu Albisu ze atzelari den, argi dago berak eman didana ikaragarria izan dela, baina nik uste nik berari ere gauza onak eman dizkiodala. Esan bezala, jokoa bikotean egin behar da eta elkarrekiko konfiantza, biok kantxan elkarrekin aritze hori oso garrantzitsua da.

Ibilbide desberdinak izan dituzue, berari kosta zaio finalak jokatzea eta zu lehenengoan sartu zara.
Egia da berak urte asko egin behar izan dituela onak bi final jokatzeko, nik beraren txapelketa eder batekin egin dut topo, nire maila ere oso txukuna izan da eta oso pozik gaude lortutakoarekin.

Albisurik onenarekin egin duzu topo?
Bai, egia esan bai, ikaragarrizko txapelketa egin du baina lehen esan dudan bezala, hemen bion artean jokatzen dugu pilotan, berak agintzen du normalean baina ni ere hemen nago eta elkarrekin jokatu behar da, bakoitzaren dohainak hobetu eta bion artean ahulguneak konpondu.

Zu ere sufritutakoa zara, ez duzu bide errazik izan.
Ez, inondik inora. Debutatu nuenetik lesio gogorrak izan ditut, batez ere besoko nerbioko lesio hori niretzat mentalki oso gogorra izan zen, medikuek esan zidaten agian besoa ez zela bere onera itzuliko eta hori oso gogorra da. Nik uste asko heltzen zarela horrelako pasadizo batekin eta hortik aurrera nabaritu dut mentalki aurrera pauso bat eman dudala.

Promozio mailan ere zaildutakoa zara, zure unearen zain egoten jakin duzu.
Bigarren mailan nik uste maila txukuna eman dudala, debutatu nuenetik final batzuk jokatu ditut, baina nik esaten dudana da oso pilotari gutxi daudela debutatu eta segituan goreneko mailan egoten direnak. Lan asko egin behar da heltzeko, ni pixkanaka goraka joan naizen pilotari bat naiz, lan asko egin dut eta horrela segitzea pentsatzen dut, inongo momentuan ez naiz konformatzen hona heldu izanarekin, nik nire buruari ikusten dizkiot hobetu beharreko gauzak eta horretan segituko dugu lanean.

Ze gauza lirateke horiek?
Azken batean defentsan, nik uste, aurrera pauso bat eman dudala baina oraindik asko daukadala hobetzeko. Gero, gutxi erregalatzeko garaian ere hobetu dut baina baita ere segi behar dut lanean eta taktikoki ere, partidak hobeto irakurtzen, mentalki gogorragoa izaten ikasi behar dut. Hori esperientziak ematen dizu eta lanak ere bai.

Igandeko finala amaituta asko hunkitu zinen.
Bai, bueno, aurreneko aldiz halako zita batera heltzeak asko esan nahi du edozein kirolarirentzat, txikitatik ikusten den eta amesten den zerbait da, oso polita.

Albisutaz gogoratu zinen berehala, finala zuk baino gehiago merezi duela esan zenuen.
Bai, hala da, oso pilotari maitea da, inoiz aurpegi txarrik jartzen ez duena, oso saiatua entrenatzen eta urte askotan maila gorenean egon dena eta fruiturik jaso ez eduena. Nik uste asko merezi duela final batera heltzea eta ahal dugun guztia emango dugu 22ra heltzeko.

Greban eman zuen adibidea ere handia izan zen.
Bai, halaxe da, enpresako izen handietako bat izanda, garai txar horietan aurpegia eman zuen bezala emateak pertsona bezala asko esan nahi du eta alde horretatik dena merezi du, sufritu egin du asko garai gogor hauetan eta ea etortzen zaion fruitua.

Erreferente da gazteen artean?
Bai argi dago, azken urtean egoera oso zaila izan du enpresan, gazteagoak ginenak ez genuen ezagutzen zer egin eta beterano batzuk erakutsi digute bidea zein den. Zerbait nahi badugu nola egin behar zaion aurre, eta Albisu izan da horietako bat. Esan bezala, aurpegia eman, gu denoi erakutsi digu jarrera egokia zein den eta horrek asko esan nahi du.

Galtzeko ere berak zuen gehien...
Izen handi bat izanda, enpresari pixka bat kontra egiteko garaian aurpegia emateak azkenean gero eragina dauka kirol alorrean eta kirol alorretik kanpo ere bai eta honek bazekien non zegoen, non sartzen ari zen eta final bat jokatzeko aukera ere ia galdu zuen.

Berarekin jokatzeak izugarria behar du, baina presioa ere izan liteke hain ondo egonda berekin jokatu beharra...
Egia esan sekulako maila eman du, niri ere konfiantza eman dit, ondo sentiarazi nau nahiz eta gauzak horren ondo ez joan. Berarekin oso gustura jokatu dut eta nik uste berak nirekin ere baietz, eta uste dut elkarri plus bat eman diogula biok.

Kritikatua izan zinela ere aipatu zenuen, zergatik?
Kritikatua ni pertsonalki ez, baina bai izan ziren kritikak ea zergatik geratu ziren Agirre edo Oinatz bezalako izeneko pilotariak kanpoan eta zergatik sartu ninduten ni. Hasiera batean normala zen baina enpresak nigatik apustu egin zuen eta erabat eskertuta nago. Eta erakutsi dut, bai jende horri eta baita nire buruari, nagoen tokian jokatzea daukadala eta hemendik aurrera ere jokatzerik izango dudala.

Beldurrik behintzat ez duzu izan kantxan...
Zalantzekin hasten bazara halako maila duten aurkariekin ez dago ezer egiterik. Erabakitasunez egin behar da egin beharrekoa eta nik uste jarrera aldetik oso ondo aritu naizela txapelketan, gauzak atera edo ez, behintzat jarrera lehiakorra eta ausartarekin.

Nolakoa da zure egunerokoa?
Orain arte goizetan entrenatu izan dut eta arratsaldetan ingeniaritza mekanikoa amaitzen ari naiz. Oraintxe praktiketan ari naiz eta nik uste udan bukatuko dudala eta behintzat aukera bat izan mundu hau bukatzen denerako, hortxe geratuko da.

Pilota horretan aldatzen ari da, gehienok dituzue ikasketak.
Bai, azken batean futbolean hor gora iritsiz gero, ekonomikoki batere arazorik ez dago, baina pilotan ez bazara halako figura bat, oso arraroa da bizitza konponduta izatea pilotan jokatuz. Oso oso ona izan behar duzu eta denok bilatzen dugu segurtasun puntu hori. Nik, nire partetik karrera ateratzea daukat helburu, azken batean pilotako mundua oso polita delako, ni asko betetzen nau baino badakit gero zerbaitetan lana egin beharko dudala eta hori izatea plus bat da.

Beste zaletasunik?
Orain pandemia honekin zaletasun gutxi egin ahal izan ditugu baina mendira joatea asko gustatzen zait, zinera lagunekin edo neskarekin ere bai, arratsalde pasak egitea... Ea hau guztia bukatzen den gauza hauek egin ahal izateko.

Behin helduko finalera eta jenderik gabe...
Jenderik gabe disfrutatu beharko dugu eguna, gero ospakizuna ere justukoa baina helduko da eguna ospatuko duguna, apreziatuko duguna jendea berriro frontoian. Nik uste telebista eta erakunde publikoak laguntza handia ematen ari direla gu gure ametsak betetzeko frontoian eta eskertu behar dugu eta esker onez hartu hor jarraitu ahal izatea.

Frontoi hutsetara ohitu zarete dagoeneko?
Bai, nik uste dagoeneko ohitura hartu dugula, frontoi hutsak ez dauka betearekin inolako konparaziorik, askoz tristeagoa da, baina esan bezala alde onetik begiratu behar diogu, egoera zail batean egonda gure lana egiteko aukera daukagu.

Ditxosozko normaltasun hori etortzen denean egingo duzun lehen gauza?
Ez dakit, oraintxe harrapatu nauzu. Nik uste lagunekin afari eder bat edo arratsalde pasa berezi bat, orain egin ahal ezin dena eta ez daukat ezer buruan baino bai jende gehiago elkartu eta arratsalde pasa eder bat. Azken parranda ahaztua daukat, garai hauetan bestela ere ez genuke askorik egingo baina noizbehinka irteera bat ez dator gaizki. Nik uste niri ez didala asko eragiten  baino bai ikusten dut inguruan gazte jendeak askatasun pixka bat behar duela, oso lotua dagoela bere bizitzarekin eta ea bere onera heltzen den egoera, jendeari aurpegian poztasun pixka bat ikusteagatik.